2011-10-28

2011ko urriaren 28a

              Gaur egun berezia izan dugu, txikiguayra joan gara lau eta bost urteko gelakoak. Hasteko, denak eskolaren sarreran bildu gara, gelara sartu gabe. Bertan bi tutoreek ikasleak kontatu dituzte. Bost urtekoen gelako haur guztiak etorri dira baina lau urteko hiru haur falta ziren. Maitek bazekien bi haurrek ez zutela etorri behar, aurretik bere gurasoek abisatu baitiote, baina hirugarrena ez zela etorriko ez zekien. Hainbeste haurren artean irakaslea ez zen ohartzen zein falta zen eta orduan autobusera abiatu gara. Guraso guztiak atean zeuden eta azkar abiatu nahi izan dugu autobuserantz, bestela haurrenbat ez zuela joan nahi esanez hasteko arriskua baitago. Irakasleak autobusean ikasleen zerrenda begiratu du eta jakin du zein falta zen. Falta zen haurra haur txokora joaten da goizero eta bertako zaintzaileak ez zekien gaur txangoa genuenik, beraz, gelara eraman du. Segituan joan da Maite gelara eta falta zen haurrarekin bueltatu da. Egoera honetatik ateratako ikaskuntza, haur txokoko zaintzaileari ere oharrak eman behar dizkiogula izan da, berak ere jakin dezan ez duela gelara joan behar. Agian beste haurren bat izango balitz berak esango lioke zaintzaileari txangoa zuela baina hau nahiko isila denez, ez dio esan. Arratsaldean haurraren ama bere bila etorri denean Maitek egin duen lehenengo gauza gertatutakoa kontatzean izan da, beste gurasoek ikusi baitute autobusera sartu ondoren konturatu dela haur hori falta zela eta kanpotik enteratzea baino hobe da zuzenean kontatzea.
            Guztiak autobusean sartutakoan kantari egin dugu bidaia. Haurrek telebista jartzea nahi zuten baina irakasleek abesteko esan diete, beraiek hasi dira abesten eta horrela haurrek ere jarraitu dute. Irakasleek ez aspertzeko abestu eta pasatzen ginen herriaren izena esaten zieten, horrela oso gustura joan dira eta aktibo egon dira, aspertzeko tarterik gabe, hau oso egokia iruditzen zait.
            Iritsi garenean, guztiak binaka jarri eta ate ondoan itxaron dugu. Ateak ireki baino bost minutu lehenago iritsi garenez zain egon behar izan dugu. Irakasleek denbora hori luzea egin ez ziezaien minutuka zenbat denbora falta zen gogorarazten zieten eta minutu bat falta zenean atzerakako kontaketa egin dute. Kontaketa amaitu denean ez dira ateak ireki eta orduan beraien kaxa ekin diote berriro atzerakako kontaketari ateak ireki diren arte.
            Ateak irekitakoan poliki-poliki eskailerak igo ditugu txikiguayko atera iritsi garen arte. Bertan zapatak eta berokiak kendu eta jolasean hasi dira. Bertan oso begirale jatorra tokatu zaigu eta guri ere sartzeko baimena eman digu. Oso gustura ibili dira denak eta gu ere bai beraien artean. Tutoreek pentsatzen dute haurrekin mota honetako kontaktua izatea beharrezkoa dela eta gu ere bertara sartzera animatu gaituzte. Hamaiketakoa jan eta ondoren berriro sartu dira. Ordurarte ez da liskarrik gertatu baina jada nekatzen hasiak ziren eta batek baino gehiagok egin dute negar. Segituan pasa zaie, bai baitakite horrelako kasuetan barkamena eskatu behar dela eta hitz eginez konpontzen direla arazoak eta berriro ekin diote jolasari. Bertako tratua oso ona izan da, edozer behar bagenuen eska genezakeen eta haurrak ere oso gustura ibili dira.
            Gero, zapatak eta berokiak jantzi, berriro ere binaka jarri eta autobusera bueltatu gara. Buelta lasaiagoa izan da, denak nahiko isilik etorri dira nekatu egin baitira eta batzuk lo ere hartu dute.
            Arratsaldean, jangelakoek mantalak kendu eta denak lurrean eseri gara borobilean. Lehenengo, Maitek goizean ondo pasa al duten galdetu die, denek baietz erantzun dute eta oso gustura agertu dira. Mutil bat ez da Txikiguayra joan, medikuarengana joan behar zuelako eta Maitek, orduan, medikuak zer esan dion galdetu dio, baztertu gabe. Hau oso garrantzitsua iruditu zait, bestela mutila baztertua sentitu zitekeelako. Pasa den urtean txikiparkera joan ziren eta aurten berriz txikiguayra joan direnez Maitek ea zein gustatu zaien gehiago galdetu die. Hau egitearen arrazoia honakoa zen: pasa den urtean batzuk aspertu egin ziren eta han pasa behar zuten denbora bukatzerako noiz joango ziren  galdezka omen zeuden, aurten, berriz, ez da horrelakorik gertatu eta irakasleek esan dutenez aurten gusturago ibili direla iruditu zaie. Gehiengoak aurten joan den urtean bain hobeto pasa duela aitortu du. Ez da normala adin honetako haurrak horrelako leku batean aspertzea eta geldirik egotea, beraz, aldaketarekin asmatu dute.
            Goizean arduradunak lanak egiteko tarterik izan ez duenez, arratsaldean egin ditu. Hau egin ondoren, hilabetea astelehenean amaitzen denez eta jai dugunez, eguraldiaren lana egin dute. Eguraldi egoerak (eguzkia, euria, haizea, ostarteak, hodeiak eta elurra) idatzita dauden fitxa bat du bakoitzak. Arduradunak eguraldi egoeren kaxa bakoitzean dauden kanika kopurua zenbatu du eta bakoitzak bere fitxan gometsak itsatsi behar izan dituzte. Itsatsi behar zituzten gomets kopurua kaniken kopuru bera zen, adibidez, eguzkia idatzita zegoen kaxan bost kanika zeuden, beraz, bakoitzak bere fitxan bost gomets itsatsi behar zituen eguzkia idatzita zegoen  lekuan. Hau egiterakoan alde nabarmenak ikusi ditugu, gaurkoa banaka egiten zuten lehenengo aldia zen eta batzuk galduta ikusi ditugu Maitek eta nik. Denek batera egin dute, altuan zenbatu baititu arduradunak. Maitek zuzendu  gabe utzi die egiten denei eta ondoren, amaitu dutenean, banan-banan etorri dira guk zuzen geniezaien. Zerbait gaizki zutenei gelditzeko esan diegu eta besteei txokoetara libreki joateko baimena eman diegu. Gaizki zutenei banaka zuzentzen laguntzen aritu gara Maite eta ni. Batzuk erraz zuzendu dute, konturatu gara, lehenengo aldia zenez batzuk ez dutela oso ondo ulertu egin beharrekoa, baina beste batzuei asko kostatu zaie eta denbora dezente egon behar izan dugu beraiekin. Hala ere, pazientzia handiarekin lortu dugu denek zuzentzea. Honek Maitek uste zuena baino denbora gehiago kendu digu, beraz, ez ditugu pentsatuta zituen gauza guztiak egin. Askotan ezin da pentsatutako guztia egin, guk pentsa baitezakegu gauza bat segituan egingo dutela, baina hainbat arrazoiengatik luzatu daiteke, beraz, egokitzen jakin beharra daukagu eta onartzea besterik ez zaigu geratzen. Jarraian, ipuinak utzi ez zituztenek utzi dituzte eta berriak aukeratu. Azkenik,  etxerako prestatu (berokia jantzi, etxera eramateko ipuinak eta mantala hartu) eta ondoren idatzita dagoen abestia abestutakoan etxera joan dira.


OSTIRALA IRITSI DA
Ostirala iritsi da,
iritsi da ostirala:
Pozez betetako eguna,
zatoz nirekin laguna!
mantalak etxera eta
bi (lau) egunetako oporrak,
astelehenean (asteazkenean) berriz ere
bilduko gara gure eskolan.


            Lehenengo aste hau oso gustura pasa dut Asteasun, baina lanbide honetan nik uste baino gehiago nekatzen da. Orain lau egun ditugu deskantsatzeko, asteartea jai denez, astelehena zubia baita Pello Errotan. Beraz, asteazkenean itzuliko naiz indarberrituta!

No hay comentarios:

Publicar un comentario