Jarraian, nire eskolatzeko bi oroitzapen kontatuko ditut, dudan oroitzapen on batekin hasiko naiz eta segidan txar bat kontatuko dut. Hasteko, gauza bat argi utzi nahiko nuke, hemen erabiliko ditudan izenak faltsuak dira, beraien intimitatea gordetzeko asmotan egin dut hau.
Oroitzapenak kontatzen hasi aurretik nire txikitako testuinguruan kokatzea gustatuko litzaidake. Ni Lizartzakoa naiz, hau, herri txiki bat da eta euskaldun girokoa. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza bertako eskolan egin nituen, handik aurrera ez baitago bertan eskolatzerik. Nire herriko eskola, eskola txikia da, beraz, bi (edo hiru segun eta zein momentutan) adinetako haurrak batera egoten ginen gelan, hala ere, ez ginen haur asko, horrek irakaslearekin genuen harremana estuagoa izatea ekartzen zuen.
Une on asko igaro ditut nire eskolaldian eta gogoratzen dudan une gozoetako bat, Haur Hezkuntzako urteetan gure tutoreak egiten zigun harrera da. Goizero, nire eskolako haur guztiak bezala, esnatu, jantzi, gosaldu eta eskolara joaten nintzen amari eskutik helduta. Eskolako atera iristen nintzenean, amari muxu bat eman, berokia eskegilekuan zintzilika utzi eta oso gustura gela barrura sartzen nintzen. Bitartean, irakaslea amarekin hizketan gelditzen zen gelako ate ondoan. Ni bertan zeuden lagunekin jolasten hasten nintzen.
Haur guztiak iristen zirenean, bakoitzak bere kuxina hartu eta gelaren iskina batean zegoen kortxoaren gainean esertzen ginen. Bertan borobil bat egiten genuen eta irakaslea ere lurrean esertzen zen gurekin batera. Han geundela hitz egiten hasten zen irakaslea, guztioi txandaka galderak eginez. Zer gosaldu genuen galdetzen zigun, edo aurreko egunean egin genuena kontatzeko eskatzen zigun. Astelehena bazen, asteburuan egin genuena kontatzen genion elkarri eta oso gustura kontatzen nuen asteburuan gertatutakoa, baina besteek egin zutena entzutea ere gustatzen zitzaidan. Gainera, irakasleak, berak egiten zuena ere kontatzen zigun eta hori asko gustatzen zitzaidan, beti gauza harrigarriak kontatzen zizkigun eta barre asko egiten genuen berak kontatutakoarekin.
Ondoren, asteko arduradunak eskolara denak joan al ginen begiratzen zuen, bakoitzaren argazkiak etxetik eskolara pasatuz eta zer eguraldi egiten zuen jartzen zuen egurrezko piezen bidez, beste gelakideek lagundurik. Ondoren, eguneko zereginekin hasten ginen, ipuina kontatzen zigun irakasleak, edo txokoetan banatzen ginen...irakasleak esandakoa egiten genuen. Baina hori beste egunen batean kontatuko dut, orain ez baitator harira.
Hamabi eta erdiak iristen zirenean denak etxera joaten ginen bazkaltzera, orduan ez baitzegoen jangelarik gure eskolan. Ni izebaren etxera joaten nintzen, nire gurasoek lan egiten baitzuten arratsalde arte eta ondoren, eskolara joaten nintzen nire izebaren etxe bloke berdinean bizi zen gelakide batekin batera.
Arratsaldeko harrera izaten zen niretzat, eta nik uste gelakide guztientzat, politena eta Haur Hezkuntzatik dudan oroitzapen hoberena. Goizean bezala denak kortxoaren gainean esertzen ginen borobilean eta hitz egiten hasten ginen. Egun batzuetan irakasleak galdetu egiten zigun zer bazkaldu genuen, baina beste batzuetan burua ukitzen zigun eta ondoren, bere eskua usaintzen zuen. Hori egiten zuenean, zer bazkaldu genuen asmatzen zuen. Hori zen guretzat harrigarriena, guk ezer ere esan gabe bazkaldu genuena asmatzen zuen, bere eskua usainduz. Hori egiten zuenean denak txundituta gelditzen ginen, ez genekien nola asmatzen zuen. Segur aski, gurasoek esango zioten lehenago edo asteko egun bakoitzean gauza berdina jango genuen, baina oraindik ez dut oso argi nola egiten zuen, gelakide guztioi asmatzen baitzigun. Hau egin ondoren beste ekintza batzuk egiten hasten ginen, puzzleak edo txokoetara berriro...
Hau da Haur Hezkuntzako eskolatzetik dudan oroitzapen hoberenetako bat.
Baina nire eskolaldian ez ditut une gozoak bakarrik bizi izan une ez hain gozoak edo txarrak ere bizi izan ditut. Egia esan, ez dut Haur Hezkuntzako adinean bizitako une txarrik gogoratzen, beraz, Lehen Hezkuntzan bizitako egoera txar bat kontatuko dut.
Gure eskolan ohitura handia zegoen taldeka lan egiteko, banaka ez genuen lan askorik egiten, lan gehienak taldekakoak izaten ziren, ikaskuntza kooperatiboa bultzatzeko helburuarekin. Gelakide gutxi izateak hori asko errazten zuen eta aukera aprobetxatu beharra zegoen. Honek buruhauste bat edo beste eman zidan niri.
Kontatuko dudan unea ingurunea ikasgaian gertatutakoa da. Ikasgai honetan beti taldeka egiten genuen lan, Lehen Hezkuntzako maila guztietan, baina taldeak lan batetik bestera aldatu egiten ziren, ez ziren finkoak, denekin lan egiten ikasi beharra baitago. Taldeak batzuetan irakasleak berak egiten zituen, baina beste batzuetan zozketa bidez egiten ziren.
Taldeak irakasleak egiten bazituen, normalean mailak nahastutako taldeak egiten zituen, ez gintuen maila bereko bi ikasle elkarrekin jartzen. Beraz, hirugarren mailara iritsitakoan gustura nengoen, laugarren maiakoekin baikeunden gelan eta beraz, zaharragoak zirenez eta gehiago zekitenez, asko lagunduko zidatela eta lana erraz egingo genuela pentsatzen nuen. Baina usteak erdia ustel, egin beharreko binakako lan bat, (kontinenteen eta mapen ingurukoa zehatzago esateko) laugarren mailako mutil alferrenarekin egitea egokitu baitzitzaidan, Julenekin. Hau beti izan da gelako alferra baina nik lagunduko zidan esperantza neukan. Oker nengoen, ordea, ez zidan ezertan laguntzen. Informazioa bilatzera liburutegira joan ginenean irakaslea ez zen denbora guztian gurekin gelditu eta berak alde egin bezain pronto bere lagunengana alde egin zuen gustatzen zitzaien liburu baten bila. Nik esaten nion informazioa bilatu behar genuela eta laguntzeko, baina ez zidan kasurik egiten.
Etxera iritsi eta lehenengo gauza amari kontatzea izan zen, amak lasai egoteko esan zidan, hurrengoan ziur lagunduko zidala eta ez kezkatzeko. Horrela, hurrengo egunean lagunduko zidan esperantzarekin joan nintzen eskolara. Baina gutxitan bezala, amak ez zuen asmatu. Informazioa aukeratu eta txukun idazten hasi behar genuen, irakurtzen hasi nintzen, bion artean garrantzitsuena aukeratzeko, baina ez zen ni irakurtzen ari nintzena entzuten ari. Oso une txarra pasatzen ari nintzen eta ezin nuen lan hura bakarrik egin, eskerrak irakasleak ez zuen lana egun horretan jaso. Etxera joan nintzen eta negarrez hasi nintzen, ez nekien bakarrik lana egiten eta Julenek ez zidan laguntzen, nire bizitzako arazorik larrienaren aurrean nengoela pentsatzen nuen baina amaren laguntzarekin pixka bat aurreratu ahal izan nuen lana.
Hurrengo egunean lan egiteko gogo gehixeago zuen eta nik esandakoa garbira pasatzen lagundu zidan, berak ere idatzi nahi zuen zerbait, bere letra ez bazen inon agertzen irakaslea konturatu egingo baitzen ezer ez zuela egin. Oso gaizki pasatu nuen lan hura egiten, Lehen Hezkuntzatik dudan oroitzapen txarrenetakoa da, baina aurrera atera ahal izan genuen lana. Orain, urteak pasa direnean konturatu naiz txikikeria bat zela eta horregatik ez naizela ikasketak aurrera atera ezinda gelditu, baina momentu horretan oso beltz ikusten nuen dena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario