MARRAZKIAREN AZALPENA
Marrazki hau zergatik egin dudan, hau da, bertan egindakoa azaltzen saiatuko naiz ondorengo lerroetan. Nire eskolaldia nolakoa izan zen azaldu nahi izan dut marrazki honen bitartez, badakit ez dudala oso ondo marrazten eta ez naizela oso iaioa honetarako, beraz, azalpen argi bat ematen saiatuko naiz.
Esan beharra daukat, beti oso gustora joan izan naizela eskolara, horregatik nabarmendu nahi izan dut nire aurpegiko irribarrea. Amak eta aitak esan didatenez ez nuen inoiz negar askorik egiten eskolara joan behar nuenean, agian adin bereko lehengusu bat dudalako izango zen, banekielako bera nire ondoan egongo zela eta horrek lasaituko ninduen.
Gelan txokoak genituen eta errotazio librean ibiltzen ginen, hau da, bakoitza nahi genuen txokora joaten ginen. Nahiz eta orokorrean txoko guztiak gustatzen zitzaizkidan eta guztietatik pasatzen nintzen, denbora gehien etxe txokoan pasatzen nuen, gehien gustatzen zitzaidan txokoa zelako. Bertan amaren papera betetzea gustatzen zitzaidan, erosketak egitera joatea, janaria prestatzea, haurrari jaten ematea... Baina dendariarena egitea ere gustuko nuen, telefonoa hartu, janaria pisatu... Emakumearen papera egitea gustatzen zitzaidan.
Haur Hezkuntzako garaian asko gustatzen zitzaidan abestea eta dantzatzea ere, garai hartan euskaraokea botatzen zuten telebistan eta ez zegoen hura galtzen nuen egunik. Eskolako atseden garaian euskaraokeko aurkezlearen papera egiten nuen eta parkeko aulkien gainera igo eta kantatu eta dantzatu egiten nuen. Gelako haur guztiak beheran publikoa izango balira bezala begira edukitzen nituen. Baina ez nintzen ni bakarrik izaten abesten zuena, denak igotzen ginen aulkiaren gainera txandaka. Hau izan da atsedenaldia marraztearen arrazoia eta marrazkiaren azalpena.
Ez zitzaidan hainbeste gustatzen puzzleak egitea, gelako gehienek nik baino lehenago amaitzen zituztelako eta azkena izatea inori gustatzen ez zaion bezala, niri ere ez zitzaidan gustatzen. Horregatik egin diot ixa handi bat puzzleari.
Gustatzen ez zitzaidan beste gauza bat, eskolara berandu iristea zen, hori da ordularia marraztearen arrazoia. Ordutegiaren ezaguera izan nuenetik oso puntuala izan naiz beti. Baina ni nire anaiarekin batera joaten nintzen eskolara eta nire anaiari asko kostatzen zitzaion janztea eta gosaltzea, beraz, eguna beti haserre hasten genuen. Nik bederatziak laurden gutxiagorako atera nahi izaten nuen etxetik bederatzietarako eskolan egoteko, nahiz eta gure etxetik eskolara bost minutu baino gutxiago egon, eta nire anaia mugiaraztea asko kostatzen zitzaidan.
Iruditzen zait izan ahal ditudan irakaslerik hoberenak izan ditudala eta ezin dudala kexatu, oso eredu onak izan direlako niretzat. Honek bultzatu nau irakasle ikasketak egitera, nire bizitzako etapa honetako oroitzapen oso onak ditudalako eta asko gustatuko litzaidakeelako beste haur batzuk ere nirekin horrelako egoerak bizitzea. Horregatik, nik izandako irakasleak bezalako irakaslea izatera iristea asko gustatuko litzaidake, pazientzia handikoa eta oso goxoa izatea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario