2011-11-04

2011ko azaroaren 4a


            Konturatzerako iritsi da ostirala. Gaur ere betiko moduan hasi dugu eguna. Gelara sartutakoan bakoitzak kontatu beharrekoa kontatu ondoren, arduradunak egin beharreko lanak egin ditu. Gaurko arduraduna askotan gaixotzen den ikaslea da, beraz, Maitek egokitu egin behar izan du eta behar zuen laguntza guztia eman dio, ez ordea, behar duena baino gehiago, ikasleei ez baitzaie dena egina eman behar. Normalean ikasleek beraien izena txarteltxoetan begiratu gabe idazten dute, honek ordea, saio asko galdu dituenez ez daki begiratu gabe idazten, beraz, begiratzen utzi dio. Gainera, etorri ez direnen izenak idazten ere ez daki eta nahiz eta oker idatzi, ez dio guztia zuzendu. Oso egokia da hau egitea, beste egunen batean azaldu nuen bezala Hurbileko Garapen Zonaldean egin behar baita lan.
            Hau egin ondoren, inurria eta txirritaren ipuina kontatu die Maitek. Kontatzen ari zen bitartean, gaurko arduraduna negarrez hasi da, baina Maitek lasaitzeko esan dionean lasaitu da. Ondoren olerki batzuk kontatu ditu irakasleak eta esaldi bakoitzaren ondoren ikasleek errepikatu egin dute. Ondoren, ostirala denez, etxera eramateko ipuina aukeratu dute aurrekoa itzulita zutenek, etxean ezin baitira eskolako bi ipuin eduki. Bakoitza aurreko egunean zegoen txokoko mahaietan eseri da fitxa betetzeko. Hau egiteko egokia iruditzen zaidan metodo bat erabiltzen du. Bakoitzak bere fitxan idatzi beharra daukanez aukeratu duten ipuinaren izena eta ipuin batzuen izenburua letra txikiz dagoenez, irakasleak txarteltxotan idatzita dauzka ipuin guztien izenak. Talde bakoitzari aukeratu dituzten izenburuak ematen dizkie, horrela bakoitzak berea zein den aukeratu eta fitxan idatzi behar du. Gero, arratsalderako plana azaldu die, hostoak eta makilak biltzera joango garela eskola zaharraren atarira esan die, baina baldintza batekin, txintxo eta jator portatzen badira. Hau metodo ona iruditzen zait haurrak txintxo egoteko, gogotsu baitzeuden hostoen bila joateko.
            Ingelesa eta gazteleraren garaia iritsi da ondoren. Maitek eta nik ordu hori hurrengo egunetarako materiala prestatzeko aprobetxatu dugu, olerki berriak inprimatu, gelan egiteko fitxak...
            Atsedenalditik bueltan haur batek baloia zapaldu eta erori egin dela kontatu digute. Maitek orduan, baloia zer formatakoa den galdetu die, horrekin batera, lurra ere borobila dela esan die. Nahiz eta ez zeukan pentsatuta, lurra borobila dela esaten duen olerki bat irakurri du. Bertan lurrak bueltak ematen dituela eta horregatik urtaroak aldatzen direla azaltzen du. Maitek atera den gai bat, gelan lantzen ari diren gaiarekin lotu du, ezusteko gaia gaian sartzeko aprobetxatu du. Hau oso interesgarria iruditu zait, agian beste irakasle bati ez litzaioke okurritu ere egingo baloi bat udazkenarekin lotzea, baina honi bururatu zaio eta harrigarria iruditu zait. Hau izan da kontatu duen olerkia:

Hostoak agur
udazkenean zuhaitzari.
Elurrak ere bai
udaberriko eguzkiari.
Etorri eta joan
jaio eta hil.
Gure mundua
biribil borobil
biraka dabil.


            Txokoetara pasatzerakoan, talde bakoitzari zein txoko tokatzen zaion jartzen duten txarteltxoak arduradunak aldatzen ditu. Talde bakoitzak kolore bat du eta arduradunak kolore bakoitzari zein txoko tokatzen zaion esan behar du. Orduan konturatu naiz, honek oraindik ez dituela koloreak ondo bereizten. Irakasleak esan didanez, eskolako P.T.arekin egona da eta oraindik beste fase batean dagoela esan zion. Gainera, eskolara askotan faltatzeak ez dio batere laguntzen. Liburutegi txokoan zeudenek atzo besteek egin zutena egin dute, inurria eta txirritaren elkarrizketa osatu dute. Hemen egon naiz momentu batean laguntzen eta atzo esan bezala, konturatu naiz batzuek askoz ere laguntza gehiago behar dutela. Batzuei idatzi nahi dutena ahoz silabaka errepikatzea nahikoa da, behintzat bokala edo kontsonantea ondo idazteko, beste batzuei berriz behin eta berriro errepikatu behar zaie silaba bakoitza. Maitek badaki nork duen ahalmen gehiago eta nork gutxiago, beraz, exigentzia maila ere ez da denentzat berdina. Hau ondo iruditzan zait, guztiek ez dutelako ahalmen berdina eta ezin zaielako berdina exijitu, bakoitzaren beharretara egokitu behar da eta horretan saiatu behar da. Gainera batzuei kontzentratzea asko kostatzen zaie eta behin eta berriz errepikatu behar zaie lanean ari direla eta jarraitzeko.  Eraikuntza txokoa tokatzen zitzaien mutilek baserri handi bat egin dute eta barruan animalia asko sartu dituzte, neskek berriz puzzleak egin dituzte. Batek 40 piezakoa egin nahi zuen, ia ondo bukatu du, baina bi pieza kontrako lekuan jarri ditu eta ezin amaiturik zebilen. Niri laguntza eskatu dit eta pista bat eman ondoren amaitu du, oso pozik geratu da. Beste neskak zenbakien pieza batzuk zeuzkan eta horrekin marrazkiak egiten ari zen. Ikaskuntzarekin lotutako ezer egiten ari ez zenez, ea zenbakiak ordenean jartzen asmatzen al zuen galdetu diot. Segituan jarri ditu, sei eta bederatzi zenbakiekin arazotxo bat izan ondoren eta nik bostekoa emanda saritu dut, hau ere oso gustura geratu da egiten zekiela ohartu denean. Txokoetan dauden material guztiak eginkizun didaktikoetarako direnez, Maitek beti esaten die, hartzen duten material bakoitza zertarako den eta horretarako erabili behar dutela. Ni ere horretan saiatu naiz eta uste dut ondo egin dudala. Oso gustura sentitu naiz neskatoa egindako lanarekin gustura ikusi dudadean. Margotegi txokokoak karpeta egiten jarraitu dute. Oraingoan paper zatiak itsatsi behar zizkioten eta ez dute zailtasunik izan. Etxe txokokoak berriz trenez bidaiatu dute Maiteren herriraino.
            Txokoen garaia amaitu denean Maitek etxe txokokoei zer moduz ibii ditren trenean galdetu die, beraietaz gogoratzen zela adierazteko. Hau ondo iruditu zait, horrela, nahiz eta beraiekin denborarik ez igaro, beraiek ere kontuan hartzen dituela sentitzen baitute. Bazkaltzeko ordua iristeko pixka bat geratzen zenez, olerki eta abesti batzuk kantatu dituzte, beti ere gaiarekin edo ipuinarekin lotutakoak. Esaterako ondorengoa abestu dugu:

Anttoni Anttoni,
zure atean nago ni.
Ai Antton, ai Antton,
ate ondoan hor konpon.

Lehenengo Maitek eta nik egin dugu eredua eta gero binaka atera dira abestia abestera, batek Anttonen papera egin behar zuen eta besteak Anttonirena. Asko direnez ez dute guztiek egiteko denborarik izan. Abesti honek gai hasierako ipuineko eszena baten antz handia du, Txirritak ere inurriari etxean sartzen uzteko eskatzen baitzion, abestian Anttonik ez dio Anttoni sartzen uzten, baina ipuinean inurriak uzten dio Txirritari sartzen, bihotz onekoa baita.
            Bazkaldutakoan, arduradunak arbelean idatzi behar zuen bazkaldu zuena, baina honek ez dakiela esan du eta negar egin duenez berak esan eta Maitek idatzi du. Ondoren atzoko arduradunak atzo ez zuela idatzi eta idatzi nahi zuela esan du, beraz arbelera atera da bere bazkaria idaztera. Hau oso bizkorra denez dena ondo idatzi du, hori bai, zenbait momentutan irakaslearen laguntzarekin, oraindik soinu batzuen letrak ez  baitakizkite. Ondoren arduradunari galdetu dio ea ipuina kontatu nahi zuen, honek ezetz esan duenez eta atzokoak kontatu ez zuenez honi galdetu dio. Honek baietz erantzun dio eta berak aukeratu duen ipuin bat kontatu die gelakideei bere modura. Denak isil-isilik egon dira hau entzuten, beraiek izan baitzitezkeen kontatzen ari zirenak eta orduan besteak ere isillik egotea nahiko baitzuten. Beste noizbait ere esan dudala uste dut, baina oso ondo iruditzen zait ikasleak ez ezertara behartzea, denak ez baitira berdinak eta lotsatiagoa denak ez du ipuina kontatu nahiko, eta eskolara ez da gaizki pasatzera joaten. Gero pasilloko adostokia apindu dugu, tren bat egin dugu eta bertan irudiak jarri ditugu. Beste egunen batean bost urtekoek zerbait idatziko dute irudi bakoitzaren ondoan. Bukatuta ez dagoenez ez diot argazkirik atera, baina beste egunen batean aterako diot zeinen polita gelditu den erakusteko.
            Arratsaldea amaitzeko, goizean esan bezala hostoak eta makilak biltzera joan gara. Bakoitzak makila bat eta nahi zituen bezainbeste hosto bildu behar zituen, hori bai, hostoak berdeak eta zimurtu gabekoak izan behar zuten, ondoren egunkarien tartean  sartzeko eta lehortutakoan inurritegi itxurako murala egiteko. Bertan haur batek kasketa harrapatu du, bildu dirtuen hostoak berdeak al ziren galdetutakoan konturatu baita berak bildutakoek ez zutela balio. Esan diot ez haserretzeko, oraindik bazegoela gehiago biltzeko denbora, baina ez dit kasurik egin, orduan Maiteri laguntza eskatu diot eta berari egin dio kasu. Maitek esan didanez haur hau oso kaskagogorra da eta gauza bat buruan sartzen bazao berearekin atera behar izaten du beti. Nahikoa bildutakoan denbora geratu zaigunez soberan, jolasteko denbora utzi diegu eta oso gustura ibili dira eskola zaharreko jolasokian, oraingoan baino leku gehiago baitute korrika egiteko. Mutilak motoaren gainean ibiliko balira bezala hasi dira korrika eta azkenean neska batzuk ere animatu dira. Azkenik ostirala iritsi da abestu eta etxera joan gara.
            Amaitu da bigarren astea ere, zeinen motza izan den aste hau!

No hay comentarios:

Publicar un comentario