2011-10-27

2011ko urriaren 27a


          Hirugarren eguna izan da gaurkoa eta oraingo honetan ere ikasteko aukera izan dut. Eguna hasteko, eguneko arduradunak bere lanak egin ditu. Gaurko arduradunari beste egunetan izan zirenei baino gehixeago kostatu zaio egin beharrekoak egitea. Badakit haur guztiak ez direla berdinak eta batzuei besteei baino gehixeago kostatzen zaiela ikastea, baina honi asko kostatzen zaio zentratzea. Gainera, ikaskideek esaten diotenari kasu gehiegi egiten die eta berak pentsatu beharrean besteek esan arte itxaroten du. Adibidez, asteko zein egun zen esatea asko kostatu zaio eta ikaskideek osteguna zela esandakoan berak segituan esan du osteguna zela. Hala ere, osteguna jartzen zuen txarteltxoa aukeratzea asko kostatu zaio. Pasa den ikasturtean, abesti baten bidez ikasi zituzten asteko egunak, baina Maitek esana die, abestia abestu gabe gogoratu behar dutela asteko egunen ordena. Hala eta guztiz ere, gaurko arduradunak zein egun den asma zezan abestu egin behar izan du. Maitek egiten duen gauza batek atentzioa deitu dit, gauzak esan aurretik pentsatu egin behar dela esan beharrean, abesti baten hasiera abesten du, burua pentsatzeko... burua hitza entzun bezain pronto haur guztiek esaten dute pentsatzeko eta badakite zer egin behar duten. Metodo hau egokia iruditzen zait, abestien bidez errazago sartzen baitira gauzak eta errazago ikasten baitute haurrek. Gaurko arduraduna egitekoak egiten ari zenean konturatu naiz zein beharrezkoa den irakasle lanean pazientzia handia edukitzea. Ni banintz Maiteren lekuan zegoena ez dakit zer egingo nukeen, baina berak ondo eutsi dio egoerari eta aurrera ateratzen jakin du. Arduradunak berak bakarrik erantzuna esaten ez bazekien gelakideei galdetuz eta metodo edo estrategia desberdinak erabiliz.
            Gai berriarekin jarraitu dugu ondoren. Maitek irudi bat jarri du arbelean itsatsita eta ikasleei bertan ikusten zutena erne begiratzeko esan die. Bertan perretxikoak, intxaurrak, usoak, ehiztariak, hostoak lurrean...agertzen ziren. Gero berak irudiaren inguruko galderak egin dizkie eta horretaz hitz egin ondoren, gaiaren izena asmatu behar zuten, gaia udazkena da. Gainera, hau egin bitartean, batek baino gehiagok  komunera joan nahi izan du eta mozten jakin du, oso larria al zen galdetu die. Oso modu egokia iruditu zait, bat joaten bada guztiek joan nahi izaten baitute komunera eta galdera hori eginez ondo pentsatzen dute eta konturatzen dira ez dela beharrezkoa komunera joatea, aguanta dezaketela.
            Ondoren, txokoen garaia iritsi da. Normalean etxera eramateko ipuinak ostiraletan hartzen dituzte, baina bihar txikiguayra goazenez, liburutegi txokokoek gaur aukeratu eta idatzi dute ipuinaren izenburua fitxan. Oraindik ez dakitenez ipuinean idatzita dagoen izenburua paperean kopiatzen, Maitek ipuin guztien izenburuak txarteletan idatzita dauzka. Ez dakite ondo irakurtzen ere, beraz, taldekoek aukeratu dituzten ipuinen izenak idatzita dauden txarteltxoak mahaiaren gainean utzi ditugu (ipuin asko daudenez, denak utziko bagenitu denbora asko beharko lukete) eta bakoitzak bere ipuinaren izenburua zein zen erabaki behar zuen gero bere fitxan idazteko.
            Alde handiak ikusi ditut hemen, batzuk ipuinaren izena idazterako beste batzuk egun horretako lana ere amaitu baitute. Gaur liburutegi txokokoak aldizkarirako idazten aritu dira, egindako txango batean, (zehazki Tolosako topic lorategian) ikusitakoa idatzi behar zuten. Batzuk hau egin duten bitartean, beste batzuk ez dute eguneko lana ere bukatu. Mutil batek gainera, nekatuta zegoela esaten zuen eta ez zuela lana egin nahi. Irakaslea mila modutara saiatu da egin zezan (biharko txangora joateko ere nekatuta egongo zela esan dio esaterako), baina azkenean, bukatzen ez bazuen jolasgaraian gelan geratuko zela esan dio. Esan eta egin, ez du bukatu eta bertan geratu da. Hau oso ondo iruditu zait, askotan ikasleei esaten baitzaie zigortuta geratuko direla eta gero azkenean ez da betetzen. Maitek esandakoa bete du, beraz, mutilak hurrengorako ikasi du irakasleak ez duela esateagatik esaten zigorrarena, esandakoa betetzen duela. Lana amaitu duenean, irten da jolastokira, baina bere marrazkia ikusitakoan igartzen zen amorruz egin duela.
            Besteak bitartean gustura ibili dira beraien txokoetan, ama eta aitatan jolasean, hiruhilabeteko bukaeran lanak etxera eramateko karpetak margotzen, plastilinarekin, puzzleak, eraikuntzak...egiten. Ondoren, hamaiketakoa jan eta jolastokira irten dira. Gaur ere fruta tokatzen zen, baina gaur mandarina eta udarea zeudenez denek jan dute. Zigortuta gelditu den mutilak ez du besteekin batera jan, besteak jaten ari ziren bitartean zigortuta baitzegoen lana bukatzen, baina ondoren jan du. Nahiz eta gaurko goiza oso gogorra izan den Maiterentzat, pazientzia handia izan du. Hau harrigarria iruditu zait eta aipatu beharra neukala uste dut.
            Jolasgaraitik bueltan, ordenagailuen gelara joan gara. Gaur jolas librea tokatzen zen, baina bi baldintza zeuden, denentzat ordenagailurik ez dagoenez txandaka erabiltzea eta orain arte ikasitako gaietan bakarrik ibiltzea. Bik ez dute azken baldintza hau bete eta beraz, beraien txanda bat ez dute egin. Gustura ikusi ditut denak ordenagailu gelan eta denek errespetatu dituzte txandak. Harrituta geratu naiz gainera, lau urteko haurrek sagua nola erabiltzen duten ikusita, batzuei kostatzen zaie nahi duten lekura eramaten, baina orokorrean ondo menperatzen dute.
            Haurrak bazkaltzera joan direnean klaustroko bilera zegoen. Bertan, ikastetxeko irakasle guztiak, zuzendaria eta ikasketa burua zeuden. Gai askoren inguruan hitz egin dute, konpromiso berdearen inguruan besteak beste, eta erabakirenbat ere hartu dute denen artean, hitz eginez. Atzoko zikloko bileran irtendako gaien inguruan ere aritu dira eta HH-ko koordinatzaileak atzo hitz egindakoa aipatu du.
            Bazkal ondoren, ingelesa eta musika zituzten. Hau egiteko beste irakasle batzuk dituzte eta tutorea ez da bertan egoten. Ordu hau ikastetxe honetan Haur Hezkuntzan praktiketan gauden bi ikasleak eta bion tutoreak elkarrekin hitz egiteko aprobetxatu dugu. Zer moduz sentitzen ari garen galdetu digute, laguntzeko daudela eta edozer behar badugu lasai eskatzeko argi utzi digute. Oso jatorrak izan dira gurekin eta beraien materiala non dagoen eta ordenagailuan aurkitzeko argibideak eman dizkigute.
            Eguna amaitzeko, orduerditxo batez Maiterekin eta nirekin egon dira. Denbora tarte honetan gauza baten berri eman diegu. Adostokia izeneko txoko bat sortu behar dute lau eta bost urteko ikasleentzat, bi gelen artean, pasilloan. hau, gertatzen diren liskarrak konpontzeko tokia izango da, izenak esaten duen bezala. Leku honetan bi aulki egongo dira, aulki batean ahoa eta bestean belarria egongo dira marraztuta. Ahoa duen aulkian esertzen denak hitz egin beharko du eta belarria duenean esertzen denak entzun, hala ere, aulkiz aldatuko dira, denek hitz egiteko eta entzuteko aukera izan dezaten. Hau oso egokia iruditzen zait, adin honetan haurrak asko haserretzen baitira eta hori konpontzeko leku bat izatea beharrezkoa da, beraiek ikas dezaten arazoak konpontzea zeinen garrantzitsua den.
          Hau izan da gaurkoa eta bihar txangoa dugu, txikiguayra goaz, hau guztiz esperientzia berria izango da niretzat, beraz, ea zer moduz moldatzen naizen!

No hay comentarios:

Publicar un comentario