2011-10-25

Lehenengo eguna! 2011ko urrriaren 24a

           Urriaren 24a izan da nire lehenengo eguna Asteasuko eskolan. Oso urduri iritsi naiz baina oso gustura egon naiz. Lau urtekoen gelan egongo naiz hemendik azaro bukaerararte. Irakasleak aurretik esana zien ikasleei irakasle berri bat etorriko zela eta beraz, ikasleek onartu naute beraien gelan. Hau irakasleak gelan egiten ari ziren jardueran ondo integratu nauelako izan da hein handi batean. Uneoro nik ez nekiela eta gauzak nola egiten zituzten azaltzeko eskatzen zien ikasleei.        
            Lehenengo, gelako arduradunak bere izena idatzi du eta etorri direnak zenbatu ditu eta nor etorri ez den idatzi du arbelean. Data ere jarri du belkrozko piezekin eta zer eguraldi egiten zuen begiratu du arduradunak. Eguraldiaren inguruan gauza bitxi bat egiten dute, edo nik inoiz ikusi gabekoa eta asko harritu nauena. Kaxa batzuk dauzkate eta kaxa bakoitzean eguraldi egoera bat (haizea, eguzkia, euria...) dago idatzita. Beste kaxa batean kanikak dauzkate eta egiten duen eguraldiaren kaxan kanika bat sartzen dute. Hilabete bukaeran, kaxa bakoitzean dagoen kanika kopurua zenbatzen dute eta horrekin, bakoitzak fitxa bat betetzen du. Gero, egun horretan tokatzen zaizkien saioak begiratu ditu arduradunak, gaur ingelesa eta musika izan dute. Ni iritsi aurretik, ikasle bakoitzak denbora izan du bere asteburua kontatzeko.
            Ondoren, ingeles eta musika saioak ikusteko aukera izan dut. Ingeleseko irakasleak ikasleei eta baita beste irakasleei ere ingelesez hitz egiten die denbora guztian, honek harritu egin nau baina oso ondo iruditzen zait, horrela gehiago ikasiko dutelako nire ustez. Honek hausnarketarako aukera eman dit, gaur egun gero eta gehiago baloratzen dira hizkuntzak eta txiki-txikitatik ingelesa sartzea beharrezkoa dela iruditzen zait. Gainera egun hauetan ingeleseko espezialitatea egin edo beste espezilitateren bat egin pentsatzen aritu naiz eta hau ikusi ondoren, ingeleseko espezialitatea egin nahi badut ingelesa gehiago landu behar dudala konturatu naiz, adin honetako haurrek ingelesa eskolan besterik ez dutelako entzungo eta eredu ona ematea beharrezkoa delako.
            Aipatu behareko puntu bat iruditzen zait ingeleseko arduraduna ez dela gela arrunteko berdina. Honek harritu egin nau, zeren musikakoa gela arrunteko berdina da. Hau egitean iruditzen zait haurrak nahastu egin daitezkeela eta ingeles saioa aparteko zerbait bezala har dezaketela.
            Ikasi dut, komunera joateko baimenekin nahiko zorrotza izan behar dela adin honetako haurrekin, bat komunera joan denean atzetik denak joan nahi izan dutelako.
            Harritu nauen beste kontu bat hamaiketakoarena izan da, arduradunak banatzen ditu gailetak baina ikasle bakoitzak nahi duen kopurua jaten du. Haur bat batere jan gabe gelditzeak harritu nau, irakasleak ez baitu jatera derrigortu.
            Hamaiketakoaren ondoren, jolastokira irten dira eta sartutakoan jolastokian egon den arazo bat konpondu dute. Asko gustatu zait irakasleak nola bideratu duen, haurra lotsatu egin baita (agian ni nengoelako) eta ez zuen zer gertatu zen esan nahi eta barkamena eskatu nahi. Orduan irakasleak arazoa konpontzera kanpora ateratzeko eskatu die. Geroxeago irakaslea irten da eta konpontzen lagundu die.
            Lan kooperatiboa bultzatzeko programa batean sartuta daudenez, ondoren orri birakorra (taldeko partaideen artean marrazki bat egitean datza, txandaka orria pasatuz) izeneko lan kooperatiboa egin dute. Gero denbora soberan zegoenez txokoetara joan dira, bertan gehiago parte hartzen utzi dit irakasleak eta oso gustura aritu naiz.
            Aipatu beharra dauzkat irakasleak ezustekoei aurre egiteko dituen estrategiak, beti daki zer egin. Lehenengo orduan txokoak egin behar zituzten, baina ni joan niazenez izenak ikasteko joku bat egin du. Hori egin eta denbora soberan genuenez, atsedenaldiaren ondoren egingo zutena (orri birakorra egingo zuten lehenengo aldia baitzen) azaldu die.
            Arratsaldean ipuina tokatzen zen. Irakasleak aukera ematen dio arduradunari ipuina berak kontatzeko baina ez du behartzen, arduradunak ez badu kontatu nahi irakasleak kontatzen du. Oso ondo iruditzen zait ez behartzea, denen izaera ez baita berdina. Gero txokoetara joan dira, bertan arduradunak aldatzen du zein talde egongo den txoko bakoitzean, errotazioaren bidez. Gainera, goizean eta arratsaldean ez dute txoko berdina errepikatzen. Txokoetan ikusi dudan gauza bat asko gustatu zait, irakaslea ikasle batekin badago eta beste bat etortzen bazaio laguntza bila, itxaroteko esaten die oso modu egokian eta haurrek segituan ulertzen dute. Azkenik, ostiralean egingo duten txangoa gogorarazi die irakasleak eta oharrak banatu dizkie.
            Nire hausnarketan aipatu beharreko puntu bat, arduradunari ematen zaion pribilegioa da. Borobilean esertzen direnean irakaslea aulki batean esertzen da eta gelako arduraduna ere aulkian esertzen da, nahiz eta honen aulkia irakaslearena baino txikixeagoa izan. Honekin arduradunari garrantzia ematea lortzen da eta ikaskideek arduradunari kasu egin behar diotela badakite. Oso ideia ona iruditzen zait hau egitea, horrela bisualki presente dutelako nori egin behar dioten kasu. Hau egitea, ikasleak arduradunaren lana gusturago egiteko modu bat iruditzen zait.
            Hau izan da nire lehen eguna, bihar gehiago!

No hay comentarios:

Publicar un comentario