Jakina da Haur Hezkuntzan abestien bidez ikastea ohikoa dela, nik aste honetan abesti asko entzuteko aukera izan dut, hona hemen horietako batzuk!
Txiki txiki txikia
Ostirala iritsi da
2011-10-28
Marrazkia, ni eskolan
MARRAZKIAREN AZALPENA
Marrazki hau zergatik egin dudan, hau da, bertan egindakoa azaltzen saiatuko naiz ondorengo lerroetan. Nire eskolaldia nolakoa izan zen azaldu nahi izan dut marrazki honen bitartez, badakit ez dudala oso ondo marrazten eta ez naizela oso iaioa honetarako, beraz, azalpen argi bat ematen saiatuko naiz.
Esan beharra daukat, beti oso gustora joan izan naizela eskolara, horregatik nabarmendu nahi izan dut nire aurpegiko irribarrea. Amak eta aitak esan didatenez ez nuen inoiz negar askorik egiten eskolara joan behar nuenean, agian adin bereko lehengusu bat dudalako izango zen, banekielako bera nire ondoan egongo zela eta horrek lasaituko ninduen.
Gelan txokoak genituen eta errotazio librean ibiltzen ginen, hau da, bakoitza nahi genuen txokora joaten ginen. Nahiz eta orokorrean txoko guztiak gustatzen zitzaizkidan eta guztietatik pasatzen nintzen, denbora gehien etxe txokoan pasatzen nuen, gehien gustatzen zitzaidan txokoa zelako. Bertan amaren papera betetzea gustatzen zitzaidan, erosketak egitera joatea, janaria prestatzea, haurrari jaten ematea... Baina dendariarena egitea ere gustuko nuen, telefonoa hartu, janaria pisatu... Emakumearen papera egitea gustatzen zitzaidan.
Haur Hezkuntzako garaian asko gustatzen zitzaidan abestea eta dantzatzea ere, garai hartan euskaraokea botatzen zuten telebistan eta ez zegoen hura galtzen nuen egunik. Eskolako atseden garaian euskaraokeko aurkezlearen papera egiten nuen eta parkeko aulkien gainera igo eta kantatu eta dantzatu egiten nuen. Gelako haur guztiak beheran publikoa izango balira bezala begira edukitzen nituen. Baina ez nintzen ni bakarrik izaten abesten zuena, denak igotzen ginen aulkiaren gainera txandaka. Hau izan da atsedenaldia marraztearen arrazoia eta marrazkiaren azalpena.
Ez zitzaidan hainbeste gustatzen puzzleak egitea, gelako gehienek nik baino lehenago amaitzen zituztelako eta azkena izatea inori gustatzen ez zaion bezala, niri ere ez zitzaidan gustatzen. Horregatik egin diot ixa handi bat puzzleari.
Gustatzen ez zitzaidan beste gauza bat, eskolara berandu iristea zen, hori da ordularia marraztearen arrazoia. Ordutegiaren ezaguera izan nuenetik oso puntuala izan naiz beti. Baina ni nire anaiarekin batera joaten nintzen eskolara eta nire anaiari asko kostatzen zitzaion janztea eta gosaltzea, beraz, eguna beti haserre hasten genuen. Nik bederatziak laurden gutxiagorako atera nahi izaten nuen etxetik bederatzietarako eskolan egoteko, nahiz eta gure etxetik eskolara bost minutu baino gutxiago egon, eta nire anaia mugiaraztea asko kostatzen zitzaidan.
Iruditzen zait izan ahal ditudan irakaslerik hoberenak izan ditudala eta ezin dudala kexatu, oso eredu onak izan direlako niretzat. Honek bultzatu nau irakasle ikasketak egitera, nire bizitzako etapa honetako oroitzapen oso onak ditudalako eta asko gustatuko litzaidakeelako beste haur batzuk ere nirekin horrelako egoerak bizitzea. Horregatik, nik izandako irakasleak bezalako irakaslea izatera iristea asko gustatuko litzaidake, pazientzia handikoa eta oso goxoa izatea.
2011ko urriaren 28a
Gaur egun berezia izan dugu, txikiguayra joan gara lau eta bost urteko gelakoak. Hasteko, denak eskolaren sarreran bildu gara, gelara sartu gabe. Bertan bi tutoreek ikasleak kontatu dituzte. Bost urtekoen gelako haur guztiak etorri dira baina lau urteko hiru haur falta ziren. Maitek bazekien bi haurrek ez zutela etorri behar, aurretik bere gurasoek abisatu baitiote, baina hirugarrena ez zela etorriko ez zekien. Hainbeste haurren artean irakaslea ez zen ohartzen zein falta zen eta orduan autobusera abiatu gara. Guraso guztiak atean zeuden eta azkar abiatu nahi izan dugu autobuserantz, bestela haurrenbat ez zuela joan nahi esanez hasteko arriskua baitago. Irakasleak autobusean ikasleen zerrenda begiratu du eta jakin du zein falta zen. Falta zen haurra haur txokora joaten da goizero eta bertako zaintzaileak ez zekien gaur txangoa genuenik, beraz, gelara eraman du. Segituan joan da Maite gelara eta falta zen haurrarekin bueltatu da. Egoera honetatik ateratako ikaskuntza, haur txokoko zaintzaileari ere oharrak eman behar dizkiogula izan da, berak ere jakin dezan ez duela gelara joan behar. Agian beste haurren bat izango balitz berak esango lioke zaintzaileari txangoa zuela baina hau nahiko isila denez, ez dio esan. Arratsaldean haurraren ama bere bila etorri denean Maitek egin duen lehenengo gauza gertatutakoa kontatzean izan da, beste gurasoek ikusi baitute autobusera sartu ondoren konturatu dela haur hori falta zela eta kanpotik enteratzea baino hobe da zuzenean kontatzea.
Guztiak autobusean sartutakoan kantari egin dugu bidaia. Haurrek telebista jartzea nahi zuten baina irakasleek abesteko esan diete, beraiek hasi dira abesten eta horrela haurrek ere jarraitu dute. Irakasleek ez aspertzeko abestu eta pasatzen ginen herriaren izena esaten zieten, horrela oso gustura joan dira eta aktibo egon dira, aspertzeko tarterik gabe, hau oso egokia iruditzen zait.
Iritsi garenean, guztiak binaka jarri eta ate ondoan itxaron dugu. Ateak ireki baino bost minutu lehenago iritsi garenez zain egon behar izan dugu. Irakasleek denbora hori luzea egin ez ziezaien minutuka zenbat denbora falta zen gogorarazten zieten eta minutu bat falta zenean atzerakako kontaketa egin dute. Kontaketa amaitu denean ez dira ateak ireki eta orduan beraien kaxa ekin diote berriro atzerakako kontaketari ateak ireki diren arte.
Ateak irekitakoan poliki-poliki eskailerak igo ditugu txikiguayko atera iritsi garen arte. Bertan zapatak eta berokiak kendu eta jolasean hasi dira. Bertan oso begirale jatorra tokatu zaigu eta guri ere sartzeko baimena eman digu. Oso gustura ibili dira denak eta gu ere bai beraien artean. Tutoreek pentsatzen dute haurrekin mota honetako kontaktua izatea beharrezkoa dela eta gu ere bertara sartzera animatu gaituzte. Hamaiketakoa jan eta ondoren berriro sartu dira. Ordurarte ez da liskarrik gertatu baina jada nekatzen hasiak ziren eta batek baino gehiagok egin dute negar. Segituan pasa zaie, bai baitakite horrelako kasuetan barkamena eskatu behar dela eta hitz eginez konpontzen direla arazoak eta berriro ekin diote jolasari. Bertako tratua oso ona izan da, edozer behar bagenuen eska genezakeen eta haurrak ere oso gustura ibili dira.
Gero, zapatak eta berokiak jantzi, berriro ere binaka jarri eta autobusera bueltatu gara. Buelta lasaiagoa izan da, denak nahiko isilik etorri dira nekatu egin baitira eta batzuk lo ere hartu dute.
Arratsaldean, jangelakoek mantalak kendu eta denak lurrean eseri gara borobilean. Lehenengo, Maitek goizean ondo pasa al duten galdetu die, denek baietz erantzun dute eta oso gustura agertu dira. Mutil bat ez da Txikiguayra joan, medikuarengana joan behar zuelako eta Maitek, orduan, medikuak zer esan dion galdetu dio, baztertu gabe. Hau oso garrantzitsua iruditu zait, bestela mutila baztertua sentitu zitekeelako. Pasa den urtean txikiparkera joan ziren eta aurten berriz txikiguayra joan direnez Maitek ea zein gustatu zaien gehiago galdetu die. Hau egitearen arrazoia honakoa zen: pasa den urtean batzuk aspertu egin ziren eta han pasa behar zuten denbora bukatzerako noiz joango ziren galdezka omen zeuden, aurten, berriz, ez da horrelakorik gertatu eta irakasleek esan dutenez aurten gusturago ibili direla iruditu zaie. Gehiengoak aurten joan den urtean bain hobeto pasa duela aitortu du. Ez da normala adin honetako haurrak horrelako leku batean aspertzea eta geldirik egotea, beraz, aldaketarekin asmatu dute.
Goizean arduradunak lanak egiteko tarterik izan ez duenez, arratsaldean egin ditu. Hau egin ondoren, hilabetea astelehenean amaitzen denez eta jai dugunez, eguraldiaren lana egin dute. Eguraldi egoerak (eguzkia, euria, haizea, ostarteak, hodeiak eta elurra) idatzita dauden fitxa bat du bakoitzak. Arduradunak eguraldi egoeren kaxa bakoitzean dauden kanika kopurua zenbatu du eta bakoitzak bere fitxan gometsak itsatsi behar izan dituzte. Itsatsi behar zituzten gomets kopurua kaniken kopuru bera zen, adibidez, eguzkia idatzita zegoen kaxan bost kanika zeuden, beraz, bakoitzak bere fitxan bost gomets itsatsi behar zituen eguzkia idatzita zegoen lekuan. Hau egiterakoan alde nabarmenak ikusi ditugu, gaurkoa banaka egiten zuten lehenengo aldia zen eta batzuk galduta ikusi ditugu Maitek eta nik. Denek batera egin dute, altuan zenbatu baititu arduradunak. Maitek zuzendu gabe utzi die egiten denei eta ondoren, amaitu dutenean, banan-banan etorri dira guk zuzen geniezaien. Zerbait gaizki zutenei gelditzeko esan diegu eta besteei txokoetara libreki joateko baimena eman diegu. Gaizki zutenei banaka zuzentzen laguntzen aritu gara Maite eta ni. Batzuk erraz zuzendu dute, konturatu gara, lehenengo aldia zenez batzuk ez dutela oso ondo ulertu egin beharrekoa, baina beste batzuei asko kostatu zaie eta denbora dezente egon behar izan dugu beraiekin. Hala ere, pazientzia handiarekin lortu dugu denek zuzentzea. Honek Maitek uste zuena baino denbora gehiago kendu digu, beraz, ez ditugu pentsatuta zituen gauza guztiak egin. Askotan ezin da pentsatutako guztia egin, guk pentsa baitezakegu gauza bat segituan egingo dutela, baina hainbat arrazoiengatik luzatu daiteke, beraz, egokitzen jakin beharra daukagu eta onartzea besterik ez zaigu geratzen. Jarraian, ipuinak utzi ez zituztenek utzi dituzte eta berriak aukeratu. Azkenik, etxerako prestatu (berokia jantzi, etxera eramateko ipuinak eta mantala hartu) eta ondoren idatzita dagoen abestia abestutakoan etxera joan dira.
OSTIRALA IRITSI DA
Ostirala iritsi da,
iritsi da ostirala:
Pozez betetako eguna,
zatoz nirekin laguna!
mantalak etxera eta
bi (lau) egunetako oporrak,
astelehenean (asteazkenean) berriz ere
bilduko gara gure eskolan.
2011-10-27
2011ko urriaren 27a
Hirugarren eguna izan da gaurkoa eta oraingo honetan ere ikasteko aukera izan dut. Eguna hasteko, eguneko arduradunak bere lanak egin ditu. Gaurko arduradunari beste egunetan izan zirenei baino gehixeago kostatu zaio egin beharrekoak egitea. Badakit haur guztiak ez direla berdinak eta batzuei besteei baino gehixeago kostatzen zaiela ikastea, baina honi asko kostatzen zaio zentratzea. Gainera, ikaskideek esaten diotenari kasu gehiegi egiten die eta berak pentsatu beharrean besteek esan arte itxaroten du. Adibidez, asteko zein egun zen esatea asko kostatu zaio eta ikaskideek osteguna zela esandakoan berak segituan esan du osteguna zela. Hala ere, osteguna jartzen zuen txarteltxoa aukeratzea asko kostatu zaio. Pasa den ikasturtean, abesti baten bidez ikasi zituzten asteko egunak, baina Maitek esana die, abestia abestu gabe gogoratu behar dutela asteko egunen ordena. Hala eta guztiz ere, gaurko arduradunak zein egun den asma zezan abestu egin behar izan du. Maitek egiten duen gauza batek atentzioa deitu dit, gauzak esan aurretik pentsatu egin behar dela esan beharrean, abesti baten hasiera abesten du, burua pentsatzeko... burua hitza entzun bezain pronto haur guztiek esaten dute pentsatzeko eta badakite zer egin behar duten. Metodo hau egokia iruditzen zait, abestien bidez errazago sartzen baitira gauzak eta errazago ikasten baitute haurrek. Gaurko arduraduna egitekoak egiten ari zenean konturatu naiz zein beharrezkoa den irakasle lanean pazientzia handia edukitzea. Ni banintz Maiteren lekuan zegoena ez dakit zer egingo nukeen, baina berak ondo eutsi dio egoerari eta aurrera ateratzen jakin du. Arduradunak berak bakarrik erantzuna esaten ez bazekien gelakideei galdetuz eta metodo edo estrategia desberdinak erabiliz.
Gai berriarekin jarraitu dugu ondoren. Maitek irudi bat jarri du arbelean itsatsita eta ikasleei bertan ikusten zutena erne begiratzeko esan die. Bertan perretxikoak, intxaurrak, usoak, ehiztariak, hostoak lurrean...agertzen ziren. Gero berak irudiaren inguruko galderak egin dizkie eta horretaz hitz egin ondoren, gaiaren izena asmatu behar zuten, gaia udazkena da. Gainera, hau egin bitartean, batek baino gehiagok komunera joan nahi izan du eta mozten jakin du, oso larria al zen galdetu die. Oso modu egokia iruditu zait, bat joaten bada guztiek joan nahi izaten baitute komunera eta galdera hori eginez ondo pentsatzen dute eta konturatzen dira ez dela beharrezkoa komunera joatea, aguanta dezaketela.
Ondoren, txokoen garaia iritsi da. Normalean etxera eramateko ipuinak ostiraletan hartzen dituzte, baina bihar txikiguayra goazenez, liburutegi txokokoek gaur aukeratu eta idatzi dute ipuinaren izenburua fitxan. Oraindik ez dakitenez ipuinean idatzita dagoen izenburua paperean kopiatzen, Maitek ipuin guztien izenburuak txarteletan idatzita dauzka. Ez dakite ondo irakurtzen ere, beraz, taldekoek aukeratu dituzten ipuinen izenak idatzita dauden txarteltxoak mahaiaren gainean utzi ditugu (ipuin asko daudenez, denak utziko bagenitu denbora asko beharko lukete) eta bakoitzak bere ipuinaren izenburua zein zen erabaki behar zuen gero bere fitxan idazteko.
Alde handiak ikusi ditut hemen, batzuk ipuinaren izena idazterako beste batzuk egun horretako lana ere amaitu baitute. Gaur liburutegi txokokoak aldizkarirako idazten aritu dira, egindako txango batean, (zehazki Tolosako topic lorategian) ikusitakoa idatzi behar zuten. Batzuk hau egin duten bitartean, beste batzuk ez dute eguneko lana ere bukatu. Mutil batek gainera, nekatuta zegoela esaten zuen eta ez zuela lana egin nahi. Irakaslea mila modutara saiatu da egin zezan (biharko txangora joateko ere nekatuta egongo zela esan dio esaterako), baina azkenean, bukatzen ez bazuen jolasgaraian gelan geratuko zela esan dio. Esan eta egin, ez du bukatu eta bertan geratu da. Hau oso ondo iruditu zait, askotan ikasleei esaten baitzaie zigortuta geratuko direla eta gero azkenean ez da betetzen. Maitek esandakoa bete du, beraz, mutilak hurrengorako ikasi du irakasleak ez duela esateagatik esaten zigorrarena, esandakoa betetzen duela. Lana amaitu duenean, irten da jolastokira, baina bere marrazkia ikusitakoan igartzen zen amorruz egin duela.
Besteak bitartean gustura ibili dira beraien txokoetan, ama eta aitatan jolasean, hiruhilabeteko bukaeran lanak etxera eramateko karpetak margotzen, plastilinarekin, puzzleak, eraikuntzak...egiten. Ondoren, hamaiketakoa jan eta jolastokira irten dira. Gaur ere fruta tokatzen zen, baina gaur mandarina eta udarea zeudenez denek jan dute. Zigortuta gelditu den mutilak ez du besteekin batera jan, besteak jaten ari ziren bitartean zigortuta baitzegoen lana bukatzen, baina ondoren jan du. Nahiz eta gaurko goiza oso gogorra izan den Maiterentzat, pazientzia handia izan du. Hau harrigarria iruditu zait eta aipatu beharra neukala uste dut.
Jolasgaraitik bueltan, ordenagailuen gelara joan gara. Gaur jolas librea tokatzen zen, baina bi baldintza zeuden, denentzat ordenagailurik ez dagoenez txandaka erabiltzea eta orain arte ikasitako gaietan bakarrik ibiltzea. Bik ez dute azken baldintza hau bete eta beraz, beraien txanda bat ez dute egin. Gustura ikusi ditut denak ordenagailu gelan eta denek errespetatu dituzte txandak. Harrituta geratu naiz gainera, lau urteko haurrek sagua nola erabiltzen duten ikusita, batzuei kostatzen zaie nahi duten lekura eramaten, baina orokorrean ondo menperatzen dute.
Haurrak bazkaltzera joan direnean klaustroko bilera zegoen. Bertan, ikastetxeko irakasle guztiak, zuzendaria eta ikasketa burua zeuden. Gai askoren inguruan hitz egin dute, konpromiso berdearen inguruan besteak beste, eta erabakirenbat ere hartu dute denen artean, hitz eginez. Atzoko zikloko bileran irtendako gaien inguruan ere aritu dira eta HH-ko koordinatzaileak atzo hitz egindakoa aipatu du.
Bazkal ondoren, ingelesa eta musika zituzten. Hau egiteko beste irakasle batzuk dituzte eta tutorea ez da bertan egoten. Ordu hau ikastetxe honetan Haur Hezkuntzan praktiketan gauden bi ikasleak eta bion tutoreak elkarrekin hitz egiteko aprobetxatu dugu. Zer moduz sentitzen ari garen galdetu digute, laguntzeko daudela eta edozer behar badugu lasai eskatzeko argi utzi digute. Oso jatorrak izan dira gurekin eta beraien materiala non dagoen eta ordenagailuan aurkitzeko argibideak eman dizkigute.
Eguna amaitzeko, orduerditxo batez Maiterekin eta nirekin egon dira. Denbora tarte honetan gauza baten berri eman diegu. Adostokia izeneko txoko bat sortu behar dute lau eta bost urteko ikasleentzat, bi gelen artean, pasilloan. hau, gertatzen diren liskarrak konpontzeko tokia izango da, izenak esaten duen bezala. Leku honetan bi aulki egongo dira, aulki batean ahoa eta bestean belarria egongo dira marraztuta. Ahoa duen aulkian esertzen denak hitz egin beharko du eta belarria duenean esertzen denak entzun, hala ere, aulkiz aldatuko dira, denek hitz egiteko eta entzuteko aukera izan dezaten. Hau oso egokia iruditzen zait, adin honetan haurrak asko haserretzen baitira eta hori konpontzeko leku bat izatea beharrezkoa da, beraiek ikas dezaten arazoak konpontzea zeinen garrantzitsua den.
Hau izan da gaurkoa eta bihar txangoa dugu, txikiguayra goaz, hau guztiz esperientzia berria izango da niretzat, beraz, ea zer moduz moldatzen naizen!
2011-10-26
2011ko urriaren 26a
Bigarren egun honetan lehenengoan baino lasaiago ibili naiz eta hasi naiz pixkanaka gelako martxa hartzen. Lehenengo orduan, arduradunak bere lanak (bere izena, zenbat etorri diren zenbatu eta etorri ez direnen izenak arbelean idatzi, data jarri, eguraldiaren lana egin eta egun horretan tokatzen zitzaiena begiratu) egin ondoren, Maitek (irakasleak) lehengo gaiarekin amaitu zutela eta gai berriarekin hasiko direla azaldu die. Lehenengo lehengo gaian zer ikasi zuten galdetu die Maitek ikasleei eta asko gogoratu dira, etxea zen aurreko gaia eta hemengo etxeez aparte beste etxe motak ere ikasi dituzte, iglua eta jaima noren etxeak diren eta nolakoak diren, esaterako. Hau egiterako garaian ez ziren argazkian ikusitako etxe baten izena gogoratzen eta Maitek pistak emateko erabili duen modua oso ona iruditu zait. Orain irakurtzen eta idazten ikasten hasten ari direnez, hitzaren hasiera hitzez esan beharrean arbelean idatzi du. Ikasten ari direna integratzeko oso modu egokia iruditu zait, momentuan ez ziren hori lantzen ari baina berak hori sartzeko modua ikusi eta aurkitu du.
Gai berrian sartzeko ipuin bat kontatu die, baina lehenengo izenburua irakurri eta horri buruz dakitena esan dute. Gaurko ipuina inurriarena eta txirritxena zen, horregatik inurria zer zen ba al zekiten galdetu die. Ohikoa den bezala, batzuk beste batzuk baino gehiago hitz egiten dutenez, gutxiago hitz egiten dutenei galderak egin dizkie Maitek, hau oso egokia iruditu zait, bestela batzuk ezer ere esan gabe gelditzen baitira. Honetan ari zirela eztabaida bat sortu da, inurriek hegan egiten ote dute? batzuk baietz esaten zuten eta beste batzuk ezetz. Bakoitzak bere arrazoiak botatzen utzi die irakasleak eta ondoren inurriek hegorik ez dutela azaldu die. Maitek inurria zer den azaldu eta gero ipuina kontatu die. Ipuina kontatzen ari zen bitartean haur bat ez zen isildu ere egiten eta ipuina kontatzeari utzi gabe besotik helduz bere ondora eraman du. Egokia iruditzen zait horrela isilaraztea, beste haurrek ez baitiote baten erruz ipuina entzuteari utzi behar eta gainera horrela ikasleak ez du arreta bereganatzen eta haurrak ez du berriro hitz egingo irakaslearen arreta lortzeagatik. Ipuina kontatzen amaitu duenean ipuinaren inguruan hitz egiten hasi dira. Irakasleak inurria edo txirritx zein izan nahiago zuten galdetu die, gehienak txirritx izan nahi zutela esan dutenean arrazoiak emateko eskatu die, joera baitago batek esaten duelako ondoren guztiek berdina esateko. Gainera horrela ipuina ulertu ote duten jakin ahal izan du. Ondoren, ipuinaren abestia jarri du Maitek eta berak ere abestu du ikasleek letra ikas dezaten. Jarraian musikarik gabe abestu du Maitek ikasleek abestiak esaten dutena errazago uler dezaten.
Txokoen garaia iritsi da ondoren. Hasieran ez nekien oso ondo zer egin eta nahiko galduta sentitu naiz, astelehenean liburutegi txokoan zeudenei laguntzen ibili bainintzen eta gaurko taldeak lan guztiak eginak zituenez jolas librean ibili dira, horregatik, ez nekien oso ondo zer egin. Baina segituan lagundu dit Maitek, margotegi txokora joateko eskatu dit bertakoei laguntzera eta orduan erosoago sentitu naiz. Konturatu naiz, nahiz eta denak adin berekoak izan aldeak badaudela, batzuk egin beharreko lana segituan bukatu duten bitartean beste batzuk lehengo eguneko lana bukatzeko denborarik ere ez baitute izan. Eskola guztietan gertatzen da hau, ikasle guztiak ez baitira berdinak, beraz, irakaslea izaten naizenean hau kontuan hartu beharko dut. Hala ere, zaila egingo zaidala iruditzen zait horrelako egoera baten aurrean zer egin jakitea.
Hamaiketakoaren garaia iritsi da eta gaur fruta tokatzen zen, mandarina edo platanoa zuten aukeran eta errepikatu nahi zuenak nahi zuen bezainbeste errepika zezaken. Hala ere, haur bat jan gabe geratu da (ez da asteleheneko ikasle bera izan), Maitek esan didanez ez zaio fruta asko gustatzen, udarea besterik ez du jaten. Maitek behin eta berriz esan dio probatzeko baina ez du nahi izan eta ez du jatera behartu.
Jolasgaraitik bueltan gaur ere liskarra gertatu da eta hori konpontzea izan da lehenengo lana. Aipatu beharra daukat, paretan itsatsita gelakide guztiek sinatutako arauak dituztela eta liskarrenbat gertatzen den aldioro Maitek gogorarazten die denek sinatu zituztela arauak eta ez dituztela apurtu behar. Segituan konpondu dute arazotxoa eta txokoetara joan dira. Liburutegi txokokoek lehengo asteburuan irakurtzeko eraman zuten ipuina ekarri dute eta bakoitzak bere fitxan ixa bat egin du itzuli dutela jakiteko. Astelehenetan egiten dute normalean baina lehengo astelehenean ahaztu egin zitzaion Maiteri eta gaur egin dute. Ondoren, bukatu gabeko lanak amaitu dituzte eta gero jolas librean aritu dira. Askotan ikasleek materiala hartzen zuten eta jolaserako erabiltzen zuten. Orduan, Maitek behar den bezala erabiltzeko esaten zien, liburutegi txokoan dagoen materiala ez baita jolaserako eta nahi duten moduan ibiltzeko, material bakoitzak funtzio bat dauka eta horretarako erabili behar da ikasteko baitira bertako materialak.
Gero, bazkaltzeko garaia iritsi da baina irakasleek etapako bilera zutenez ikustera joan naiz. Bertan pedagogia batzordera joaten den ordezkariak bilerako puntuak azaldu ditu eta erabakirenbat hartu behar bazen denen artean erabaki dute bakoitzak bere iritzia botaz eta argudiatuz. Gero, beraiei zegozkien gaien inguruan aritu dira.
Arratsaldean salto gelara joan gara, bertan psikomotrizitatea egiten dute. Maitek esan didanez Aucouturier jarraitzen du, pasa den urtean ikasi genuen zerbait honi buruz eta ikasitako faseak betetzen dituela aitortu beharra daukat. Gelara sartu bezain pronto zapatak kendu dituzte eta borobilean eseri dira lurrean, irakaslea ere lurrean eseri da. Ondoren, gelako arduradunak arauak gogorarazi ditu eta ondo pasatzera etorri direla esan du, hori esandakoan irakasleak ikasle bakoitzari ondo pasatzeko zer egingo duen galdetu dio. Hurrengo pausoa aparrezko blokeekin egindako pareta botatzea izan da. Irakasleak abesti bat kantatu du ikasleen laguntzaz eta bat bi eta hiru zenbatutakoan korrika abiatu dira pareta botatzera, horrela hasi da jolas librea. Haur batzuk hasieratik hasi nahi izan dute jolas sinbolikoan baina Maitek ez die horretarako materiala segituan hartzen uzten, jolas motore pixka bat egitea beharrezkoa dela pentsatzen du. Irakasleak esan didanez haur bakoitzak beti jolas antzekoak egiteko joera du, baina psikomotrizitate saio gehiago ikusteko aukera izango dudanez, aurrerago kontatuko dizuet ea horrela den.
Konturatu naiz, nahiz eta denak ibiltzen diren jolas mota guztietan neskak joera handiagoa dutela jolas sinbolikoan ibitzeko eta mutilak motorean ibiltzeko. Gainera batzuk beldur gehiago dute salto handiak egiteko baina Maitek animatuta denek egin dute salto. Behatu dudan beste aspektu bat, haur bat bakarrik ibili dela jolasean izan da eta Maitek esan dit askotan jolasten duela haur horrek bakarrik. Orduan Maitek parte hartu du eta esan dio ea ez zuen inor gonbidatu behar etxera, hasieran ez zuen nahi, baina irakasleak bazkaltzera edo afaltzera gonbidatzeko esan dionean gonbidatu ditu lagun gehiago. Azkenean haur dezente ibili dira berak egindako etxean jolasean. Gaurkoan irakasleak ez du saioa gidatu, bakoitza nahi duen jolasean ibili da, baina parte hartzen du beraiei laguntzeko, saltoak egitera animatuz edo lagunak gonbidatzeko esanez. Haurrek joera dute irakasleari laguntza eskatzeko (etxe bat egiterakoan adibidez), hasieran laguntzen die, baina gero esaten die beraiek bakarrik egiteko. Laguntza ematen die baina ez die dena egina ematen, hau oso ondo iruditzen zait, hasieran ikasleek ez dakitelako nola egin dezaketen adibidez iglu bat, baina behin ikusitakoan gai dira beraiek egiteko, beraz, ez zaie egin behar. Amaitzeko minutu batzuk lehenago amaitzera zihoala abisatu die eta ondoren denen artean jasotzen hasi gara. Gero talde erdiak marrazkia egin du eta beste erdiak eraikuntza, irakasleak esandako taldeetan, asko baitira. Bukatzeko zapatak eta berokiak jantzi eta etxera joan gara denak.
Hau izan da nire gaurko eguna, ea biharkoa zer moduzkoa den!
2011-10-25
Oroitzapen on eta txar bana
Jarraian, nire eskolatzeko bi oroitzapen kontatuko ditut, dudan oroitzapen on batekin hasiko naiz eta segidan txar bat kontatuko dut. Hasteko, gauza bat argi utzi nahiko nuke, hemen erabiliko ditudan izenak faltsuak dira, beraien intimitatea gordetzeko asmotan egin dut hau.
Oroitzapenak kontatzen hasi aurretik nire txikitako testuinguruan kokatzea gustatuko litzaidake. Ni Lizartzakoa naiz, hau, herri txiki bat da eta euskaldun girokoa. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza bertako eskolan egin nituen, handik aurrera ez baitago bertan eskolatzerik. Nire herriko eskola, eskola txikia da, beraz, bi (edo hiru segun eta zein momentutan) adinetako haurrak batera egoten ginen gelan, hala ere, ez ginen haur asko, horrek irakaslearekin genuen harremana estuagoa izatea ekartzen zuen.
Une on asko igaro ditut nire eskolaldian eta gogoratzen dudan une gozoetako bat, Haur Hezkuntzako urteetan gure tutoreak egiten zigun harrera da. Goizero, nire eskolako haur guztiak bezala, esnatu, jantzi, gosaldu eta eskolara joaten nintzen amari eskutik helduta. Eskolako atera iristen nintzenean, amari muxu bat eman, berokia eskegilekuan zintzilika utzi eta oso gustura gela barrura sartzen nintzen. Bitartean, irakaslea amarekin hizketan gelditzen zen gelako ate ondoan. Ni bertan zeuden lagunekin jolasten hasten nintzen.
Haur guztiak iristen zirenean, bakoitzak bere kuxina hartu eta gelaren iskina batean zegoen kortxoaren gainean esertzen ginen. Bertan borobil bat egiten genuen eta irakaslea ere lurrean esertzen zen gurekin batera. Han geundela hitz egiten hasten zen irakaslea, guztioi txandaka galderak eginez. Zer gosaldu genuen galdetzen zigun, edo aurreko egunean egin genuena kontatzeko eskatzen zigun. Astelehena bazen, asteburuan egin genuena kontatzen genion elkarri eta oso gustura kontatzen nuen asteburuan gertatutakoa, baina besteek egin zutena entzutea ere gustatzen zitzaidan. Gainera, irakasleak, berak egiten zuena ere kontatzen zigun eta hori asko gustatzen zitzaidan, beti gauza harrigarriak kontatzen zizkigun eta barre asko egiten genuen berak kontatutakoarekin.
Ondoren, asteko arduradunak eskolara denak joan al ginen begiratzen zuen, bakoitzaren argazkiak etxetik eskolara pasatuz eta zer eguraldi egiten zuen jartzen zuen egurrezko piezen bidez, beste gelakideek lagundurik. Ondoren, eguneko zereginekin hasten ginen, ipuina kontatzen zigun irakasleak, edo txokoetan banatzen ginen...irakasleak esandakoa egiten genuen. Baina hori beste egunen batean kontatuko dut, orain ez baitator harira.
Hamabi eta erdiak iristen zirenean denak etxera joaten ginen bazkaltzera, orduan ez baitzegoen jangelarik gure eskolan. Ni izebaren etxera joaten nintzen, nire gurasoek lan egiten baitzuten arratsalde arte eta ondoren, eskolara joaten nintzen nire izebaren etxe bloke berdinean bizi zen gelakide batekin batera.
Arratsaldeko harrera izaten zen niretzat, eta nik uste gelakide guztientzat, politena eta Haur Hezkuntzatik dudan oroitzapen hoberena. Goizean bezala denak kortxoaren gainean esertzen ginen borobilean eta hitz egiten hasten ginen. Egun batzuetan irakasleak galdetu egiten zigun zer bazkaldu genuen, baina beste batzuetan burua ukitzen zigun eta ondoren, bere eskua usaintzen zuen. Hori egiten zuenean, zer bazkaldu genuen asmatzen zuen. Hori zen guretzat harrigarriena, guk ezer ere esan gabe bazkaldu genuena asmatzen zuen, bere eskua usainduz. Hori egiten zuenean denak txundituta gelditzen ginen, ez genekien nola asmatzen zuen. Segur aski, gurasoek esango zioten lehenago edo asteko egun bakoitzean gauza berdina jango genuen, baina oraindik ez dut oso argi nola egiten zuen, gelakide guztioi asmatzen baitzigun. Hau egin ondoren beste ekintza batzuk egiten hasten ginen, puzzleak edo txokoetara berriro...
Hau da Haur Hezkuntzako eskolatzetik dudan oroitzapen hoberenetako bat.
Baina nire eskolaldian ez ditut une gozoak bakarrik bizi izan une ez hain gozoak edo txarrak ere bizi izan ditut. Egia esan, ez dut Haur Hezkuntzako adinean bizitako une txarrik gogoratzen, beraz, Lehen Hezkuntzan bizitako egoera txar bat kontatuko dut.
Gure eskolan ohitura handia zegoen taldeka lan egiteko, banaka ez genuen lan askorik egiten, lan gehienak taldekakoak izaten ziren, ikaskuntza kooperatiboa bultzatzeko helburuarekin. Gelakide gutxi izateak hori asko errazten zuen eta aukera aprobetxatu beharra zegoen. Honek buruhauste bat edo beste eman zidan niri.
Kontatuko dudan unea ingurunea ikasgaian gertatutakoa da. Ikasgai honetan beti taldeka egiten genuen lan, Lehen Hezkuntzako maila guztietan, baina taldeak lan batetik bestera aldatu egiten ziren, ez ziren finkoak, denekin lan egiten ikasi beharra baitago. Taldeak batzuetan irakasleak berak egiten zituen, baina beste batzuetan zozketa bidez egiten ziren.
Taldeak irakasleak egiten bazituen, normalean mailak nahastutako taldeak egiten zituen, ez gintuen maila bereko bi ikasle elkarrekin jartzen. Beraz, hirugarren mailara iritsitakoan gustura nengoen, laugarren maiakoekin baikeunden gelan eta beraz, zaharragoak zirenez eta gehiago zekitenez, asko lagunduko zidatela eta lana erraz egingo genuela pentsatzen nuen. Baina usteak erdia ustel, egin beharreko binakako lan bat, (kontinenteen eta mapen ingurukoa zehatzago esateko) laugarren mailako mutil alferrenarekin egitea egokitu baitzitzaidan, Julenekin. Hau beti izan da gelako alferra baina nik lagunduko zidan esperantza neukan. Oker nengoen, ordea, ez zidan ezertan laguntzen. Informazioa bilatzera liburutegira joan ginenean irakaslea ez zen denbora guztian gurekin gelditu eta berak alde egin bezain pronto bere lagunengana alde egin zuen gustatzen zitzaien liburu baten bila. Nik esaten nion informazioa bilatu behar genuela eta laguntzeko, baina ez zidan kasurik egiten.
Etxera iritsi eta lehenengo gauza amari kontatzea izan zen, amak lasai egoteko esan zidan, hurrengoan ziur lagunduko zidala eta ez kezkatzeko. Horrela, hurrengo egunean lagunduko zidan esperantzarekin joan nintzen eskolara. Baina gutxitan bezala, amak ez zuen asmatu. Informazioa aukeratu eta txukun idazten hasi behar genuen, irakurtzen hasi nintzen, bion artean garrantzitsuena aukeratzeko, baina ez zen ni irakurtzen ari nintzena entzuten ari. Oso une txarra pasatzen ari nintzen eta ezin nuen lan hura bakarrik egin, eskerrak irakasleak ez zuen lana egun horretan jaso. Etxera joan nintzen eta negarrez hasi nintzen, ez nekien bakarrik lana egiten eta Julenek ez zidan laguntzen, nire bizitzako arazorik larrienaren aurrean nengoela pentsatzen nuen baina amaren laguntzarekin pixka bat aurreratu ahal izan nuen lana.
Hurrengo egunean lan egiteko gogo gehixeago zuen eta nik esandakoa garbira pasatzen lagundu zidan, berak ere idatzi nahi zuen zerbait, bere letra ez bazen inon agertzen irakaslea konturatu egingo baitzen ezer ez zuela egin. Oso gaizki pasatu nuen lan hura egiten, Lehen Hezkuntzatik dudan oroitzapen txarrenetakoa da, baina aurrera atera ahal izan genuen lana. Orain, urteak pasa direnean konturatu naiz txikikeria bat zela eta horregatik ez naizela ikasketak aurrera atera ezinda gelditu, baina momentu horretan oso beltz ikusten nuen dena.
Lehenengo eguna! 2011ko urrriaren 24a
Urriaren 24a izan da nire lehenengo eguna Asteasuko eskolan. Oso urduri iritsi naiz baina oso gustura egon naiz. Lau urtekoen gelan egongo naiz hemendik azaro bukaerararte. Irakasleak aurretik esana zien ikasleei irakasle berri bat etorriko zela eta beraz, ikasleek onartu naute beraien gelan. Hau irakasleak gelan egiten ari ziren jardueran ondo integratu nauelako izan da hein handi batean. Uneoro nik ez nekiela eta gauzak nola egiten zituzten azaltzeko eskatzen zien ikasleei.
Lehenengo, gelako arduradunak bere izena idatzi du eta etorri direnak zenbatu ditu eta nor etorri ez den idatzi du arbelean. Data ere jarri du belkrozko piezekin eta zer eguraldi egiten zuen begiratu du arduradunak. Eguraldiaren inguruan gauza bitxi bat egiten dute, edo nik inoiz ikusi gabekoa eta asko harritu nauena. Kaxa batzuk dauzkate eta kaxa bakoitzean eguraldi egoera bat (haizea, eguzkia, euria...) dago idatzita. Beste kaxa batean kanikak dauzkate eta egiten duen eguraldiaren kaxan kanika bat sartzen dute. Hilabete bukaeran, kaxa bakoitzean dagoen kanika kopurua zenbatzen dute eta horrekin, bakoitzak fitxa bat betetzen du. Gero, egun horretan tokatzen zaizkien saioak begiratu ditu arduradunak, gaur ingelesa eta musika izan dute. Ni iritsi aurretik, ikasle bakoitzak denbora izan du bere asteburua kontatzeko.
Ondoren, ingeles eta musika saioak ikusteko aukera izan dut. Ingeleseko irakasleak ikasleei eta baita beste irakasleei ere ingelesez hitz egiten die denbora guztian, honek harritu egin nau baina oso ondo iruditzen zait, horrela gehiago ikasiko dutelako nire ustez. Honek hausnarketarako aukera eman dit, gaur egun gero eta gehiago baloratzen dira hizkuntzak eta txiki-txikitatik ingelesa sartzea beharrezkoa dela iruditzen zait. Gainera egun hauetan ingeleseko espezialitatea egin edo beste espezilitateren bat egin pentsatzen aritu naiz eta hau ikusi ondoren, ingeleseko espezialitatea egin nahi badut ingelesa gehiago landu behar dudala konturatu naiz, adin honetako haurrek ingelesa eskolan besterik ez dutelako entzungo eta eredu ona ematea beharrezkoa delako.
Aipatu behareko puntu bat iruditzen zait ingeleseko arduraduna ez dela gela arrunteko berdina. Honek harritu egin nau, zeren musikakoa gela arrunteko berdina da. Hau egitean iruditzen zait haurrak nahastu egin daitezkeela eta ingeles saioa aparteko zerbait bezala har dezaketela.
Ikasi dut, komunera joateko baimenekin nahiko zorrotza izan behar dela adin honetako haurrekin, bat komunera joan denean atzetik denak joan nahi izan dutelako.
Harritu nauen beste kontu bat hamaiketakoarena izan da, arduradunak banatzen ditu gailetak baina ikasle bakoitzak nahi duen kopurua jaten du. Haur bat batere jan gabe gelditzeak harritu nau, irakasleak ez baitu jatera derrigortu.
Hamaiketakoaren ondoren, jolastokira irten dira eta sartutakoan jolastokian egon den arazo bat konpondu dute. Asko gustatu zait irakasleak nola bideratu duen, haurra lotsatu egin baita (agian ni nengoelako) eta ez zuen zer gertatu zen esan nahi eta barkamena eskatu nahi. Orduan irakasleak arazoa konpontzera kanpora ateratzeko eskatu die. Geroxeago irakaslea irten da eta konpontzen lagundu die.
Lan kooperatiboa bultzatzeko programa batean sartuta daudenez, ondoren orri birakorra (taldeko partaideen artean marrazki bat egitean datza, txandaka orria pasatuz) izeneko lan kooperatiboa egin dute. Gero denbora soberan zegoenez txokoetara joan dira, bertan gehiago parte hartzen utzi dit irakasleak eta oso gustura aritu naiz.
Aipatu beharra dauzkat irakasleak ezustekoei aurre egiteko dituen estrategiak, beti daki zer egin. Lehenengo orduan txokoak egin behar zituzten, baina ni joan niazenez izenak ikasteko joku bat egin du. Hori egin eta denbora soberan genuenez, atsedenaldiaren ondoren egingo zutena (orri birakorra egingo zuten lehenengo aldia baitzen) azaldu die.
Arratsaldean ipuina tokatzen zen. Irakasleak aukera ematen dio arduradunari ipuina berak kontatzeko baina ez du behartzen, arduradunak ez badu kontatu nahi irakasleak kontatzen du. Oso ondo iruditzen zait ez behartzea, denen izaera ez baita berdina. Gero txokoetara joan dira, bertan arduradunak aldatzen du zein talde egongo den txoko bakoitzean, errotazioaren bidez. Gainera, goizean eta arratsaldean ez dute txoko berdina errepikatzen. Txokoetan ikusi dudan gauza bat asko gustatu zait, irakaslea ikasle batekin badago eta beste bat etortzen bazaio laguntza bila, itxaroteko esaten die oso modu egokian eta haurrek segituan ulertzen dute. Azkenik, ostiralean egingo duten txangoa gogorarazi die irakasleak eta oharrak banatu dizkie.
Nire hausnarketan aipatu beharreko puntu bat, arduradunari ematen zaion pribilegioa da. Borobilean esertzen direnean irakaslea aulki batean esertzen da eta gelako arduraduna ere aulkian esertzen da, nahiz eta honen aulkia irakaslearena baino txikixeagoa izan. Honekin arduradunari garrantzia ematea lortzen da eta ikaskideek arduradunari kasu egin behar diotela badakite. Oso ideia ona iruditzen zait hau egitea, horrela bisualki presente dutelako nori egin behar dioten kasu. Hau egitea, ikasleak arduradunaren lana gusturago egiteko modu bat iruditzen zait.
Hau izan da nire lehen eguna, bihar gehiago!
2011-10-21
Aurkezpena
Kaixo!
Leire Zubeldia naiz eta Haur Hezkuntzako gradua ikasten ari naiz Donostian. Bigarren ikasturtean nagoenez lehenengo practicuma egin behar dut. Ikastetxe batean irakasle moduan arituko naizen lehenengo aldia izango da eta Asteasuko Pello Errota herri ikastetxean burutuko dut lehenengo practicum hau. Blog hau ikastetxean gertatzen zaidana kontatzeko egina da, egunero, bertan bizitakoa eta nire hausnarketak idatziko ditut hemen. Astelehenean (urriaren 24ean) izango da nire lehen eguna eta azaroaren 25ean azkena. Egun asko ditut aurretik eta uste dut, praktiketako egonaldi hau oso esperientzia aberasgarria izango dela niretzat eta asko ikasteko esperantza daukat, irrikitan nago urriaren hogeita laua iristeko!
Suscribirse a:
Entradas (Atom)