2011-12-02

IKTak Haur Hezkuntzan

              Jada pasa da aste bat praktikaldia amaitu zenetik eta jarraian, IKten inguruan Asteasuko eskolan behatu ahal izan nuena idatziko dut.

         Honezkero badakizuen bezala, lau urteko gelan egon naiz eta ikastetxe honetako Haur Hezkuntzako gela guztiak bezala txokoetan banatuta dago. Liburutegi txokoa, etxe txokoa, margotegi txokoa eta eraikuntza txokoa daude. IKTak nahiko integratuta daude eskola honetan, liburutegi txokoan bi ordenagailu baitaude. Liburutegi txokoan ez dute beti egin nahi dutena beraiek aukeratzen, batzuetan irakasleak esaten die egin beharrekoa, baina beraiek aukeratzen duten momentuetan ordenagailuetan ibiltzea aukera dezakete. Honez gain, astean ordubetez ikastetxeko ordenagailu gelara joaten dira.

            Liburutegi txokoko ordenagailuetan libreki ibil daitezkeenean ibiltzen direnez, nahi duten jolasetan ibil daitezke, hori bai, orain arte erabiltzen ikasitako jolasetan eta ikasitako gaien ingurukoetan. Ordenagailu gelara joaten direnean, batzuetan libreki ibiltzen dira eta orduan nahi duten jolasa aukera dezakete, baina lehen esan bezala, ikasitako gai eta jolasetan. Beste egun batzuetan irakasleak gidatzen du pixka bat saioa. Horrelakoetan, berak esaten duen programa eta jolasetan ibili behar dute momentu bakoitzean.

       IKTak lantzeko ikasleek ikasia dute zein karpetatan sartu behar duten ibil daitezkeen jolasak aurkitzeko eta horiez aparte ezin dute beste inon sartu. Egia esan lau urte besterik ez dituzte eta ezin zaie askoz ere gehiago menperatzea eskatu. Egun bateko egunkarian esan bezala, harrituta geratu nintzen adin honetako haurrek sagua nola erabiltzen duten ikusita. Teklak gutxiago erabiltzen dituzte, dituzten jokuak sagua erabiltzekoak baitira. Idazteko jokurenbat edo beste badute, baina oraindik ez dakitenez ondo idazten ez dute asko jolasten horietan.

            Beraiek badakite joku bakoitzean egin beharrekoa zer den, baina ez dauzkate joku guztiak buruz sistematikoki ikasita. Gainera, gelan lantzen ari diren gaien inguruko jolasak egiten dituzte, adibidez, zenbakiak ikasten ari direnez, joku bat daukate zenbakiak ordenean lotuz marrazkiak ateratzen direna. Marrazki asko daude joku horretan eta beti berdinak ez egiteko pasa ditzakete, inoiz egin gabeko batera iritsi arte. Beraz, beraien ikaskuntzan laguntzeko erabiltzen dituzte ordenagailuak, egoki erabiltzen dituzte eta ez ordenagailuak erabiltzeagatik bakarrik, ikaskuntza sortzeko helburuarekin erabiltzen dituzte, ordenagailuak erabiltzeagatik soilik ez baita ikaskuntza sortzen. Hemen duzue aipatu dudan jolasaren argazkia:

                
           Gehien erabiltzen duten hardwarea, esan dudan bezala, ordenagailua eta sagua dira. Hala ere, ez dute ordenagailua bakarrik erabiltzen, ikastetxean argazki-kamara daukate eta txangoetan eta ekintza bereziak egiten dituztenean ateratzen dituzte argazkiak irakasleek. Kurtso bukaeran CD bat egiten da argazkiekin eta guraso arduradunari ematen zaio. Argazkiak beti taldekakoak izan behar dute, inoiz ez du haur batek bakarrik irten behar. Arbela digitala ere badute erabilera anitzeko gelan, ez dira askotan joaten bertara, baina adibidez adostokian jartzeko irudiak (egunkarian azaldu nuen urriaren 27an) bertan ikusiz aukeratu zituzten. Bideoak eta musikaz lagunduriko argazkiak ere gela honetan ikusten dituzte. Gela honetan dago Haur Hezkuntzako zatian dagoen arbela digital bakarra, beraz, erabili behar dutenean gela libre dagoela ziurtatu behar dute. Hala ere, ez dute asko erabiltzen eta ez da arazorik egoten erabili nahi dutenean erabiltzeko. Lehen Hezkuntzan, berriz, ikasgela guztietan dago arbela digitala. Tutoreak arbela digitala erabiltzen du azalpen aberasgarriagoak emateko, baina baita jolas interaktiboak egiteko ere, asko gustatzen zaie ikasleei arbela digitalean jolasak egitea eta aukera izanda aprobetxatu behar da.

            Erabiltzen dituzten softwareak gehienbat programak dira, urtxintxaren unitate didaktikoko programak, bertan ipuinak entzuteko aukera dute edo ikasi dituzten gaien inguruko jolasetan ibil daitezke. Programa hauek gaiaren inguruan ikasteko erabiltzen dituzte, IKTak ikaskuntzarako erabiltzen dituzte.



          Lau urteko gelan IKTen eremuan duten dimentsioetako bat, Hardware eta software ezagupenak dira. Horretarako, ordenadorearen atalak (elementuak) eta funtzioak ezagutzea da lortu nahi dena. Haurrek ordenagailuaren atalen izenak jakin eta identifikatu beharko dituzte: teklatua, sagua, pantaila eta dorrea. Ebaluatuko dena, parte hartzea eta erantzun zuzenak esatea izango da. Bigarren dimentsioa sistema eragilearen erabilera da. Honen helburua, sistema eragilearen oinarrizko hiztegia ezagutzea da (mahaigainean dauden gauzak). Ikasleek leihoen oinarrizko elementuak ezagutu beharko dituzte eta leihoa isten jakin behar dute. Ebaluatuko dena ondorengoa izango da: ordenadorea erabili ondoren isten jakitea, erabiltzen dituzten programen ikonoak ezagutzea eta zabaltzeko klik bikoitza egiten jakitea. Hirugarren dimensioa oinarrizko programen erabilera da. Lortu nahi den trebezia, word programa erabiltzea da, dokumentuak ekoiztu, bildu eta inprimatzeko. Horretarako dokumentua zabaltzen eta isten jakin beharko dute. Ikasle bakoitzak bere izena ordenagailuan idazten badakiela ebaluatuko da.

            Gela honetako haurrek ez dute interneta erabiltzen. Irakasleek, ordea, erabiltzen dute, informazioa bilatzeko edo emaila beste ikastetxeetako irakasleekin kontaktatzeko. Gainera ikastetxeak web orri bat ere badu, bertan eskolako jaietan ateratako ikasleen argazkiak daude, edo ikastetxearen inguruko informazioa dago. Orain dela urte batzuk irakasleek ikasleen lanak ere web orrialde horretan zintzilikatzen zituzten, baina lan handia denez, jada ez dute horrelakorik egiten. Web orrialde honetan ikasleentzako jolasak ere badaude etxetik ibili nahi badute, baina ikastetxean daudenean ez dira web orrialde honetan sartzen, ez baitute interneta erabiltzen. Eskolako web orrialdearen eguneraketaren koordinazioa IKT batzordeak eramaten du aurrera. Batzorde honetan ziklo bakoitzeko irakasle bat dago eta horrek ematen die gainerako irakasleei informazioa etapako bileretan. Batzorde horrek, ordenagailu guztiak ondo dabiltzala ziurtatu, aldizkarirako lanak bildu, errepasatu eta azken ukituak eman etab. egiten ditu.







             Duela hamabost bat urte teknologia berriak erabiltzeko apustua egin zuten eskola honetan. Hortik aurrera proiektu ezberdinetan hartu dute parte: Atea, Tablet PC eta Smart arbela digitalak. Geroago Premia proiektua ezarri zenean, baliabide gehiago izan zituzten eta bidea erraztu zen. Premia proiektuaren bidez, eskola honetan dena ordenagailu bidez dago antolatuta. Proiektu hau, teknologia berriak hezkuntzan sartzeko proiektua da. Proiektu honekin hezkuntzaren beharretara eta eskaeretara egokitu nahi da, eta era berean, informazioaren teknologietan oinarritutako hezkuntza eta didaktika metodoak txertatu nahi dira. Helburu orokor moduan hiru aipa daitezke: lehena, ikasle eta irakasleen ratioa jaistea ordenagailu bakoitzeko; bigarrena, posta elektroniko pertsonalizatuak izatea ikasle eta irakasle orok; eta azkenik, ikasle guztiek Internetera sartzeko aukera izatea. Premia proiektuaren bidez, ikastetxean oinarrizko sare lokala instalatu zen, hornidura informatikoa dute, banda zabaleko konexioa hezkuntza arloko Intranet batera eta honen bidez internetera eta ekipo zaharkituak ordezkatu ziren. Hau izan zen lehenengo premia planaren helburua, bigarrenarena, ordea, hau: ikastetxeko sare lokala geletara zabaltzea, ekipamendu informatiko berria, konektibitatea hobetzea eta zerbitzuak. Honen bitartez, ordenagailu batean sartzen duzun informazioa edo dokumentuak ordenagailu guztietan ikus daitezke. Eskola 2.0 izan da Tablet PC proiektuaren jarraipena.

            Pello Errotan IKTko proiektuen helburuetako bat, ikasgeletako metodologiari laguntzea da. Lan dinamikoa, parte-hartzailea, beste ikastetxeekin lankidetzan eta sarean sustatzea eta heziketa kalitatea hobetzea dira nahi duten metodologia, horretarako IKTak baliatuz. Lau urteko gelako irakaslearen helburua, jolasen bidez markatutako helburuak lortzea da. Lehenago ere esan dudan bezala, ikastetxe honetan ez dituzte teknologia berriak erabiltzeagatik erabiltzen, ikaskuntza sortzeko erabiltzen dituzte. Metodologian asko laguntzen dute IKTak eta batez ere arbela digitala azalpenak emateko oso aberasgarria da. Baita jolas interaktiboen bidez ikasteko ere, gai baten inguruko edukia jolasaren bidez barneratzeko.

            IKTekin sormena lantzeko bideoa erabiltzen dute besteak beste. Bideoa jartzen diete gaiaren inguruan sormena irekitzen laguntzeko. Ordenagailuetan dituzten programen bidez ere sormena lantzen dute. Hiru urterekin hasten dira ikasleak ordenagailuak erabiltzen. Hasieran saguaren erabilera ikasten dute eta pixkanaka eduki gehiago sartzen dira, matematika lantzeko, marrazketa…Marrazketako programekin sormenari laguntzen diote, ordenagailuan egindako marrazkiak paperean egitea zaila baita eta saiatzen dira nola egin ditzaketen asmatzen.

            Gazteleran asko erabiltzen dute bideoa, ipuinak entzuteko besteak beste, baina tutorearekin gaiarekin lotutako bideoak ikusten dituzte. Adibidez, udazkena  gaiarekin lotuta udazkeneko argazki batzuk ikusi zituzten musikaz lagundurik. Sormena lantzea zen helburua lehentxeago esan dudan bezala. Irudietan udazkeneko koloreak ikusiz, ikasleen marrazkietan ere kolore horiek erabiltzea bultzatzeko helburuarekin. Gaian hobeto murgiltzeko eta gelan esandakoa imaginatzeaz aparte bisualki ikusteko. Irudiekin eta musikarekin disfrutatzea ere lortu nahi zen.

            Lankidetza proiektu telematiko batzuetan ere aspaldian hartzen dute parte eskola honetan, Pelutxe proiektuan Haur Hezkuntzan eta gelako blogak dituzte Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan. Proiektu hauekin helburu hauek lortu nahi dituzte: lan kooperatiboa, informazio trataera, ezaguera sorrera, diziplinartekoa, zehar lerroak, globalizazioa, harremanak… Ikasleek gaitasun digitala, hizkuntza komunikaziorako, ikasten ikastea, autonomia eta ekimena eta beste oinarrizko gaitasunak lortzeko bitarteko estrategikoak eskaintzen dituzte. Ni egon naizen gelako ikasleek ez dute inongo proiektu telematikotan parte hartzen, baina Haur Hezkuntzako bost urtekoek Pelutxe proiektuan hartzen dutenez parte (hauei zuzenduta baitago) hau azalduko dizuet pixka bat. Pelutxe proiektua bi eskolaren artean gauzatzen dute, Asteasuko Pello Errota eskolakoek eta Zizurkilgo Pedro Mari Otañokoek. Eskola bakoitzak pelutxe bat du eta gelako ikasleek txandaka eramaten dute etxera, eguneko arduradunak eramaten du etxera eskola honetan. Bakoitzak egun horretan pelutxearekin egin duena idazten du eguneroko batean. Orain dela urte batzuk korreo elektronikoz bidaltzen zieten pelutxearen inguruko informazioa beste eskolako ikasleei baina orain, bi eskolen artean duten blogean idazten dute zerbait noizbehinka, web 2.0ak erabiltzen ikasten ari dira, beraz. Hau da eskola honetakoen pelutxea:


         Ikasleen gurasoek badakite gelan ordenagailuak dituztela eta astean behin ordenagailu gelara joaten direla ikasleak, baina irakasleari ez dizkiote gai honen inguruko galderak planteatzen. Hala ere, irakaslea konturatzen da nork duen etxean ordenagailua eta nork erabiltzen duen eta nork ez.

            Gelako irakasleak bere kaxa online bidez egin zuen ikastaro bat. Hala ere, eskolako IKT batzordeak laguntzen die formakuntzan. Adibidez, eskolako aldizkaria publisher bidez egiten dute eta hori menperatzen ez zuten irakasleei ikastaro motz bat eman zieten, eskolaren helburuetako bat irakasleak IKTdun gaitasunetan trebatzea baita. Eskola 2.0n parte hartu behar duten tutoreek ere prestakuntza bat jasotzen dute.

            IKTen inguruan irakasleak rol positiboa du, bera baita ikasleekin ordenagailuen gelara joaten dena. Ordenagailu gelan irakaslearen rola ikasleek zailtasunak badituzte laguntzea da, adibidez batzuei saguarekin bi klik egitea kosta egiten zaie eta baita txandak errespetatuaraztea ere. Gelako tutoreak pentsatzen du gaur egun gizartean, eskolan ikasi gabe ere ikasiko dutela IKTak erabiltzen, leku guztietan aurki baitaitezke. Batzuk, ordea, ez dute aukera etxean edo eskolatik kanpo ikasteko, beraz, alde horretatik eskolan errazago ikasiko dute, etxe guztietako egoera ez baita berdina. Gainera, teknologia berriak etxean beraien kaxa erabiltzen badituzte, arriskua erabilpen desegokia da. Eskolan erabilpen egokirako prestatzen dituzte ikasleak, hori baita garrantzitsua. Garrantzitsuena ez da IKTak erabiltzea, hauen erabilpen egokirako prestatzea baizik, eta hau da eskolaren eta irakaslearen helburua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario