2011-11-26

Ondorioak

Amaitu da praktikaldia eta oso gustura egon naiz Asteasuko eskolan, oso esperientzia aberasgarria izan baita niretzat. Orokorrean dena gustatu zait, hala ere, hasieran, oso urduri jartzen nintzen ikasleek liskarrenbat izaten zutenean nigana etortzen zirenean, ez bainekien zer egin edo nola jokatu eta irakasleari esaten nion. Gero, berak nola konpontzen zituen ikusita, nik ere berdin jokatzen ikasi nuen, berak egiten zuena egiten eta ez nintzen hain urduri jartzen.
Bai ikasleekin eta baita irakaslearekin ere harremanak oso onak izan dira. Berehala  hartu nuen konfiantza eta irakaslea beti zegoen laguntzeko prest, behar nuena eskatzeko eta zalantzak lasai galdetzeko esaten zidan. Zer egin ez nekiela ikusten zuenean ere beti laguntzen zidan. Pena handia hartu nuen atzo eta negar malkorenbat edo beste irten zitzaidan agur esaterakoan. Haurrek ere ez zuten ni joaterik nahi, nora joan behar nuen galdetzen zidaten eta zergatik, nik nire eskolara bueltatu behar nuela esandakoan ez zuten ulertzen, nire eskola hura zela esaten zidaten. Faltan botako ditut.
Irakasle moduan hasieran oso urduri sentitzen nintzen, ez banekien ariketak egiterakoan nola lagundu ikasleei eta nola jokatu egoera desberdinen aurrean. Baina pixkanaka ikasten joan naiz, irakasleak egiten zuena ondo behatuz eta ikasiz. Hobeto sentitzen joan naiz, baina oraindik asko dudala ikasteko badakit. Gainera abantaila handi bat izan dut, beti nuela ondoan tutorea eta edozein zalantzaren aurrean han nuen laguntzeko. Horrek egoeren aurrean ni lasaiago sentitzen eta askatzen lagundu dit.
Egon naizen eskola oso erakargarria zen, bertako irakasleen arteko harremanak eta ikasleenak oso onak baitziren eta horrek asko laguntzen du. Gainera, eskola batera irakasle moduan joan naizen lehenengo aldia da eta gogo askoz joan nintzen. Asko ikasi dut, baina batez ere, ikasleen jokaera batzuen aurrean zer egin, nola jokatu, zenbateraino lagundu eta nola lagundu dena egina eman gabe. Irakasleen arteko harremanaren garrantziaz ere ohartu naiz eta nire begiekin ikusi ahal izan dut ikasleen aurreko lanaz aparte lan asko egiten dutela irakasleek eta hau ere oso garrantzitsua da.
Ikasketa hauek hartutakoan nahiko argi nuen irakasle izan nahi nuela, baina praktikaldi honen ondoren, oraindik ere argiago dut gustuko lanbidea aukeratu dudala. Praktiketako lehenengo eguna amaitu zenean ikastetxeko zuzendariak ea irakasle izateko gogoak joan zitzaikidan galdetu zidan eta esan nion, orain lehen baino argiago dudala irakasle izan nahi dudala. Praktikaldia amaitu eta gero oraindik ere argiago dut irakasle izan nahi dudala.
Amaitzeko eskerrak eman behar dizkiet Asteasuko Pello Errota eskolako irakasle eta ikasle guztiei, eta batez ere nire tutorea izan de Maiteri, mila esker zure inplikazioagatik, eman didazun laguntza guztiagatik eta denagatik!!

2011-11-25

Azken eguna, praktikaldiaren hasierara itzuli nahiko nuke!!

Gaurkoa egun tristea izan da, azken eguna baitzen. Bukatu da lehenengo praktikaldia eta uste nuena baino azkarrago pasatu da. Oso egun politak bizi izan ditut eta asko ikasi dut.
Hala ere, beti bezala hasi da eguna. Lehenengo, kontatu beharrekoa kontatu dute ikasleek eta ondoren arduradunaren lanekin hasi gara. Oso ondo egin ditu arduradunak egin beharrekoak. Gainera, eguraldiaren lana egiterakoan, bera hasi da arbelean bolatxoak marrazten, hamarrera iristeko zenbat kanika falta ziren asmatzeko. Honek asko harritu nau, normalean Maitek marrazten baititu bolatxoak. Baina gaurkoak iniziatiba izan du, eta beraz, pixkanaka pausoak emanez ikasten ari direla ohartu naiz.
Ondoren, hizkiak lantzeko arduradunaren abizena oinarritzat hartuz, Z hizkia landu dugu. Denek ondo bereizi dute hizki hau eta ez dira nahastu beraien izenek eta abizenek bazuten edo ez esaterakoan. Gainera, ohartu naiz, mutiko bat ohartu dela hau dela duen hizkia, beste hizki batzuk landu genituenean ez baitzekien berak zuena zein hizki zen eta denak zituela esaten zuen. Beraz, aurrerapauso bat izan du.
Gero zuzendaria etorri da gelara eskolako ikasle zaharrenekin. Hauek, euskararen egunean ikasle guztiek abestu behar duten abestia entseatzera etorri dira, hau da abestuko duten abestia:



BEHIN BETIKO
Behin betiko, behin betiko
sinple bezain tinko,
ez dugu etsiko!
Behin betiko, behin betiko
sinple bezain tinko,
EUSKARAZ ETA KITTO!
Etxean eta kalean
berdin-berdin jolasean,
eskolan, lanean,
borrokan eta pakean. (tristuran eta pozean)
Dakitenek erabiliz,
ez dakitenek ikasiz,
herri bat osaturik
euskaraz nahi dugu bizi.
Hasi etxetik eta kalera,
hasi kaletik eta etxera,
martxan jarri da lege berria:
Euskaraz Euskal Herrian.


Oso baxu abestu dute lau urteko ikasleek, baina normala da beraiek baino zaharragoak diren ikasleen aurrean lotsatzea eta agian ez zuten letra jakingo.
Gero, asteburuan etxera eramateko ipuina aukeratu dute. Aukeratutakoan eseri eta bakoitzak bere fitxan ipuinaren izenburua idatzi du. Horretarako, Maitek eta nik ipuinen izenak idatzita dauden txarteltxoak banatu dizkiegu. Mahaien gainean utzi ditugu mahai bakoitzean zeuden ipuinen izenburuak eta bakoitzak berea zein zen aukeratu behar zuen. Beharrezkoa da txarteltxoak banatzea, ipuin batzuen izenburuak letra minuskulaz idatzita baitaude eta oraindik ez dakite txikiz irakurtzen. Ondo iruditzen zait bakoitzari bere txarteltxoa zuzenean eman beharrean beraiek aurkitu behar izatea, pixkanaka ari baitira irakurtzen ikasten eta horrela ez zaie zaila egiten. Lehenengo egunetik hona aldaketa nabaritu dut, nahiko erraz idatzi dituzte denek gaur izenburuak. Hau egiten ikusi nuen lehenengo egunean askoz ere gehiago kostatu zitzaien. Nabaritzen da pixkanaka aurrerapausoak egiten eta ikasten ari direla.
Ingeleseko irakaslea etortzeko minutu batzuk falta zirenez, behin betiko abestu dugu. Oraingoan askoz ere ozenago abestu dute, beraz, ez da letra ez zekitelako izan.
Ingelesaren ondoren, ordu erditxo bat geratzen zen atsedenaldia iristeko, beraz, bihar urteak betetzen dituen ikasleari marrazki bana egiteko aprobetxatu dugu. Nahiko lasai egon naiz zer egiten zuten begira eta zerbait falta bazitzaien esaten nien. Bitartean, bizkotxoari kandelak jarri dizkio Maitek. Gero, zorionak zuri eta mila kilo zorion abestu ditugu eta abestiak amaitzean bihar urteak betetzen dituen mutikoak kandelak itzali ditu. Bizkotxoa jan ondoren, patiora irten gara. Mutikoa oso gustura sentitu da, oso ondo iruditzen zait urteak egiten dituztenean behar duten protagonismoa ematea, beraientzat egun berezia baita eta denei sentiarazi behar diegu hori. Gainera, mutiko honek oraindik ez dakizki ondo zenbakiak eta pixka bat lantzeko aprobetxatu du Maitek. Zenbat urte dituen eta bihar zenbat egingo dituen galdetu dio eta kandelak kontatzeko eskatu dio. Maitek egoera guztiak aprobetxatzen ditu landu beharrekoa lantzeko eta hau oso interesgarria iruditzen zait.
Atsedenaldiaren ondoren, ikasle bat negarrez iritsi da gelara. Maitek zer gertatu den galdetu dio eta honek gelakide batzuk ez diotela jolasten utzi esan du. Besteei galdetutakoan, utzi diotela esan dute, orduan, berriro negarrez etorri denari galdetu dio Maitek. Bigarren aldiz galdetutakoan utzi diotela esan du, beraz ez dakigu zergatik iritsi den negarrez. Gero, gaur nire azkeneko eguna izan denez, marrazki bana egin didate. Maitek zerbait idatzi nahi bazidaten berari esateko eta lagunduko ziela esan die, baina niri ez erakusteko, sorpresa baitzen. Bitartean gainetik begiratu diet, baina ez didate ezer ere ikusten utzi.
Gero gaztelera izan dute. Bitartean, Maite hurrengo gaiaren materiala prestatzen hasi da. Gai batekin hasi aurretik lan asko dago, fitxak aukeratu, hiztegia...
Arratsaldean arduradunak bere bazkaria idatzi eta ipuin bat kontatu digu. Oso ondo egin du, neska hau nahiko bizkorra da eta ez da lotsatia. Ondoren Maitek kontatu du ipuin bat. Oso ondo kontatu du eta ikasleei ere gustatu zaie. Gainera, Maitek aukeratzen dituen ipuinek beti dute ikasteko zerbait eta ipuinen bidez askoz ere errazago ikasten dute ikasleek.
Ondoren, txokoetara joan gara, gaur oraindik ez baikara joan. Liburutegi txokokoek oso ondo egin dituzte egin beharreko lanak eta euskararen egunerako karetak margotu dituzte gero. Margotegian karpetak amaitu eta liburutegikoek egin duten berdina egin dute. Eraikuntza eta etxe txokoetan nahiko aztoratuta ibili dira. Normala da, ostirala baita baina Maitek lasaitzeko esandakoan lasaitu dira.
Ondoren goizean egin dizkidaten marrazkiak eman dizkidate. Oso opari polita egin didate, guztiok agertzen garen argazki bat jarri dute azal moduan eta barruan beraiek egindako marrazkiak. Gainera, batzuk mezurenbat ere bazuten idatzita. Maitek ere idatzi dit mezu bat eta hau ikustean negar malkorenbat edo beste irten zait.
Gero bost urtekoekin batera tximeleta mendian entseatu dugu. Hurrengo ostiralean da jaialdia eta entseatu beharra dago. Hala ere, gaur besteetan baino hobeto atera da, nabaritzen da ikasten ari direla. Seguru ostiralean ezin hobeto irtengo zaiela.
Amaitzeko, nik ere banuenez sorpresatxo bat beraientzat eman egin diet. Azkenik muxu bana eman didate eta laster arte esanez agurtu gara. Ez dut inoiz ahaztuko bost aste hauetan bizitakoa, agur Asteasu!!

2011-11-24

2011ko azaroaren 24a

Gaurko eguna besteak bezalaxe hasi da. Lehenengo ikasleek kontatu beharrekoa kontatu dute. Honetan ari ginela, falta zen haurra sartu da negarrez. Maitek lasaitzeko kanpora irteteko esan dio eta berarekin irten da. Egun asko zeramatzan sartzerakoan negarrik egin gabe baina gaur ez dakit zer pasatu zaion. Bitartean, guk kontatu beharrekoa kontatzen jarraitu dugu. Guztiz lasaitu gabe sartu da eta margotegi txokora joateko esan dio Maitek. Lasaitu denean eseri da borobilean. Haur hau oso negartia da, baina nik uste nuen ikasi zuela ez dela negarrik egin behar, baina ematen duenez ez du ikasi. Bere zaintzaileak ateetaraino besoetan ekartzen du eta gero banatzea zailagoa da. Etxean nahi duen guztia lortzen du eta eskolan ere hori lortu nahi du eta hau ezinezkoa da. Gurasoek eta eskolak elkarrekin egin behar dute lan eta eskolan esaten dena etxean ez bada betetzen alferrik da bertan egiten den lana.
Gero, arduradunaren lanak egin ditu gaurko arduradunak. Erraz egin ditu, baina beti bezala, eguraldiarekin arazoa izan dute, ez dute asmatu zenbat kanika falta ziren handia sartzeko. Ondoren, arduradunaren abizena oinarritzat hartuz M hizkia landu dugu. Ondo asmatu dute nork duen eta nork ez, baina eme deitu beharrean ma deitzen diote. Maitek esan die ma M eta A dela, M bakarrik eme esaten dela, batzuk ulertu dute, baina beste batzuk ez. Hau normala da, aurten hasi baitira hizkiak lantzen.
Gero, gaiaren ipuinaren zatien antzerkitxoak egin dituzte binaka. Hasierako antzerkitxoak gogoz entzun dituzte denek, baina asko direnez, bukaerakoetarako aspertu egin dira. Maitek esan die beraiena besteek adi entzun duten bezala, falta direnena ere erne entzuteko, baina normala da hainbeste aldiz berdina entzuten aspertzea. Esan behar dut, bi ikaslek ez dutela egin, ez baitzuten nahi. Gainera, hauetako batek berak ez duela oraindik egin eta egin nahi duela esan du, baina gero erdira atera denean ez zuela egin nahi esan du. Maitek esan dio egin nahi zuela esan duela, baina ez du egitera behartu. Ondo iruditzen zait ez behartzea, denak ez baitira berdinak eta batzuk besteak baino lotsatiagoak dira. Hala ere, harritu nauena, egin nahi duela esan duela da. Atzo ere berdina pasatu zitzaion tximeleta mendian dantza egiterakoan, erlea izan nahi zuen, baina gero ez zuela izan nahi esan zuen. Ez dakit zer pasatzen zaion egun hauetan, lehen ez baitzen horrelakoa.
Txokoen garaia iritsi da ondoren. Liburutegi txokokoak oso langile ibili dira. Gainera, talde honetan alfer samarrak diren bi ikasle daude baina gaur egin beharreko lan guztiak egin dituzte. Oso gustura sentitu naiz beraiek ere egindako lanarekin gustura ikusi ditudanean. Hala ere, esan behar dut, beraien gainean egon behar izan dudala egin zezaten, baina pixka bat animatuta egin dituzte lanak. Besteek hauek baino lehenago amaitu dituztenez, tximeleta mendian antzerkia egiteko maskarak margotu dituzte. Gero zenbakiak lantzen aritu dira. Hemen duzue zenbakiak lantzeko egiten duten fitxaren argazki bat:


Etxe txokokoak gustura ibili dira jolasean, gaur ere, lehengoan esan nuen mutila printzesaz jantzi da eta gustura ibili da. Baina momentu batean aspertuta zeudenez, Maitek ea inurritegian jartzeko inurri gehiago margotuko al zituzten galdetu eta baietz esan dutenez, inurriak margotu dituzte.
Eraikuntza txokokoak puzzleak eta eraikuntzak egin dituzte. Badaude segidak asmatu behar diren puzzle moduko batzuk (adibidez, ume bat agertzen da igerilekura salto egiten eta lehenengo burua sartuta, gero oinak bakarrik ikusten direla… jarri behar dira, nola den segida asmatu behar da) eta ikasle batek ez zekien segida batzuk nola ziren, nik pista batzuk eman eta berehala egin ditu, eta ondo gainera. Oso gustura geratu da ondo egin duela esandakoan.
Margotegi txokokoek karpetak amaitu dituzte, begira zeinen politak geratu diren:


Hau amaitu dutenean, tenperekin marrazkiak egin dituzte.
Atsedenaldia eta gero, ordenagailu gelara joatea tokatzen zen, baina makiltxoekin, hostoekin, plastilinarekin eta paper mota desberdinekin udazkena egin dute. Begira batek nola egin duen:


Goizean Maitek galdetu die ea zer nahiago zuten, udazkena egin edo ordenagailu gelara joan eta gehiengoak hau egitea nahiago zuenez, ez gara ordenagailu gelara joan. Gustura aritu dira eta batzuen imajinazioa besteena baino handiagoa dela konturatu naiz. Maitek pistak eman dizkie, nola egin zezaketen jakiteko, eta gehiengoek berak esan bezala egin dute. Hala ere, nik beraien ideiak erabiliko zituztela pentsatzen nuen ikasle batzuk, ez dute ideia propiorik erabili. Honekin konturatu naiz, ezin dela ezer aurreikusi lanbide honetan, pertsonekin egiten baita lan eta oso zaila da egingo dutena asmatzea. Gutxien espero duzunak izan dezake imajinazio handiena.
Amaitzeko tripero abestu dute. Abesti hau berria da eta zaila egin zaie, baina bigarren aldiz abestu dugunerako batzuk ikasi dute. Gero, txandaka abesteko esan die talde bakoitzari. Konturatu naiz, nahiz eta talde osoa abesten ari direnean oso ozen abestu, talde txikitan abesteko esandakoan lotsatu egiten direla eta ez dutela hain ozen abesten. Normala da, abestia ez baitute ondo ezagutzen eta inseguru sentitzea ez da harritzekoa. Hau da abestia:

TRIPERO (begiratu goear)

Tripero, tripero, tripa bero-bero.
Goserik hiltzerik ez dugu espero. (Bis)

Basotik ibili naiz perretxiko bila,
sukalde lan hauetan ez naiz oso abila.
Haurrak eta intxaurrak, alditan gaztainak,
sutan erretzen jarriko dugu danbolina.

Tripero, tripero, tripa bero-bero.
Goserik hiltzerik ez dugu espero. (Bis)

Arratsaldean musika eta ingelesa zituzten. Bitartean ateratako argazkiak pasa ditugu ordenagailura eta Maitek bost urtekoen tutorearekin bilera izan du euskararen egunean egin behar dutena ondo antolatzeko. Beste egunen batean ere esan dudan bezala, ez dute tarterik desprobetxatzen.
Etxera joan aurretik geratzen zen ordu erditxoan, bost urtekoekin batera euskararen egunean egingo dutena entseatu dute. Atzo abestiaren letra jarri nuen eta gaur abestia jartzen dizuet entzun dezazuen:



Gaur atzo baino hobeto atera da, baina hala ere, batzuk oraindik ez dakite zer egin behar duten. Lau urtekoen eta bost urtekoen artean alde handia dago, bost urtekoek ondo egiten dute egin beharrekoa eta lauekoak, berriz, oraindik nahastu egiten dira. Irakasleek nahita jarri dituzte lau eta bost urtekoak nahastuta, bikote bakoitzean lau urteko bat eta bost urteko bat daude, beraz, bostekoek gidatzen dute laukoa. Hau oso ondo iruditzen zait, alde handiak baitaude eta horrela elkarlanean ikasiko dute, batak besteari zer egin behar duen esanez eta elkarri lagunduz. Ondoren, etxerako prestatu eta etxera joan gara.
Eta bihar ostirala, ez dut astea amaitzerik nahi!!!

2011-11-23

2011ko azaroaren 23a


Asteazkena hasteko, bakoitzak kontatu beharrekoa kontatu du eta arduradunak egin beharreko lanak egin ditu. Gaur arduradunak oso ondo egin du egin beharrekoa, baina bi ikasle adi ez zeudenez lekuz aldatu ditu Maitek. Orduan, bat negarrez hasi da eta Maitek lasaitzeko kanpora ateratzeko esan dio. Handik pixka batera lasaituta sartu da Maiterekin batera. Ondo iruditu zait lekuz aldatzea, bi hauek ez baitira erne egoten eta gainera zeuden lekuan egonda ez zuten ezer ere ikusten. Negarra egin duenak askotan egiten du eta ondo iruditzen zait lasaitzera kanpora ateratzeko esatea, bestela gelan egiten ari garena mozten baitu. Kanpora aterata, besteek egiten ari zirenarekin jarrai dezakete.
Ondoren, arduradunaren abizena arbelean idatzi du eta gaur D hizkia ikasi dugu. Gehienek asmatu dute beraien izenak edo abizenak baduen hizki hau, baina batzuk nahastu dira. Maitek esan didanez, gelan Maddi izeneko neska bat dagoenez, D-k duen soinua izen honetan egiten den bera dela uste dute, horregatik nahasten dute. Baina Maitek esan dienean ez dela Maddik duen soinu berdina, Maddik bi D baititu, ulertu dute. Gelan ez daudenez D daukaten abizen asko, batzuk esan dituzte eta ulertu dutela nabaritu dut. Normala da nahastea, ikasten ari baitira eta gainera, gelakoaren izenarekin nahastea normala da, hizki guztiek gelakoen izenetan oinarrituz ikasten baitituzte. Gero ahorcadoan jolastu dugu beste abizen batekin. Oraindik ez dute estrategiak erabiltzen ikasi, lehengo eguneko berak bakarrik begiratu du txarteltxoetan eta abizen hori duena ere ez da konturatu bere abizena zegoela idatzita. Nahiz eta Maitek esan hor begiratu behar dutela gehienek ez dute begiratzen, hor nabaritzen da denak ez direla berdinak eta batzuei gehiago kostatzen zaiela. Gainera batzuk ez dira erne egoten, esandako hizkiak errepikatzen baitituzte eta batzuk beti hizki berdina esaten dute. Iruditzen zait, batzuk ez dutela ulertzen nola jokatu dezaketen asmatzeko, esateagatik esaten dituzte hizkiak, estrategia falta nabaritzen da.
Ondoren, inurritegian hostoak eta makilatxoak itsatsi ditugu denen artean, oso polita geratzen ari da, baina oraindik inurriak itsastea falta da, ni nagoen bitartean amaitzen badute, jarriko dut emen irudi bat denek ikus dezazuen.
Gero txokoetara pasa gara. Liburutegi txokoan ikasle gutxi zeuden gaur, beraz, ondo aritu dira lanean. Besteek egindako fitxak egin dituzte eta gero izenak, abizenak eta zenbakiak landu dituzte. Harrigarria iruditzen zait, landu behar dituzten gauzak egin nahi izatea baina beraientzat hori oso ona da, gustura ikasten baitute eta hau behartuta ikastea baino hobea da. Gainera, ondo egiten dutenean esaten bazaie, oraindik gusturago egiten dute.
Margotegi txokokoek inurriak margotu eta karpeta amaitu dute, erraz egin dute eta oso polita geratu zaie, ea biar ateratzen diodan argazkia bati hemen jartzeko.
Eraikuntza txokokoek eraikuntza handiak egin dituzte eta puzzleak ere bai, oso gustura aritu dira. Gainera, gaur denak batera ibili dira eta elkarlanean aritu direla ikusi dut, honetan ikasi beharra daukate eta beraien kabuz hastea pauso garrantzitsua da.
Etxe txokokoak aita eta amatan ibili dira, nahiz eta hasieran arazorenbat izan duten, gero oso ondo konpondu dira eta gustura ibili dira elkarrekin jolasean.
Atsedenaldiaren ondoren, tximeleta mendian abestiaren antzerkitxoa entseatu dugu bost urtekoekin batera. Hau da abestiaren letra:

TXIMELETA MENDIAN
Tximeleta mendian
lore baten gainean,
hegoak geldi zeuzkan
gaixoturik zegoan.
Tximeleta bakarrik,
tximeleta tristerik.
Nork nahi luke sendatu
tximeletatxo hori?
Tximeleta mendian…
Lorez lore hor dabil
burrun-burrun erlea.
Ikusiko ote du
tximeleta gaixoa?
Tximeleta mendian…
Erleak ikusirik
tximeleta gaixorik,
“nik sendatuko zaitut”
dio tximeletari.
Tximeleta mendian...
Erlea badijoa
bere erlategira,
tximeletatxoarentzat
eztia ekartzera.
Tximeleta mendian…
Etorri zen erlea
ezti goxoz betea,
ezti hartatik jaten
tximeleta hasi zen.
Tximeleta mendian…
Bi hegotxoak laster
hasi ziren mugitzen.
Erleak tximeleta
eztiz sendatu zuen.
Tximeleta mendian
lore baten gainean.
Poz-pozik esan zion:
“mila esker erlea”.

Nahiko ondo atera da lehenengo aldia izateko, baina batzuk ez zekiten zer egin behar zuten eta nahastu dira.
 Gelara bueltatu garenean, nor ez zegoen gustura bera zen pertsonaiarekin galdetu die Maitek eta aldaketak egin ditu. Aldaketak egindakoan gustura geratu dira gehienak. Ondo iruditu zait aldatzeko aukera ematea, aukeratu zutenean ez baitzekiten pertsonaia bakoitzak egin behar zuena eta gainera, adibidez tximeleta batek erlea eta erle batek tximeleta izan nahi badu, posible da aldaketa egitea. Ondoren abesti batzuk abestu ditugu.
Arratsaldean salto gelara joan gara. Beti bezala, oinetakoak kendu eta borobilean eseri gara arauak gogorarazteko eta ondo pasatzeko zer egingo duten esateko. Arauak ezin dela minik hartu, ezta eman ere eta ezin dela besteek egindakoa puskatu dira. Badakizkite, baina batzuetan apurtzen dituzte, normalean nahi gabe. Ondo pasatzeko zer egingo duten ghaldetutakoan ikasle batek ez zekiela esan du. Denek erantzun ondoren, berriro galdetu dio eta oraindik ez zekiela esan du. Baina aparrezko blokeez egindako pareta apurtu ondoren jolasa hasi denean, zuzenean joan da altura batera eta kamioi gidaria izango balitz bezala eseri da. Beraz, pentsatua zuen, baina ez dakit zergatik ez duen esan, ez zekielako nola adierazi egingo zuena, lotsagatik edo ez dakit zergatik. Haur honek dena egina ematea nahi izaten du eta ez da batere langilea, baina ez dut uste alferkeriagatik geldituko zenik ezer esan gabe. Gainera, besteetan esaten du, oso harrituta geratu naiz.
Hasieran ezin dituztenez zapiak eta joku sinbolikorako gauzak hartu, denak motoren ibili dira, baina Maitek baimena eman dienean aldaketa izugarria izan da. Mutilak besterik ez ziren jolas motorean jolasten ari, neska guztiak jolas sinbolikora pasa dira eta mutil batzuk ere bai. Hau arraroa da, neskarenbat egoten baita beti motorean. Normalean jolas motorean ibiltzen den neska gaixorik dago, beraz, neska guztiak jolas sinbolikoan zebiltzan.
Saioaren erdi aldera aldaketa bat egon da. Bi mutiko superheroiarena egiten hasi dira zapiak kapa moduan jarrita eta hau ikusi ondoren, ia gela osoak jarri du zapia kapa moduan eta superheroiak bihurtu dira. Harritu egin naiz hau ikusita, normalean ez baitira hainbeste ikasle jolas berean ibltzen, baina ematen duenez, hau gustatu zaie. Gainera, hasieran jarri dutenei Maitek argazkia atera die, beraz, horregatik ere izan zitekeen, argazkia ateratzeagatik, baina hala ere, oso gustura ibili dira. Bi ikasle izan ezik, beste guztiak bihurtu dira superheroiak, Maitek esan didanez, hauek oso gutxitan ibiltzen dira jolas motorean, nahiago dute sinbolikoa eta egia da, nik ere ez ditut inoiz jolas motorean ikusi.
Harritu nauen beste gauza bat, neska bat beti mutilekin ibiltzen dela izan da. Normalean denak nahasturik ibiltzen dira edo mutil batzuk neskarik gabe ere bai, baina gaur, neska hau bakarrik zebilen mutil batzuekin. Maitek esan didanez hobeto moldatzen da mutil artean, ez da askotan jolasten neskekin.
Beste neska batzuk lasai-lasai ikusi ditut deskantsatzen, atentzioa deitu dit, gela honetan normalean ez baita inor geldirik egoten, baina ez dira denbora luzez egon, deskantsatzen ariko ziren. Hau ere behartrezkoa da, asko nekatzen baitira.
Maitek norbait geldirik ikusten badu, beti galdetzen die ea zertan dabiltzan, edo zer diren eta horrela jolasean jarraitzeko pistak ematen dizkie. Gelan gertatzen den guztiaz ohartzen da eta hau oso garrantzitsua da nahiz eta oso zaila izan.
Gaur ere haserre batzuk izan dira, denak nahi gabe elkarri min emateagatik. Harritzekoa da, baina gaur ez da materialengatik haserrerik sortu, hau poztekoa da, behintzat zerbait ikasten ari dira. Baina oraindik ez dute kontuz ibiltzen ikasi, saltoak egiterakoan ez dute behean norbait dagoen begiratzen eta min egiten diote elkarri. Nahiz eta behin eta berriz esan, hurrengorako ahaztu egiten zaie. Hau ikasi beharra daukate, oso arriskutsua baita.
Nekatuta amaitu dute asteazkena ikasleek, ea osteguna lasaiagoa den!

2011-11-22

2011ko azaroaren 22a


Asteartea ez da beste egunak bezala hasi. Gelakide baten gurasoak ezkondu egin dira eta bidaian joan direnez, nora joan diren ikusi dugu mapa handi batean. Horretarako, lehenengo gu non gauden eta kontinente bakoitzaren izena esan dizkie Maitek. Denak harrituta geratu dira zeinen urrun joan diren ikusita. Argentinara joan direnez, ea bizikletaz joatea badagoen galdetu die. Hauek ezetz esan dute. Ondoren, garraiobide desberdinak esan dizkie eta esan dute hegazkinez bakarrik joan daitekeela hara. Ondo iruditzen zait gai honekin ere gauzak azaltzeko aprobetxatzea, horrela, garraiobideak errepasatzen dituzte.
Arduradunak bere lanak egin ditu gero. Honek oso ondo egin ditu eta denen laguntzarekin zenbat kanika falta diren hamarrera iristeko ere asmatu dute. Maite konturatuta dago batzuk oraindik gelakideen izenak nola idazten diren ez dakitela, beraz, jolas bat egin dugu. Bakoitzari gelakide baten izena eman digu eta berak esaten zuen izena zuenak bere lekuan itsatsi behar zuen. Gehienek badakizkitenez oso ondo egin dute, baina bik ez zekiten noren izena zuten eta ondokoak esan die. Amaitutakoan, ez zekiten hauei, lehen tokatu zaien txartel berdina erakutsi die eta zer jartzen duen galdetu die, asmatu dute, baina ez dakit zortea izan den edo ez. Ondo iruditzen zait, zailtasunak dituzten gauzak lantzea, berez liburutegi txokoan landu ditzakete gauza hauek, baina iruditzen zait behar gehiena dutenak direla gutxien lantzen dituztenak. Beraz, horrelako gauzak egin beharra dauzka landu ditzaten. Ondoren, gaiaren ipuina kontatu dute txandaka, bakoitzak irudi bat eskuan zuela. Ez zeudenez denentzako txartelak Maitek lehengo gaian egin ez zutenak aukeratu ditu. Batzuk beraien txanda iritsi denean lotsatu egin dira eta orduan, Maitek beste batzuei esan die. Honek bazekien nori esan, ikasleak ezagutzen baititu eta badaki zein ez diren lotsatzen. Irakasle batentzat beharrezkoa da bere ikasleak ondo ezagutzea. Beti eskola batetik bestera bagabiltza zaila da hau, baina Maitek bi urte daramatza ikasle hauekin eta nabaritzen da.
Ondoren, txokoetara pasatu gara. Liburutegi txokoan, besteek egin zuten fitxa berdina egin dute, gehienek arazorik ez dute izan, baina beste batzuk bukatu gabeko lanak zituztenez, gehiago kostatu zaie. Bat aurreko astean gaixo egon zenez atzeratutako lan asko zuen baina hau nahiko azkarra da eta berehala egin ditu. Beste biri askoz ere gehiago kostatzen zaie eta denbora guztian beraien gainean egon behar izan dugu. Hala ere, dena egiteko denbora izan dute. Hau egindakoan, bi neska ordenagailuetara joan dira eta besteek izenak eta abizenak landu dituzte. Hauetako bat lehen egindako jolasean zein izen zuen ez zekienetako bat da eta beraz, Maitek esan dio hau lantzeko. Gelakideen argazkien ondoan beraien izenak jarri behar zituen. Batzuk ondo jarri ditu, baina beste batzuk ez. Ondo iruditzen zait landu beharra daukatena eginaraztea, ikasi beharra baitauzka gelakideen izenak nola idazten diren. Baina ikasle honen gainean egon behar da denbora guztian, bestela ez baitu ezer egiten, ilargira joaten da eta gelan hainbeste dituzunean ez da erraza gainean egotea. Besteek, ordea, nahi zutelako egin dute, beraz, desberdintasunak badaude, batzuk nahi dutelako egiten baitute eta beste batzuk, berriz, ez dute inoiz egin nahi izaten eta “behartuta” egiten dute. Kakotxen artean jarri dut, ikasleak ez baitira inoiz behartu behar eta Maitek ere ez ditu ezertara behartzen, baina asko animatzen ditu eta azkenean ia beti lortzen du bakoitzak landu beharrekoa egitea.
Margotegi txokokoek inurriak margotu dituzte eta ondoren batzuk tenperekin marrazkiak margotzen eta beste batzuk errotulagailuekin marrazkiak egiten ibili dira.
Etxe txokokoek zarata gehiegi egin dute, baina Maitek isilago ibiltzeko esandakoan isildu dira.
Eraikuntza txokokoak gustura ibili dira puzzleak eta eraikuntzak egiten.
Ondoren, tximeleta mendian abestiarekin euskararen egunean egingo duten antzerkitxoa ikasi dute. Hirunaka egongo dira taldeka, bat tximeleta izango da, beste bat lorea eta beste bat erlea. Hiru atera dira erdira ikasteko, baina entsegu asko falta dituzte oraindik. Normala da, egiten duten lehenengo aldia baita, baina ikasiko dute, gustatu baitzaie eta gustura egon baitira batzuk egiten eta besteak ikusten. Niri ere dantza polita iruditu zait eta beraiek egiten ikasteko modukoa, egokia.
Atsedenaldiaren ondoren sorpresatxo bat izango zutela eta gelara ez sartzeko esan die Maitek.
Atsedenaldia amaitu denean, denak txintxo-txintxo geratu dira kanpoan eta jolas bat egingo genuela azaldu diegu. Armiarma eta eulien jolasa egin dugu, lehenengo azaldu eta ondoren egin. Ulertu dute zer egin behar zen, baina konturatu naiz oraindik ez direla konturatzen erabili ditzaketen estrategiez. Armiarma sarea luzatu denean, denak zabaldu eta euli guztiak harrapa zitzaketen, baina denak korrika hasten ziren eulien atzetik. Horregatik, pixka bat kostatu zaie denak harrapatzea eta negar ere egin du bat edo bestek. Nahiz eta Maitek esan dien korrika ez joateko, denek ez baitute erritmo berdina, ez dute kasurik egin. Hala ere, nik espero baino hobeto atera da, ulertu baitute eta atzeraka ezin dela joan esaten duen araua orokorrean errespetatu baitute. Hau egin dugu, nik moduloko lanean erabili nahi dudalako, beraz, nik egitea eskatutako gauzak egiteko arazorik ez dit jartzen Maitek eta hau eskertzekoa da.
Baina gelara joateko garaia ere iritsi da. Bertan, lehenengo zenbakiak landu ditugu, bakoitzak hogei arteko zenbakiak dituen fitxa hartu eta arduradunak ordenan esaten zituenean eskuarekin seinalatuz. Gehienek badakizkite hogei arteko zenbakiak, baina oraindik bada nahasten denik.
Gero, orri birakorra egin dugu. Gaurkoan, hogei arteko zenbakiak idatzi behar zituzten txandaka. Orri birakorra egin dugunez, txandaka hogei arteko zenbakiak idatziz, beharrezkoa iruditu zait hau errepasatzea lehenago, bestela, aspaldi ikusi gabe, zaila egingo baitzitzaien. Errepasatuta ere, batzuk nahastu dira eta nahiz eta ondokoari lagundu behar zaiola esan eta beraien txanda ez bada ere adi egon behar dutela, batzuk ez dute kasurik egin. Hala ere, txandak errespetatu dituzte eta batzuk laguntzen saiatu dira. Ikusi dut bost eta bi zenbakiak nahasten dituztela gehien, eta hamarretik aurrerako zenbakiak zailak egiten zaizkie. Helburua, beraiek ohartzea da, hamar 1 eta 0 bada, hamaika 1 eta 1 dela eta hamabi 1 eta 2, hau da, segidan doala da, baina gehienak oraindik ez dira horretaz ohartu. Nik uste nuena baino zailagoa egiten zaie zenbakiak idaztea eta galdetutakoan ez laguntzea zaila egin zait. Gainera, ez da erraza beraiek kontura daitezen laguntzea, nahiz eta esaten diezun ondo begiratzeko eta seinalatu, ez dira konturatu.
Gero, tximeleta mendian antzerkia egin dugu berriro, baina oraingoan beste hiru irten dira. Hauek goizekoek baino hobeto egin dute, normala da, ikusi baitute nola egin behar duten, baina hala ere, oraindik entsegu asko egin beharko dituzte.
Arratsaldean gaztelera zuten eta txokoak ere gaztelerako irakaslearekin egiten dituzte, beraz, libre izan dugu. Materiala prestatzeko eta aste honetako saioak programatzeko aprobetxatu dugu. Ikasleen aurreko lanaz aparte, atzekoa ere ikasten ari naiz eta hau bestea bezain garrantzitsua iruditzen zait. Hala ere, uste dut atzekoa ikasleen aurrekoa baino zailagoa dela, dena ondo lotu behar baita eta pentsatu, helburuak, gaiarekin lotu, nola lortu gauzak ikastea...ikasten ari banaiz ere, oraindik asko daukat ikasteko.
Asteartea ere amaitu da, bihar astearen erdira iritsiko gara, baina nik ez dut astea amaitzerik nahi!!

2011-11-21

2011ko azaroaren 21

Hasi dugu bosgarren astea. Astelehenero bezala, gauza asko zuten ikasleek kontatzeko. Hala ere, batzuk ez dira kontatzera animatu eta isilik egon dira. Normalean, isilik egoten direnak beti berdinak izaten dira, lotsatienak. Horregatik, ezer kontatu ez dutenei Maitek zuzenean galdetu die zer egin duten asteburuan, horrela galdetuta gehienek kontatu dute zerbait. Ondo iruditu zait hau egitea, normalean beti berdinek hitz egiten baitute eta batzuk inoiz ez. Lotsatzen direlako izan daiteke, baina horrela galdetuta animatzen dira.
Ondoren, asteburuan kontatzeko etxera eramandako ipuinak itzuli dituzte. Denak pila batean utzi dituzte eta banan-banan etorri dira hartzera, bitartean, Maitek ixa egin du fitxetan eta gustatu al zaien eta nork kontatu dien galdetu die. Maitek inork kontatu ez dieten ikasleen izenak apuntatu ditu, ea beti berdinak diren kontatzen ez dietenak ziurtatzeko eta gurasoekin hitz egiteko. Beharrezkoa iruditzen zait egoera honetan hau egitea, nahiz eta bileran esan zuten, guraso askok ez baitizkiete ipuinak kontatzen beraien seme-alabei.
Arduradunaren lanak egiteko garaia iritsi da. Gaurko arduradunak oso ondo egin ditu egin beharrekoak eta Maitek esan dio ondo ari zela momenturo. Hau beharrezkoa iruditzen zait, horrela ikasleak animatu egiten baitira. Egunero arduraduna aldatzen denez, Maitek bakoitzaren aurrerapausoak ikusteko aukera du, asko direnez gelan, egunero ezin baitu denen aurrerapausoa ikusi baina, horrela, bakoitzak bere tartetxoa duenez, konturatzen da zenbateko laguntza behar duen izenak idazterakoan etab. Izan duten arazotxo bakarra eguraldiarekin izan dute, betikoa, hamarrera iristeko zenbat falta ziren ez zekiten. Normala da, oraindik batuketak eta kenketak ez baitakizkite, baina Maiteren laguntzarekin asmatu dute. Beti daki nola lagundu beraiek asma dezaten eta hau beharrezkoa da. Niri, ordea, asko kostatzen zait oraindik.
Gaiaren inguruan aritu gara gero. Maitek lau zuhaitzen hostoak eta fruituak jarri ditu lurrean eta ikasleek zein zuhaitzena zen hosto bakoitza eta fruitua asmatu behar zuten. Oso ondo egin dute, bazekizkiten gehienak. Gero pixka bat azaldu die hosto bakoitzaren forma… Hau irakastea beharrezkoa iruditzen zait, inguruan dutena ezagutu beharra baitaukate eta gainera gaiarekin lotua dago. Gainera, ez zaie asko exijitzen, ikas dezaketena eta ikusitakoa, maila egokia.
Ondoren asteburuan egindakoa marraztu dute. Bukatu dutela esandakoan beti daki gehiago egin dezaten pistak ematen, zu non zaude? Edo non dago egin duzuna? lurra egin duzu? bezalako galdeak egiten dizkie eta beraiek segituan jarraitzen dute marrazten. Harrigarria iruditzen zait, beti daki nola animatu gehiago egin dezaten. Nik ikasi dut pixka bat animatzen, baina oraindik ez dakit egoera guztietan zer esan.
Gero musika eta ingelesa izan dituzte. Bitartean materiala prestatu dugu eta gero, bost urtekoen tutorearekin bilera informala izan du, biodibertsitatearen inguruko helburuak…aukeratzen aritu dira. Ondo aprobetxatzen ditu libre dituen orduak lanerako eta nik ere ahal dudan neurrian laguntzen diot ikasi beharra baitaukat hau ere, ez umeen aurreko lana bakarrik eta Maitek laguntzen dit honetan. Gero eta harreman estuagoa dugu eta konfiantza ere handiagoa da.
Atsedenaldiaren ondoren, liburutegi txokoan egin beharreko fitxak azaldu dizkie Maitek. Honen ondoren, txokoetara pasatu dira.
Liburutegi txokoan fitxa batzuk egin dituzte, lehenengoaren irudia hau da:





Ikus dezakezuen bezala, zuhaitz berdinaren hostoak kolore berdinez borobildu behar zituzten. Ez dute arazorik izan hau egiteko, erraz egin dute. Gero, ondoren idatzita duzuen abestian asteko egunak borobildu behar zituzten, hori bai, ondoan idatzita zituzten. Hau da abestia:

ALFERRAREN ASTEA
Astelehena, jai ondoren alferra,
ezer ez egiteko, ez goaz lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera.

asteartea, euria goitik behera,
busti egingo gara ta ez goaz lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera.

asteazkena, osaba ezkontzen da,
ta jai hartzen badu ez goaz lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera.

osteguna, amonaren eguna,
hori ospatzeko ez goaz lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera


ostirala, haginetako mina,
aspirina hartuta bagoaz ohera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera


larunbata, egun erdiko lana,
egun erdiagatik ez goaz lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera.

igandea, ikastola itxita,
lana egin nahi baina ezin joan lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera

Gaur egin beharreko azken fitxan marrazki bat egin behar zuten aurretik doanak egiten duena abestiaren letraren  azpian. hori bai, abestiaren letrarekin zerikusia izan behar zuen, horregatik egin genuen aurrekoan jolas hau, orain zer marraztu jakin zezaten. Ez dute arazorik izan hau egiteko eta gero, goizean marrazkia bukatu ez dutenek bukatu egin dute eta besteek nahi zutena egin dute. Hauek ordenagailua aukeratu dute eta ez dute laguntzarik behar izan nahi zituzten jokuak aukeratzeko eta egiteko.
Hala ere, talde honetan badago mutil bat, gehiago kostatzen zaiona, eta honek bukatu gabeko lanak zituen eta asko kostatu zaio hauek egitea, etengabe gainean egon behar izan dut. Gainera, momentu batean negarrez hasi da, bere zaintzailearekin egon nahi zuela esanez, ez nekien zer egin eta inseguru sentitu naiz. Lasaitzeko esan diot eta beste batek zalantza bat zuenez argitzera joan naiz. Bueltatzerako lasaitu da eta lana aurreratua zuen gainera. Oso ondo egin duela esan diot eta oso pozik jarri da. Handik aurrera berehala egin du fitxa eta ondo gainera. Banekin ikasleei gauza positiboak esatea eta errefortzu positiboa erabiltzea lagungarria dela teorian ikasitakoagatik, baina nire begiekin ikusi ahal izan dut zeinen garrantzitsua den.
Margotegi txokoan karpetaren hirugarren zatia egin dute eta oso erraz gainera. Hau egin ondoren, goizean marrazkia bukatu ez dutenek amaitu egin dute eta gero nahi dutena egin dute.
Etxe txokoan oso gustura ibili dira, baina gauza batek atentzioa deitu dit, mutil bat soinekoak janzten ibili da, gehiagotan ere ikusi ian dut, eta ez dakit, harritu egiten naiz. Hala ere, ez dut uste kezkatzekoa denik, ikusten da adin honetan oraindik emakumeen eta gizonen rolak definitu gabe dituztela, gustatzen zaiena egiten dute, ez dauzkate oraindik gizarteak finkatuta dituen rolak sartuta eta nik uste horregatik dela.
Eraikuntza txokoan ere gustura ibili dira eraikuntzak egiten denak batera.
Arratsaldean, gelakoen izenez eta argazkiz osatutako dominoan jolastu gara. Gustura ibili gara denak eta erraza egin zaie izena argazkiarekin lotzea, nahiz eta, bat edo beste nahastu den. Ondoren bingoan jolastu gara, baina gaurkoan koloreekin, batzuk oraindik nahastu egiten baitituzte, baina gehienek badakizkite. Egokia iruditzen zait horrelako jolasen bidez lantzea beharra badago.
Ondoren, txokoetara joan gara. Liburutegi txokokoek goizekoek egin dituzten fitxa berdinak egin dituzte, baina hauek besteek baino arazo gehixeago izan dituzte eta Maitek eta nik  pistak eman behar izan dizkiegu. Gero, nahi zutena egiteko denbora izan dutenez, batzuk zenbakiak landu dituzte eta beste batzuk abizenak, gustura ibili dira. Margotegi txokokoek inurriak eta inurritegia margotu eta karpetaren hirugarren zatia egin ondoren, tenperekin marrazki batzuk margotu dituzte, hauek ere arazorik gabe egin dute. Etxe txokokoak gustura ibili dira mozorroturik jolasean eta eraikuntza txokokoek goizean ez dutenez inurritegia margotu, arratsaldean margotu dute. Ondoren eraikuntzak eta puzzleak egin dituzte.
Azkenik, euskararen egunean egingo dutena azaldu die Maitek. Tximeletak mendian abestiartekin antzerki bat egingo dute bost urtekoekin batera. Horretarako, batzuk tximeletak izan behar dute, beste batzuk erleak eta beste batzuk loreak. Bakoitza zer izango den erabaki ondoren, etxerako prestatu eta etxera joan gara.
Hau izan da gaurkoa, bihar artee!!

2011-11-18

2011ko azaroaren 18a

Gaur ere betiko moduan hasi dugu eguna. Lehenengo bakoitzak kontatu nahi zuena kontatu du eta gero arduradunak egin beharreko lanak egin ditu. Gaurko arduraduna Maite zenez berehala egin ditu egin beharrekoak eta ikasleak ere konturatu dira horretaz. Hau esan diotenean ez larritzeko esan die, beraiek ere handiagoak egiten direnean azkarrago egingo dutela. Ondo iruditzen zait Maite ere arduradunaren zerrendan egotea, horrela ikasleek ez dute beraien lantzat hartzen, denek egin behar dutela ikusten dute. Eguraldiarekin arazorenbat izan dute ikasleek, gaurko kaxan hiru kanika zeuden eta kanika handia (hamar txikiren balioa du) sartzeko zenbat falta diren galdetutakoan nahastu egin dira. Maitek betiko estrategia erabili du, arbelean bolatxoak marraztea. Orduan, berehala asmatu dute zenbat falta ziren. Hau egin ondoren, hiru eta zazpi zenbakiak idatzi ditu bolatxoen azpian eta hiru gehi zazpi zenbat den galdetu die. Haurrek ez dute ulertu eta ez zuten asmatzen hiru gehi zazpi hamar denik Maitek hamar bolatxo idatzi dituela esan eta zenbakia idatzi duen arte. Maitek uste baino pista gehiago eman behar izan dizkie asma zezaten, horrelako kasuetan ikusten da nahiz eta guk pentsa dezakegun gauza bat segituan egin dezaketela gehiago kostatzea balitekeela eta oso zaila dela programatzea, beraz, beti eduki behar ditugu alternatibak eta ezin dugu pentsatu duguna zorrotz bete.
Gero abizenekin hizkiak ikasten joateko jolas bat egin dugu, erdaraz al ahorcado deitzen dena. Lehenengo abizena segituan asmatu dute, baina bigarrena asmatzea gehiago kostatu zaie. Bigarren asmatu behar zuten abizenak gainera, orain arte ikasi gabeko hizki bat du eta horregatik kostatu zaie. Abizen honek v hizkia du. Gainerako hizki guztiak asmatu dituzte baina hau falta zitzaien. Gelako guztien abizenak txarteltxotan jarrita dituzte denek ikusteko moduan eta hizki bat bakarrik falta zenez han begiratuta segituan asma zitzaketen. Hala ere, neska batek bakarrik erabili du estrategia hori eta beste guztiak hizkiak esateagatik esaten ari ziren. Abizen hori duen ikaslea ere ez da konturatu berea zela. Horrelako momentuetan ikusten dira ikasletik ikaslera dauden aldeak. Momentu hau aprobetxatu du Maitek hizki hau azaltzeko, esan die b ren soinu berdina duela eta erdarazko hitz eta abizenetan, batzuetan agertzen dela. Maitek pentsatua zuen abizen hau jartzea hizki hau azaltzeko, atzo neska batek (zerrendan begiratu duen bakarrak) galdetu baitzion zein hizki zen hori. Beraz, irakaslea haurren beharretara egokitzen dela ikusi dut, bere zalantza argitu ondoren, denei azaldu baitie modu egokian, zuzenean esan gabe. Maitek hizkiak azaltzeko duen modua asko gustatzen zait, ez baitu zuzenean esaten orain hau ikasiko dugu, abizenen eta horrelako egoeren bidez azaltzen du azaldu beharrekoa eta horrela ikasleak adi egoten dira, bestela agian, aspertu egingo lirateke. Hala ere, nik uste lau urtekoen irakasle guztiek egingo dutela berdina, lau urte besterik ez baitituzte.
Ostirala denez, etxera eramateko ipuina aukeratu dute ondoren. Gaur Maitek aukeratutakoetatik aukeratu behar zituzten, bestela beti berdinak aukeratzen omen dituzte eta, nahiz eta pertsona bakoitzak ezin duen ipuin berdina bi aldiz eraman. Ipuin batzuk ikasle askok eraman nahi zituenez zotz egiten hasi da Maite, oso abesti polita abestu du, inoiz entzun gabe nuena. Baina ikusi duenean ipuin guztiekin ari zela berdina gertatzen, zerrendaren arabera banatu ditu. Egokia iruditu zait estrategiaz alatzea, bestela debora asko pasatuko baikenuen. Hemen ikusten da duen malgutasuna, nahiz eta gauza bat pentsatu alternatiba berehala aurkitzen baitu. Hau beharrezkoa da haur Hezkuntzan eta nire begiekin ikusten eta ikasten ari naiz. Fitxan berehala idatzi dute aukeratutako ipuinaren izenburua, nahiz eta batzuei gehiago kostatu zaien. Hau egin ondoren denbora geratzen zenez ingelesera joateko, kanikaren jolasa egin dugu. Hau da abestia:

KANIKA TXIKIA

Kanika txiki bat dabil
Saltoka eskutik eskura
Nork ote du?
Nork ote du?
Nork ote du nire kanika?
Kanika, kanika, kanika…!

Abesti hau abestuz batek kanika utzi behar dio beste bati eskuan guztiek begiak itxirik dituztela eta gero, txandaka izenak esanez nork duen asmatu behar dute. Hau ez da oso ondo atera, batzuk ez baitituzte begiak ondo itxi eta tranpa egin dute. Hala ere, Maitek esan didanez iaz baino hobeto atera da, iaz batzuk eskuak irekita izaten omen zituzten eta batzuk hari galdetzen omen zieten ea beraiek zuten. Beraz, ematen duenez ikasi dute zerbait. Nahiz eta bideo hau ez den ni nagoen gelako ikasleena, hau aurkitu dut eta hemen jartzea ideia ona dela iruditu zait jolasa hobeto ulertzeko.



Gero, telefonoaren jolasa egin dute. Hau ere ez da oso ondo atera, hirugarren pertsonara iristerako izorratu baita telefonoa. Baina hala ere, batzuk oso ondo egin dutela iruditu zait.
Ondoren, ingelesa eta gaztelera izan dituzte.
Atsedenaldiaren ondoren, bingoan jolastu dugu. Batzuk oso ondo egin dute eta zeuzkaten zenbaki guztiak tapatu dituzte, baina beste batzuk ez dira erne egon eta ez dute amaitu. Hala ere, konturatu naiz gehienek hogei arteko zenbakiak menperatzen dituztela.
Gero txokoetara pasa gara. Liburutegi txokokoek beste taldeetakoek aurreko egunetan egin duten fitxa egin dute, beste egunetan ezin izan dut honen irudia jarri baina hau da fitxa:


Orokorrean oso erraz egin dute fitxa hau, pare bat ikasle kenduta, hauei asko kostatu zaie eta denbora guztian niri galdetzen zidaten ea ondo ari ziren. Gainera, beste batek ez zekien urdinez edo berdez margotu behar zituen hosto batzuk. Maiteri galdetu diot ea daltonikoa den eta ez duela uste esan dit, bere ustez, berdearen eta urdinaren izenak nahasten ditu, badaki kolorea zein den baina bakoitzaren izena zein den ez. Hala ere, denbora guztian galdetzen zidan ea ondo ari zen, beraz, nire sentsazioa ez zuela ondo ikusten izan da, izenez nahastuko balitu margotzen ari den kolorea ikusiko lukeelako eta jakingo luke ondo edo gaizki ari den, nahiz eta kolorearen izena ez jakin. Margotegi txokokoak hostoak josten bukatu, hostoak tenperekin margotzen bukatu eta karpetaren bigarren zatia egin dute. Hemen ez da arazorik egon. Etxe txokokoak eraikuntza txokora joan dira jolastera eta Maite konturatu denean esan die ezin dutela hor egon. Ez dakit zergatik egin duten hau bai baitakite tokatzen zaien txokoan egon behar dutela. Hala ere, gero gustura ibili dira bakoitza beraien txokoan.
Arratsaldean borobilean eseri eta jangelako jolas garaian gertatutako arazo bat konpndu dugu. Maitek liskarra izan duten biei zer gertatu den galdetu die eta hauek gertatutakoa azaldu dute. Gero konpondu al duten galdetu die Maitek eta ezetz esan dutenez adostokira joan dira konpontzera, konpondutakoan gelara itzuli dira.
Gero, arduradunak (Maitek) bere bazkaria idatzi du eta ipuin bat kontatu die. Gaurko ipuinak ez zuen marrazkirik, beraz, ahoz ondo espresatu behar zuen Maitek. Asko gustatu zait nola egin duen, keinuen eta ahotsaren bidez. Ipuina kasketen ingurukoa zenez, ondoren, Maitek galdetu die ea beraiek kasketak harrapatzen dituzten. Batzuk baietz esan dute, baina beste batzuk ezetz. Baietz esan dutenei beraiek harrapatutako kasketak kontatzeko esan die. Batzuk kasketak harrapatuta lortzen dute nahi dutena, baina beste batzuk ez. Egokia iruditu zait aukeratu duen ipuina, honen inguruan ere hitz egin behar baita eta ipuinean agertzen zen bezala, kasketen bidez ez dela nahi dena lortzen ikasi behar dute. Baina horretarako gurasoek hori bete behar dute, eskolan landuta ere, gero etxean ez bada betetzen ez baitute ikasiko.
Ondoren, berriro egin ditugu txokoak. Liburutegi txokokoek besteek egindako fitxa egin dute. Talde honetakoek ez dute arazorik izan hau egiteko eta inoren laguntza edo azalpenik gabe egin dute. Hau egindakoan nahi zutena egin zezaketenez, batzuk ordenagailuan ibili dira, beste batek zenbakiak landu ditu eta beste batek gaiaren hiztegia. Ordenagailua aukeratu dutenak atzo ordenagailu gelan erabiltzen ikasitako programa berrietan ibili dira. Beraz, hauei behintzat gustatu zitzaizkien programa berriak. Zenbakiak lantzen aritu denak ez du arazorik izan, nahasketarenbat edo beste izan du, baina orokorrean zenbakiak badakizkela ikusi dut. Gaiaren hiztegia landu duenak, marrazkiak izenekin lotu behar zituen eta nire laguntza pixka batekin berehala aurkitu ditu denak. Oso gustura sentitu naiz bera egin duen lanarekin pozik ikusi dudanean. Margotegi txokokoek inurritegia eta inurriak margotu dituzte eta ondoren, nahi zutena egin zezaketenez tenperekin marrazkiak margotzen aritu dira. Eraikuntza txokoan hiru talde ikusi ditut, bi neska arbelean izenak eta abizenak idazten, bi mutil eraikiuntzak egiten eta beste bat bakarrik kamioiekin jolasean. Harritu egin nau bakarrik jolasean ari zela ikusteak, baina ez dut uste kezkatzekoa denik, bera gustura bitzebilen eta ez baitu besteetan taldean jolasteko arazorik. Etxe txokokoak gustura ibili dira janaria prestatzen, medikuarenean...
Gero, bost urtekoekin batera bi jolas egin ditugu. Hauek batera prestatu behar dute euskararen egunean egingo den jaialdirako abestia eta beraien artean ezagutzen diren arren, harremana eta kontaktua ezartzeko helburuarekin egin dute hau bi geletako tutoreek. Mari txipi eta pin pon pilota izan dira egin dituzten jolasak. Azkenik, etxerako prestatu eta etxera joan gara.
Haurrekin gero eta konfiantza handiagoa dut eta beraiengan ere nabaritzen dut hori, niri kasu egiten didatenean, edo zerbait galdetzen didatenean, ez dut hemendik alde egin nahi!!

2011-11-17

2011ko azaroaren 17a


      Gaur ere egun berezi samarra izan dugu, neskato baten urtebetetze eguna baita. Gelara iritsi bezain laster Maitek eta nik zoriondu dugu eta Maitek muxu eman dio. Oso polita iruditu zait afektuzko keinu hori egitea, gainera, horrela garrantzitsua eta baloratua sentituko da eta horrela behar du, bere urtebetetze eguna baita.
Borobilean eseri garenean, Maitek denei galdetu die ea gogoratzen al diren gaur zein egun den eta denek gogoratu dute neskaren urtebetetze eguna dela, orduan, denek zoriondu dute. Bakoitzak kontatu beharrekoak kontatu ondoren, arduraduna bere lanak egiten hasi da. Gaurko arduraduna lotsati samarra da eta ez du oso altu hitz egiten. Gainera, askotan buruarekin keinuak eginda erantzuten du hitz eginez esan beharrean eta Maitek beti esaten dio ez duela entzun eta ozenago esateko. Beharrezkoa iruditzen zait hau egitea, lotsa galtzen ikasi behar duelako eta horrela pixkanaka-pixkanaka hasiko da altuago hitz egiten. Honi pixka bat kostatu zaio egin beharrekoak egitea, baina denen laguntzarekin egin du. Ondo iruditzen zait, ikasle batek zerbait egin ezin duenean, besteei laguntzen uztea, horrela elkarlanean ikasiko dute eta elkarri laguntzen ikastea oso garrantzitsua da.
Hizkiak ere landu ditugu abizenen bidez. Gaur z hizkia landu dugu. Hizki hau duten abizen eta izen asko daude gelan, baina gehiago aurkitu nahi zituztenez, utzi die gehiago esaten. Maitek hau ez zeukan pentsatuta, baina ondo iruditzen zait beraien beharretara egokitzea eta dena pentsatuta zuen bezala egin beharrean, ikasleak gustura ari badira horretan jarraitzea, helburua, gogoz ikastea baita. Ez dute arazorik izan hizki honekin, denek asmatu dute hots hori bazeukaten edo ez.
Ondoren, inurrien inguruan aritu gara. Inurri langileak, erregina eta gudariak, daudela azaldu die Maitek eta ondoren, margotegi txokoan inurritegia egingo dutela eta nola egingo duten azaldu die.
        Txokoetara pasa gara gero. Liburutegi txokokoek atzokoek egin zuten fitxa berdina egin dute. Gehienek arazorik gabe egin dute baina batek ez zekien nola egin. Nahiz eta askotan azaldu diodan ez zuen asmatzen eta hau azaldutako egunean, borobilean adi egon al zen galdetutakoan, ez zela adi egon aitortu du. Ematen duenez, mutil honi asko kostatzen zaio zer egin behar duen ulertzea, nahiz eta askotan azaldu ez baitu asmatzen, kontzentrazio arazoa ere izan daiteke. Fitxa egindakoan batzuk abizenak eta zenbakiak landu dituzte eta beste batzuk ipuinak kontatu dituzte. Gaur ez diegu ordenagailura joaten utzi, gero baitute horretarako ordua. Hala ere, oso gustura aritu dira. Poztekoa da landu behar dituzten gauzak gustura egitea, gehiago ikasten baita gustura ari bazara. Etxe txokoan zeudenek urtebetetze imajinarioak ospatu dituzte eta abesten aritu dira, hauek ere oso gustura ibili dira, aspertu gabe. Margotegi txokokoak inurritegia egiten hasi dira, inurria eta inurritegia margotu ondoren, nahi zutena egin zezaketen eta plastilinarekin ibili dira. Eraikuntza txokokoek ez zekiten zer egin eta Maitek geldirik ezin zutela egon esan eta puzzleak eta eraikuntzak egitera animatu ditu. Oso ondo iruditzen zait geldirik badaude esatea zerbait egin behar dutela, ezin baitute geldirik egon. Gainera, horrela zer egin dezaketen gogorarazten die eta agian ahaztuta zuten zerbaitetan jolasean hasten dira.
Ondoren, arratsaldean egingo dugun jolasaren berri eman die, abesti batekin dantza egingo dute. Hau da abestia:

AURRETIK DOANAK EGITEN DUENA
Aurretik doanak egiten duena,
aurretik doanak egiten duena,
zirkin eta oihuak eginez,
zirkin eta oihuak eginez,
neska-mutilak aurrera goaz,
neska-mutilak aurrera goaz.
Aurretik doanak egiten duena,
aurretik doanak egiten duena,
zirkin eta oihuak eginez,
zirkin eta oihuak eginez,
Aurrean dagoena atzera
bigarren dagoena aurrera.

          Nahiz eta gaur neskatoaren urtebetetze eguna izan, ez dugu bizkotxorik jan, aurrekoan ospatu baikenuen mutikoaren eta honen urtebetetzea.
            Atsedenaldiaren ondoren, ordenagailu gelara joatea tokatzen zenez, bertara joan gara binaka jarri eta ilaran. Bertan Maitek esandako jokoetan ibili dira. Lehenengo ereduak kopiatzeko jolas batean, gero, puzzleak egitekoa eta azkenik, jclic izeneko programan, serieak egiteko jolas batean. Hauek dira jolas horien argazkiak:




Gehienak oso gustura ibili dira, baina bat edo bestek aspertu egin direla esan dute. Maitek esan arte ezin zuten jolasez aldatu eta batzuentzat denbora gehiegi zen jolas berdinean ibiltzeko. Beste batzuentzat, ordea, gutxiegi zen, ez baitzieten denbora askorik ematen. Konturatu naiz alde handiak daudela ikasletik ikaslera, batzuk ariketak oso erraz egin dituzten bitartean, beste batzuei asko kostatu baitzaie. Hala ere, Maite eta nire laguntzarekin, uste dut gehienek ulertu dutela jolas bakoitzean egin beharrekoa. Konturatu naiz ez dela erraza jolas batzuk esplikatzea, gainera, batzuei nahiz eta behin eta berriz esan, alferrik zen, ez zuten ulertzen, nahiz eta baietz esan. Momentu horietan ez naiz ondo sentitu, ez baita gustagarria gauza bat azaltzea eta ez dizutela ulertzen konturatu arren ez jakitea nola esplika dezakezun uler diezazuen. Ordenagailuetan binaka egoten direnez, Maitek elkarri laguntzeko esaten die, beraien txanda ez bada ere adi egoteko eta laguntzeko. Hau oso ondo iruditzen zait, elkarri laguntzen ikasi beharra baitaukate eta horrela, gainera adi egongo dira saio guztian.
            Gero, gelara itzuli gara eta olerki eta abesti batzuk abestu ditugu, urtxintxak oihanian eta aurretik doanak egiten duena besteak beste. Ahokorapilo bat ere irakurri die, z hizkia oinarri zuena eta beraiek ere saiatu dira esaten, nahiz eta ez duten lortu. Egokia da, egunean landu duten hizkiarekin lotzea. Ondoren, ilaran jarri eta bazkaltzera joan dira.
Arratsaldean musika eta ingelesa tokatzen zitzaien baina musikako irakasleak irteera zuenez, ez dute musikarik izan. Lehenengo, tertulia pixka bat egin dugu borobilean eserita, arduradunari galderak egin dizkio Maitek eta guztiek hartu dute parte. Ondo iruditu zait gaurko arduradunari zuzenean galderak egitea, lotsatia eta isila baita eta horrela denekin hitz egitera ohituko da eta pixkanaka gero eta gutxiago lotsatuko da. Gainera, ikasle batek kopeta gorritua zuen eta Maitek zer gertatu den galdetu dio. Berak ez dela ezer gertatu esan du, baina gelakideek kolpea hartu duela esan dute. Maite denaz ohartu eta denaz konturatzen da, hau mirestekoa iruditzen zait. Arduradunak bere bazkaria idatzi du arbelean eta hilabeteen inguruko jolas bat (hilabete bakoitzean urteak egiten zituztenak altxatuz hilabeteak ikasteko helburuarekin) egin ondoren, gaur urteak egin dituen neskatoari marrazkia egin diote.
Gero, ingelesa izan dute eta bitartean Maiterekin eskolari eta ikasleei buruz hitz egiteko aprobetxatu dut.
Etxera joan aurretik minutu batzuk falta zirenez, aurreko batean egin genuen joko bat egin dugu, gometxena. Bakoitzak gometx bat zeukan kopetan itsatsita eta bere berdina zuten taldekideak aurkitu behar zituen. Maitek apropos neska bati bakarrik jarri dio gometx mota bat. Hau, taldekiderik bilatzen ez zuela ikusitakoan pixka bat larritu da baina ez gehiegi. Jolas honen bidez, haurrei ulertarazi nahi zien, jolasetan bakarrik geratzea inori ez zaiola gustatzen, eta beraz, ez dela inor baztertu behar. Oso ondo iruditzen zait horrelako gauzak jolasen bidez erakustea, teorian esanda baino hobeto ulertzen baitute normalean adin honetako haurrek. Hala ere, Maiteren sentsazioa helburua ez dela bete izan da, berriro errepikatu nahi baitzuten jolasa. Batzuei, bakarrik geratu dena protagonista sentitu dela iruditu zaie  dirudienez eta beraiek ere horrela izan nahi zuten. Gero, goizean ikasitako abestia abestu eta dantzatu dugu. Nik uste baino gehiago lotsatu dira batzuk aurrean jartzea tokatu zaienean, baina beste batzuk animatu dira eta oso ondo pasa dute.
Amaitu da osteguna eta bihar amaituko da laugarren astea, zeinen azkaar!!

2011-11-16

2011ko azaroaren 16a


      Gaurko eguna ez da besteak bezalakoa izan, irteera motz bat egin baitugu bost urtekoen gelako ikasle baten baserrira. Bi gelatako ikasleak joan gara txangora. Gelara iritsi eta bikoteka jarri dira ikasle guztiak ilaran. Zenbat ikasle etorri diren kontatu du irakasleak, hiru falta ziren, baina bat berehala etorri da. Beste biek ez zutela etorri behar bazekien.
Ondoren, poliki-poliki baserrirantz abiatu gara. Baserria ez dago eskolatik oso gertu, baina ezta oso urrun ere, haurrak oinez joateko leku egokia da eta bidea ere bai. Hala ere, batzuk berehala hasi dira nekatu direla esaten, baina baserrira iristeko gai izan dira. Bidean geldialdi batzuk egin ditugu,  denen erritmoa ez baita berdina. Hau ondo iruditu zait, nahiz eta batzuk beharrik ez izan, beste batzuk atzetik baitzetozen eta taldea ez sakabanatzeko beharrezkoa zen.
Geldialdiak gainera, zuhaitzen eta gaiaren inguruan hitz egiteko aprobetxatu dituzte bi tutoreek. Zuhaitzetatik hostoak hartu eta zein zuhaitzena den, nolako forma duen, zuhaitz horrek zein fruitu ematen duen...azaldu dute. Egokia iruditu zait hau egitea, ikasleek gogoratu behar baitzuten ez direla denbora pasatzera joan, gaiari buruz gehiago ikastera baizik.
Baserrira iritsi garenean, ikaslearen aitak bertan dituzten zuhaitz mota guztiak eta animaliak erakutsi eta azaldu dizkigu, gure inguruan ere biodibertsitatea dagoela ikusteko. Ondo iruditu zait, gelan lantzen ari garena inguruan ikusteko aukera izanda aprobetxatzea, biodibertsitate hitza arrotza baita ikasleentzat eta horrela beraien begiekin ikusiz hobeto ulertuko dute kontzeptua. Asko daki gizon honek eta oso gustura egon naiz bera entzuten. Hala ere, ikasle asko ez dira oso erne egon, loreak biltzen eta beraien artean hitz egiten egon dira. Nahiz eta Maitek eta nik askotan esan diegun entzuteko, ez digute kasu askorik egin. Oraindik txikiak dira eta hainbeste denboran atentzioa mantentzea asko kostatzen zaie, baina ez nuen uste hainbeste kostatuko zitzaienik.
Gero, hamaiketakoa jan eta eskolarantz abiatu gara. Gehienak nekatuta zeudela esaten zuten, baina azkenean iritsi gara eskolara. Atsedenaldiko ordua pasa denez, komunera joan eta jangelakoek mantalak jantzi dituzte.
Gero borobilean eseri eta txangotxoari buruz hitz egin dugu. Maitek ikaslearen aitak azaldu duen zerbait esateko esan die eta gehienek ez zekiten zer esan. Orduan, Maitek ez direla adi egon esan die eta adi egon behar dela. Maite konturatu da bertan ere, ez direla adi egon, baina gelan esanez, beraiek adi egotea zeinen garrantzitsua den ikusiko dute, gero kontatu egin behar baitzuten.
Irteera honetan ikusi dut zeinen beharrezkoa den irakasleen artean komunikazioa eta bi hauen artean badago, beti laguntzen diote elkarri eta batek gauza bat esaten badu besteak ez du zuzentzen, beti laguntzan dute elkar. Gainera, elkarrekin egiten dituzte hainbat irteera eta ekintza, eta hau, garrantzitsua da ikasleen arteko harremanetarako ere.
Liburutegi txokoan egin beharreko fitxa azaldu du gero. Hostoak kolore orden bat jarraituz margotu behar zituzten. Gaur ez dugu arduradunaren lanik egin, goizean ez baikara gelan egon eta arratsaldean salto gelara goazenez ez da behar, beraz, Maitek aldatu ditu txokoak.
Liburutegi txokokoek fitxa hori egin eta nahi zutena egin dute, batzuk ordenagailura joan dira, beste batek zenbakiak landu ditu eta beste batek izenak eta abizenak. Oso ondo egin dituzte, nahiz eta hasieran pixka bat kostatu zaien. Esan behar dut, hasieran nahi zutena egiteko esandakoan ez zekitela zer egin, baina Maitek izenak edo zenbakiak egiteko esan dienean berehala hasi dira. Beharrezkoa iruditzen zait horrelako gauzak egitera animatzea, bestela ipuin bat hartu eta horri begira egoten dira eta beharrezkoa da horrelako gauzak lantzea, gainera gustura egiten dute, baina ez zaie beraien kabuz gogoratzen. Margotegi txokokoek karpeten bigarren zatia amaitu eta hostoak margotu dituzte tenperekin. Eraikuntza txokokoek arbelean izenak idatzi dituzte batzuk eta beste batzuk puzzleak egin dituzte eta etxe txokokoak oso gustura ibili dira.
Amaitzeko antton eta anttoniren abestia abestu dugu.
Bazkaldu ondoren, salto gelara joatea tokatzen zenez, bertara joan gara. Zapatak kendu eta borobilean eseri gara arauak gogorarazteko. Jangelan geratzen den mutiko batek zaintzaileak janaria ahora eramatea nahi zuen eta honek Maiteri kontatu dio. Maitek momentu hau aprobetxatu du berarekin hitz egiteko eta ume txikia ez denez bakarrik jaten badakiela esateko. Ondo iruditzen zait horrelako gauzak aipatzea, askotan iruditzen baitzaie irakasleak ez direla ohartzen jangelan pasatzen denaz eta ez da horrela. Gainera, denen aurrean esanda jarrera aldatzeko posibilitatea handiagoa da, ikaskideek ere entzun dutenez hurrengoan gogoraraziko diote Maitek esandakoa.
Goizean mutiko bat ez da etorri eta irakasleak zergatik ez den etorri galdetu dio, honek txertoa jartzera joan dela esan dio eta gaizki pasa duela, negar egin baitu. Minik egin al dion galdetutakoan ezetz esan du, beraz, beldurragatik egin du negar eta ez dela negar egin behar esan dio.
Ondoren, aparrezko blokez egindako pareta bota eta jolasa hasi da. Gaur liskarrenbat edo beste izan dute, gehienbat materialengatik eta nahi gabe min emateagatik. Gela honetako haur batzuk nahiko astakiloak dira eta ez dira kontuz ibiltzen, beraz, min ematen diote elkarri, hala ere, nahi gabe izan dela esandakoan laster konpontzen dituzte arazoak. Normalean, arazoak dituztenean Maite edo nigana etortzen dira baina Maitek beraien artean konpontzeko esaten die askotan. Hau ondo iruditzen zait, ikasi beharra baitaukate beraien artean hitz eginez konpontzen.
Beti bezala, batzuk jolas sinbolikoan eta beste batzuk motorean ibili dira. Sinbolikoan mutil batzuk eta neska gehienak ibili dira eta motorean, berriz, neska bat bakarrik zebilen mutil artean. Honek asko harritu nau, neska hau beti egoten baita beste neska baten ondoan eta honek egiten duen guztia egiten du. Gaur, ordea, mutilekin ibili da besteari kasurik egin gabe. Ematen duenez hasi da aurpegi pixka bat egiten eta nahi duena egiten beti besteak egiten duena egin beharrean, hau poztekoa da.
Ondoren, atentzioa deitu didaten egoerak kontatuko ditut. Esaterako, neskato bat taldetxoan eraiki duten  etxean sartuta egon da denbora asko, besteei sartzen utzi gabe. Ondoren, atera egin da eta besteak sartu dira. Orduan, besteek ez diote honi sartzen utzi eta haserretu egin da. Maitek egoera hau ondo bideratu duela iruditu zait. Neskari beregana joateko esan dio eta beste inor ez zegoen leku batera joan dira. Bertan, zer gertatu den azaltzeko eskatu ondoren, nola sentitzen den galdetu dio. Honek gaizki esandakoan, besteak ere lehen sartzen utzi ez dienean horrela sentitu direla esan dio. Horrela ulertu du, guri egitea gustatzen ez zaiguna besteei ere ez zaiela gustatzen. Maitek oso lasai hitz egin du eta asko gustatu zait nola bideratu duen egoera.
Beste neskato batek ia saio osoa soka hartu eta soka saltoan pasa du. Besteak ikusten ditu saltoka, baina berari ez zaio atertzen, hala ere, ez du etsi eta saiatu eta saiatu aritu da saio osoan. Harritu egin naiz ez dela aspertu ikustean, normalean gauza bat ateratzen ez bazaie segituan etsitzen baitute, baina honek ez du etsi. Egia esan, neska hau oso inbidiosoa da eta besteek egiten duten guztia egin nahi izaten du, beraz, horregatik izan daiteke, besteei ateratzen zaienez eta berari ez, ikasi egin nahi duelako.
Mutiko bat altura batean eserita zegoen geldi-geldirik. Maite berarengana joan da eta ea kamioi edo “eskabadora” baten gainean eserita al zegoen galdetu dio. Honek ezetz erantzun dio, geldirik zegoela. Maitek alde egin bezain pronto “eskabadoraren” gainean zegoela imajinatu du. Harrigarria iruditzen zait, Maiteren hitz pare batekin jolasera nola animatzen diren ikusita.
            Gero, Maitek atera egin behar izan du momentu batez eta bakarrik gelditu naiz gelan. Hasieran inseguru sentitu naiz guztiekin ni bakarrik gelditzean, baina gero gustura egon naiz. Gainera, konturatu naiz mila begi eduki behar direla ikasleekin eta salto gelan oraindik gehiago, etxe batean zapiak ondo jartzen laguntzen ari zaren bitartean, beste bi haserretu baitaitezke. Bakarrik egon naizen momentuan bik arazo bat izan dute, batek nahi gabe behatza sartu dio besteari begian. Arazoak hitz eginez konpontzen direnez hitz egiteko esan diet eta segituan konpondu dute. Oso gustura sentitu naiz arazo bat konpontzeko gai naizela ikusitakoan.
            Azkenik, bukatzeko gutxi falta zela abisatu die eta ondoren, jolasa amaitu dela esan die. Jaso ondoren, batzuk marrazkiak egin dituzte eta beste batzuk eraikuntzak. Zapatilak jantzi eta etxera joan gara.
            Gaurkoa egun nekagarria izan da ikasleentzat, hala ere, bihar energiaz beterik itzuliko dira!