Bigarren egun honetan lehenengoan baino lasaiago ibili naiz eta hasi naiz pixkanaka gelako martxa hartzen. Lehenengo orduan, arduradunak bere lanak (bere izena, zenbat etorri diren zenbatu eta etorri ez direnen izenak arbelean idatzi, data jarri, eguraldiaren lana egin eta egun horretan tokatzen zitzaiena begiratu) egin ondoren, Maitek (irakasleak) lehengo gaiarekin amaitu zutela eta gai berriarekin hasiko direla azaldu die. Lehenengo lehengo gaian zer ikasi zuten galdetu die Maitek ikasleei eta asko gogoratu dira, etxea zen aurreko gaia eta hemengo etxeez aparte beste etxe motak ere ikasi dituzte, iglua eta jaima noren etxeak diren eta nolakoak diren, esaterako. Hau egiterako garaian ez ziren argazkian ikusitako etxe baten izena gogoratzen eta Maitek pistak emateko erabili duen modua oso ona iruditu zait. Orain irakurtzen eta idazten ikasten hasten ari direnez, hitzaren hasiera hitzez esan beharrean arbelean idatzi du. Ikasten ari direna integratzeko oso modu egokia iruditu zait, momentuan ez ziren hori lantzen ari baina berak hori sartzeko modua ikusi eta aurkitu du.
Gai berrian sartzeko ipuin bat kontatu die, baina lehenengo izenburua irakurri eta horri buruz dakitena esan dute. Gaurko ipuina inurriarena eta txirritxena zen, horregatik inurria zer zen ba al zekiten galdetu die. Ohikoa den bezala, batzuk beste batzuk baino gehiago hitz egiten dutenez, gutxiago hitz egiten dutenei galderak egin dizkie Maitek, hau oso egokia iruditu zait, bestela batzuk ezer ere esan gabe gelditzen baitira. Honetan ari zirela eztabaida bat sortu da, inurriek hegan egiten ote dute? batzuk baietz esaten zuten eta beste batzuk ezetz. Bakoitzak bere arrazoiak botatzen utzi die irakasleak eta ondoren inurriek hegorik ez dutela azaldu die. Maitek inurria zer den azaldu eta gero ipuina kontatu die. Ipuina kontatzen ari zen bitartean haur bat ez zen isildu ere egiten eta ipuina kontatzeari utzi gabe besotik helduz bere ondora eraman du. Egokia iruditzen zait horrela isilaraztea, beste haurrek ez baitiote baten erruz ipuina entzuteari utzi behar eta gainera horrela ikasleak ez du arreta bereganatzen eta haurrak ez du berriro hitz egingo irakaslearen arreta lortzeagatik. Ipuina kontatzen amaitu duenean ipuinaren inguruan hitz egiten hasi dira. Irakasleak inurria edo txirritx zein izan nahiago zuten galdetu die, gehienak txirritx izan nahi zutela esan dutenean arrazoiak emateko eskatu die, joera baitago batek esaten duelako ondoren guztiek berdina esateko. Gainera horrela ipuina ulertu ote duten jakin ahal izan du. Ondoren, ipuinaren abestia jarri du Maitek eta berak ere abestu du ikasleek letra ikas dezaten. Jarraian musikarik gabe abestu du Maitek ikasleek abestiak esaten dutena errazago uler dezaten.
Txokoen garaia iritsi da ondoren. Hasieran ez nekien oso ondo zer egin eta nahiko galduta sentitu naiz, astelehenean liburutegi txokoan zeudenei laguntzen ibili bainintzen eta gaurko taldeak lan guztiak eginak zituenez jolas librean ibili dira, horregatik, ez nekien oso ondo zer egin. Baina segituan lagundu dit Maitek, margotegi txokora joateko eskatu dit bertakoei laguntzera eta orduan erosoago sentitu naiz. Konturatu naiz, nahiz eta denak adin berekoak izan aldeak badaudela, batzuk egin beharreko lana segituan bukatu duten bitartean beste batzuk lehengo eguneko lana bukatzeko denborarik ere ez baitute izan. Eskola guztietan gertatzen da hau, ikasle guztiak ez baitira berdinak, beraz, irakaslea izaten naizenean hau kontuan hartu beharko dut. Hala ere, zaila egingo zaidala iruditzen zait horrelako egoera baten aurrean zer egin jakitea.
Hamaiketakoaren garaia iritsi da eta gaur fruta tokatzen zen, mandarina edo platanoa zuten aukeran eta errepikatu nahi zuenak nahi zuen bezainbeste errepika zezaken. Hala ere, haur bat jan gabe geratu da (ez da asteleheneko ikasle bera izan), Maitek esan didanez ez zaio fruta asko gustatzen, udarea besterik ez du jaten. Maitek behin eta berriz esan dio probatzeko baina ez du nahi izan eta ez du jatera behartu.
Jolasgaraitik bueltan gaur ere liskarra gertatu da eta hori konpontzea izan da lehenengo lana. Aipatu beharra daukat, paretan itsatsita gelakide guztiek sinatutako arauak dituztela eta liskarrenbat gertatzen den aldioro Maitek gogorarazten die denek sinatu zituztela arauak eta ez dituztela apurtu behar. Segituan konpondu dute arazotxoa eta txokoetara joan dira. Liburutegi txokokoek lehengo asteburuan irakurtzeko eraman zuten ipuina ekarri dute eta bakoitzak bere fitxan ixa bat egin du itzuli dutela jakiteko. Astelehenetan egiten dute normalean baina lehengo astelehenean ahaztu egin zitzaion Maiteri eta gaur egin dute. Ondoren, bukatu gabeko lanak amaitu dituzte eta gero jolas librean aritu dira. Askotan ikasleek materiala hartzen zuten eta jolaserako erabiltzen zuten. Orduan, Maitek behar den bezala erabiltzeko esaten zien, liburutegi txokoan dagoen materiala ez baita jolaserako eta nahi duten moduan ibiltzeko, material bakoitzak funtzio bat dauka eta horretarako erabili behar da ikasteko baitira bertako materialak.
Gero, bazkaltzeko garaia iritsi da baina irakasleek etapako bilera zutenez ikustera joan naiz. Bertan pedagogia batzordera joaten den ordezkariak bilerako puntuak azaldu ditu eta erabakirenbat hartu behar bazen denen artean erabaki dute bakoitzak bere iritzia botaz eta argudiatuz. Gero, beraiei zegozkien gaien inguruan aritu dira.
Arratsaldean salto gelara joan gara, bertan psikomotrizitatea egiten dute. Maitek esan didanez Aucouturier jarraitzen du, pasa den urtean ikasi genuen zerbait honi buruz eta ikasitako faseak betetzen dituela aitortu beharra daukat. Gelara sartu bezain pronto zapatak kendu dituzte eta borobilean eseri dira lurrean, irakaslea ere lurrean eseri da. Ondoren, gelako arduradunak arauak gogorarazi ditu eta ondo pasatzera etorri direla esan du, hori esandakoan irakasleak ikasle bakoitzari ondo pasatzeko zer egingo duen galdetu dio. Hurrengo pausoa aparrezko blokeekin egindako pareta botatzea izan da. Irakasleak abesti bat kantatu du ikasleen laguntzaz eta bat bi eta hiru zenbatutakoan korrika abiatu dira pareta botatzera, horrela hasi da jolas librea. Haur batzuk hasieratik hasi nahi izan dute jolas sinbolikoan baina Maitek ez die horretarako materiala segituan hartzen uzten, jolas motore pixka bat egitea beharrezkoa dela pentsatzen du. Irakasleak esan didanez haur bakoitzak beti jolas antzekoak egiteko joera du, baina psikomotrizitate saio gehiago ikusteko aukera izango dudanez, aurrerago kontatuko dizuet ea horrela den.
Konturatu naiz, nahiz eta denak ibiltzen diren jolas mota guztietan neskak joera handiagoa dutela jolas sinbolikoan ibitzeko eta mutilak motorean ibiltzeko. Gainera batzuk beldur gehiago dute salto handiak egiteko baina Maitek animatuta denek egin dute salto. Behatu dudan beste aspektu bat, haur bat bakarrik ibili dela jolasean izan da eta Maitek esan dit askotan jolasten duela haur horrek bakarrik. Orduan Maitek parte hartu du eta esan dio ea ez zuen inor gonbidatu behar etxera, hasieran ez zuen nahi, baina irakasleak bazkaltzera edo afaltzera gonbidatzeko esan dionean gonbidatu ditu lagun gehiago. Azkenean haur dezente ibili dira berak egindako etxean jolasean. Gaurkoan irakasleak ez du saioa gidatu, bakoitza nahi duen jolasean ibili da, baina parte hartzen du beraiei laguntzeko, saltoak egitera animatuz edo lagunak gonbidatzeko esanez. Haurrek joera dute irakasleari laguntza eskatzeko (etxe bat egiterakoan adibidez), hasieran laguntzen die, baina gero esaten die beraiek bakarrik egiteko. Laguntza ematen die baina ez die dena egina ematen, hau oso ondo iruditzen zait, hasieran ikasleek ez dakitelako nola egin dezaketen adibidez iglu bat, baina behin ikusitakoan gai dira beraiek egiteko, beraz, ez zaie egin behar. Amaitzeko minutu batzuk lehenago amaitzera zihoala abisatu die eta ondoren denen artean jasotzen hasi gara. Gero talde erdiak marrazkia egin du eta beste erdiak eraikuntza, irakasleak esandako taldeetan, asko baitira. Bukatzeko zapatak eta berokiak jantzi eta etxera joan gara denak.
Hau izan da nire gaurko eguna, ea biharkoa zer moduzkoa den!
No hay comentarios:
Publicar un comentario