2011-12-21

Metahausnarketa

Praktikaldia amaitu zenetik hiru aste pasatxo pasa dira eta jada emozioak pixka bat lasaitu direnez, hotzean pentsatu eta praktikaldi guztian zehar idatzitako guztia irakuri ondoren, azken hausnarketa bat egitea pentsatu dut.

Lehenengo egunetako egunkarian idatzitakotik azkenekoetan idatzitakora alde nabarmena ikusi dut, batez ere, nire ziurtasunean. Maitek lehenengo egunetik utzi zidan gelan parte hartzen baina lehenengo egunetan oso urduri joaten nintzen eta ez nekien egoera batzuen aurrean nola jokatu, zer egin, zer ez egin... Pixkanaka, ordea, irakasleak nola jokatzen zuen ikusiz ikasten joan nintzela ohartu naiz eta urduritasuna joan eta nire buruarengan konfiantza handiagoa hartuz joan nintzen. Honi esker ikasi dut hasieran nola jokatu ez nekien egoeretan nola jokatu behar den edo jokatu daitekeen. Hasieran oso zailak iruditzen zitzaizkidan gauzak egiten ikasi dut, gainera, gero eta errazago egin ditut eta honetaz konturatzean satisfazioa handia izan da.

Hasieran, ikasle guztiak berdinak iruditzen zitzaizkidan, ez bainituen ezagutzen eta ez nekien bakoitzarekin nola jokatu, denak berdin tratatzen nituen, modu berean laguntzen nien eta laguntza bera ematen nien, eta beraz, batzuei gehiegi laguntzen nien. Egun batzuk pasa ondoren, ordea, ohartu nintzen denak ez direla berdinak eta ez dutela zailtasun bera gauzak egiterako orduan, beraz, laguntza ere desberdina eman behar zaiela eta horretan saiatu nintzen, laguntza gehien behar zutenei laguntzen eta gutxiago behar zutenei bere neurrian laguntzen, egunkarietan idatzi nuen bezala, Hurbileko Garapen Zonaldean lan egiten.

Ikasleek pixkanaka ematen zituzten aurrerapausoak ikusi ahal izan nituen, harrigarria da hilabete batean ematen dituzten aurrerapausoak ikustea. Adibidez, hartzen zituzten ipuinen izenburuak idazterakoan aurrerapauso handiak ikusi nituen, hasieran batzuei asko kostaten zitzaien hau egitea eta azkeneko egunetan askoz ere azkarrago eta hobeto egin zuten denek; edo eguraldiaren lana egiterakoan, hamarrera iristeko zenbat kanika falta ziren galdetutakoan, normalean Maitek pistak eman behar izaten zizkien (bolatxoak marrazten zituen arbelean), baina azkeneko egunean, arduraduna bere iniziatiba propioz hasi zen arbelean bolatxoak marrazten, Maitek ezer ere esan baino lehen, hau pauso izugarria izan zen. Hilabete horretan eta zati batean behintzat nire laguntzari esker aurrerapausoak ematen zituztela ikusita oso pozik sentitzen nintzen, beraiekin batera ikasten bainuen nik eta nik ere aurrerapausoak ematen nituen beraiek bezalaxe, ikasleek egindakotik ikasten baitugu.

Gainera, ikasle batzuekin pazientzia handia behar dela ikasi dut eta hasieran pazientziarik ez nuela pentsatu arren, pazientzia handia behar den egoeretan konturatu naiz nik uste baino pazintzia handiagoa dudala.

Egunero gertatzen ziren egoerei buruz hausnartzeak asko balio izan dit, orduan konturatzen bainintzen egun bakoitzean ikasitakoaz, askotan gelan ez zara konturatzen, burua mila gauzetan baituzu, baina, gero, etxean lasai-lasai gertatutako guztiaz pentsatzen eta hausnartzen hasitakoan konturatzen nintzen benetan egun bakoitzean getatzen zenaz eta ikasitakoaz. Irakasleak zituen jarrerak hobeto ulertzeko ere balio izan dit honen inguruan gogoeta egiteak. Beraz, hasieran lan astuna iruditu arren, egunerokoari edo egunkariari esker, nire praktikaldiari probetxu gehiago atera diodala iruditzen zait, hausnartzeak asko lagundu didala pentsatzen dut.

Idatzitako egunkariak irakurtzean kontuatu naiz hasieran harritu ninduten gauzak, denbora pasa ahala eta gehiago hausnartu ondoren, normalak direla iruditzen zaidala. Adibidez, ingeleseko irakasleak ikasle nahiz irakasle guztiei ingelesez bakarrik hitz egiteak harritu egin ninduen, baina normala dela konturatu naiz, bestela ikasleak gutxiago saiatuko bailirateke ingelesez hitz egiten, baina horrela, ez diela ulertzen pentsatuz, gehiago saiatuko dira. Ordenagailuaren saguaren erabilerarekin ere harritu egin nintzen hasieran, baina geroago lortu beharreko helburu bat zela jakin nuen eta beraz, ez zela hain harritzekoa. Garaiak asko aldatu direla konturatu naiz, nik adin horretan ez bainuen ordenagailua erabiltzeko ideiarik ere, baina gaur egun beharrezkoa eta normala da adin honekin ordenagailuak erabiltzen jakitea.

Hala ere, gauza batzuk amaieran ere harritu ninduten, adibidez, Maitek duen inprobisatzeko eta ezusteko guztiak gaiarekin lotzeko ahalmenak. Askotan ez da guk pentsatuta daukaguna betetzen, beraz, alrternatibak eduki behar dira eta inprobisazioa oso garrantzitsua da profesio honetan, pertsonekin egiten denez lan, ezin baita ezer aurreikusi. Irakasle honek hau oso garbi du eta beti ateratzen da onik zailtasun guztietatik. Honez gain, Maitek edozein momentu eta egoera aprobetxatzen du landu beharrekoa lantzeko. Ni oraindik ez naiz hori egiteko gai ikusten, baina normala dela pentsatzen dut, oraindik ez bainaiz irakasle eta asko baitaukat ikasteko. 

Egindako ariketak ere baliogarriak izan direla iruditzen zait, hauei esker, pixka bat gehiago hausnartzeko denbora hartu baitut. Nire txikitako esperientziak gogoratzeak, haurrak hobeto ulertzen edo behintzat saiatzen lagundu dit, nik adin horietan bizitakoa gogoratuz. Baita nik bizitakoa egon naizen eskolarekin konparatuz, antzekotasunak eta desberdintasunak ikusteko ere, nahiz eta urte asko pasatu diren, nik gogoratzen nuena eta Pello Errotan bizitakoa desberdinak badira ere, gauza asko berdin egiten baikenituen guk ere. Oroitzapenen inguruko marrazkia egiterakoan, txkitan nolakoa nintzen pixka bat pentsatu behar izan nuen eta Asteasuko eskolan bost aste igaro ondoren, lau urteko gela honetako hainbat neskarekin identifikatzen naiz, badago beti amaren papera egitea gustatzen zaion neska bat eta baita abestea eta dantzatzea gustatzen zaion beste bat ere. Praktiketan egon naizen denbora horretan, honetan pentsatzen jarri ez banintz, agian ez nintzateke horretaz konuratu ere egingo.

Unibertsitatean ikasitakoaren inguruan eta praktiketan ikasten ari nintzenaz  gogoeta egiteak ere gertatzen ari zenaz gehiago ohartzen lagundu dit eta zenbat ikasten ari naizen gehiago ohartzen lagundu dit. Lan hau egin beharrik izan gabe ere lanbidea gustuko dudala ohartuko banintzateke ere, lan hau egitean konszienteagoa izan naiz zergatik dudan gustuko konturatu bainaiz.

Gainera, egoera batzuetan ohartu naiz Unibertsitatean ikasitakoak balio izan didala praktiketarako eta bertan ikasitakoa ikusi ahal izan dut nire begiekin ikasgela batean. Adibidez, Hurbileko Garapen Zonaldean lan egiten edo zerbait azaltzerako garaian haurrek dakitenetik abiatzen eta haur bakoitzaren beharretara egokitzen. Errefortzu positiboaren garrantziaz ere ohartu naiz, oso kontentu jartzen baitira gauza positiboak esanda, pertsona guztiei bezala, hauei ere gustatzen zaie ondo egin dutela entzutea. Konturatu naiz irakasleek libre dituzten ordu guztiak aprobetxatzen dituztela, Irakalse Eskolan ikasi bezala, haurren aurrekoa ez den lan asko baitago. Irakasleen arteko harremanen garrantziaz ere ohartu naiz eta aipatu behar dut eskola honetan irakasleak beti zeudela elkarrekin kontaktuan. Irakasle eta gurasoen arteko harremanen garrantziaz ere ohartu naiz, baina hau ez dut irakasleen arteko harremana bezain estua ikusi.

Hala ere, esan behar dut, gehiago ikasten dela edo behintzat modu desberdinean benetako ikasgela batean. Teoriak unibertsalak baitira eta ikasle bakoitza, ordea, desberdina da eta bakoitzak bere teoria behar duela ohartu naiz eta hori ez dugu Unibertsitatean ikasten.

Gertaera erabakigarria egin behar nuenez, haur bakoitzean pixka bat zentratu nintzen eta horri esker haur batek bakarrik jolasten zuela ohartu nintzen, bestela, agian, ikasleak ororkorrean behatuko nituen eta ez nintzen bakoitzean zentratuko, asko baitziren eta honi esker, egoerari buruz irakaslearekin hitz egin eta honen inguruan hausnartzeko aukera izan nuen. Honi esker, egoera erreal bati eman diezaiokedan soluzioari buruz hausnartu dut eta gogoeta eginez emaitza on bat lortu dezakedala konturatu naiz.

IKTen lanari esker eskolan IKTen inguruan egiten zutena behatzeko eta galdetzeko aprobetxatu dut, lan hau egin beharrik izan ez banu, agian ez nintzateke horretan pentsatzen ere jarriko eta lanari esker, honen inguruan egiten dena behatzeko eta galdetuz ikasteko aukera izan dut. Nahiz eta eskolara iritsi bezain pronto nabaritzen den, (ordenagailu asko baiatude irakasle geletan eta gela guztietan) honi esker konturatu naiz, ni egon naizen eskolan IKTak dezente erabiltzen dituztela eta nahiko integratuta daudela egunerokotasunean.

Ikastetxeko irakasle guztiekin (baina batez ere nire tutorearekin) eta ikasleekin harremana gero eta estuagoa zen eta konfiantza hartzen joan ginen. Esan beharra daukat irakasle honek bi urte daramatzala ikasle berdinekin eta hau beraien arteko harremanean nabaritzen da, elkar maite dutela ikusten da eta irakasleak une aproposak aprobetxatzen ditu beraiei afektua demostratzeko. Nik uste zati batean behintzat honi esker lortu ahal izan nuela haurren afektua eta konfiantza, haurrek ere, segituan hartu baitzuten konfiantza nirekin. Gelan segituan integratu nitzen eta lehenengo egunetan gehiago kostatzen bazitzaien ere (normala da, ez baininduten ezagutzen) gero eta lasaiago galdetzen zizkidaten niri zalantzak. Horrek poztasun handia ematen zidan, irakasle sentitzen bainintzen.

Oso tutore ona iruditu zait Maite, beti zegoen laguntzeko prest eta nire zalantza guztiak argitzen zituen. Gainera, zenbait kasutan gauzak egiteko nire iritzia eskatzen zidan eta orduan ni ere garrantzitsuagoa sentitzen nintzen eta baloratua, nik beragan nuen konfiantza berak ere nigan bazuela sentitzen bainuen. Hala ere, beti berak gidatzen zituen saioak eta hori oso normala eta egokia iruditzen zait, bera baita tutorea eta ni ikasteko bainengoen. Momenturen batean bakarrik utzi ninduen gelan, eta ondo moldatu nintzela iruditzen zait, nahiz eta hasieran pixka bat urduritu. Ez baita berdina norbait ondoan izatea bada ezpada egoeraren batean zer egin ez dakizunean (hau izan dudan abantaila handietako bat da) edo bakarrik egotea, dena zure ardura izanda.

Egun batean proposatu zidan ni bakarrik geratzea saio batean, baina ez nintzen ausartu, pisu handia iruditu zitzaidan ez baita berdina momentu batzuetan bakarrik egotea edo saio oso batean, ez nitzen kapaz ikusten, ikasle asko baitziren. Horrek bere partetik nigan konfiantza bazuela erakutsi zidan eta lan horretarako gai ikusten ninduela, hau asko eskertu nuen eta zoriontatsun handia eman zidan. Orain, denbora pixka bat pasa denean agian pixka bat damutzen naiz, aukera ezin hobea eskaini baitzidan benetan bakarrik lan hori egiteko gai ote naizen ikusteko. Baina egindakoa eginda dago eta ez dago atzera bueltarik. Egoera honetatik ere ikasi dut, ausartagoa izan beharko nuke eta horretan saiatuko naiz hemendik aurrera.

Azken hausnarketa hau egitea ere baliagarria izan da niretzat, denbora pixka bat pasa ondoren ohartzen baitzara gauza askotaz eta gehiago baloratzen dituzu gauzak, nahiz eta momentuan ere asko baloratu. Adibidez, gelan bakarrik geratzeko eman zidan aukera ez aprobetxatu izanaren akatsaz orain ohartzen naiz, momentuan beldurtu egin nintzen baina orain egin behar nuela pentsatzen dut, baina zer egingo diogu... Hurrengo praktikaldirako baliagarria izango zait hau, ematen dizkidaten aukera guztiak aprobetxatuko ditut zalantzarik gabe!

            Amaitzeko, irakurri ahal izan duzuen bezala, asko ikasi dudala iruditzen zait, bai Pello Errotan pasatako orduetan eta baita egin ditudan lanei esker ere. Beraz, oso esperienzia aberasgarria izan da niretzat eta inoiz ahaztuko ez dudana. Nire bizitzan lehenengo aldiz irakasle sentitu naiz hilabete horretan eta aukeratutako lanbidea gustuko dudala konturatu naiz honi esker. oso gustura sentitzen naiz bizi izan dudanari esker eta hau hein handi batean Maiteri eta gelako ikasle guztiei esker izan da, mila esker irakatsi didazuen guztiagatik, ez zaituztet inoiz ahaztuko!!