MUTIL BAKARTIA
Gabon blog hau irakurtzen duzuen guztioi!
Hasi baino lehen esan beharra daukat, hemen erabiliko ditudan izen guztiak ez datozela errealitatekoarekin bat, aldatu egin ditudala hauen intimitatea gordetze aldera.
Blog honen izenburua irakurrita bakarrik jakin daiteke lehenengo practicumean dagoen ikasle baten bloga dela hau eta Pello Errota ikastetxean ari dela praktika hauek egiten. Zehazki lau urteko gelan nago eta ez naiz gelaz aldatu, praktiketan hasi nintzenetik gela berean nago, beraz, nahiz eta oraindik ez ditudan ikasleak guztiz ezagutzen, ari naiz pixkanaka-pixkanaka. Egunero gela berean egoteak hori errazten du, denbora gehiago pasatzen baituzu ikasle berdinekin, horren ondorioz, ikasleak hobeto ezagutzeko aukera dut.
Kontatu nahi dizuedan gaia, lehenengo aldiz salto gelara (ikastetxe honetan horrela deitzen diote psikomotrizitate gelari) joan ginenetik darabilkit buruan. Agian ez du nik eman nion bezainbesteko garrantzia, baina ni kezkatu egin nintzen konturatu nintzenean eta horrelako egoeretan zuek zer egingo zenuketen jakin nahiko nuke, hau da, zuen iritzia irakurtzea gustatuko litzaidake. Haurrek jolasean dituzten harremanen inguruko gaia da. Baina kasua hobeto ulertzeko goazen testuinguruan kokatzera.
Salto edo psikomotrizitate gelan bi eremu bereizten dira, jolas motorea garatzeko eremua eta jolas sinbolikoan aritzeko eremua. Batzuk nahiago izaten dute jolas motorean aritu eta beste batzuk, berriz, sinbolikoan. Normalean mutilak izaten dira jolas motorea nahiago dutenak eta neskak, berriz, sinbolikoa gustuko dutenak.
Aparrezko blokeekin egindako pareta bota bezain laster, neska batzuk irakasleari jolas sinbolikoan ibiltzeko oihalak eskatzen hasi ziren. Irakasleak ez zizkien eman ordea, pentsatzen baitu beharrezkoa dela minutu batzuetan jolas motorean aritzea, saio guztian jolas sinbolikoan aritu gabe. Minutu horiek pasa zirenean Maitek utzi zien jolas sinbolikoko eremura igarotzen. Orduan hasi zen nire harridura.
Maitek jolas sinbolikoko eremura pasa zitezkeela esan bezain pronto, Jon izeneko mutil bat gelaren iskina batean zerbait eraikitzen hasi zen. Adin honetako haur batek aparrezko blokeekin zerbait eraiki nahi izatea ez da harritzekoa. Haur asko ari ziren taldetxotan beraien etxeak eraikitzen. Gelan ikasi duten aurreko gaia etxea gaia denez, ikasitakoa salto gelan aplikatzen ari ziren, batzuk iglu bat egin zuten eta beste batzuk, berriz, tipia. Harrigarria, ordea, Jon bere etxea eraikitzen bakarrik ari zela da. Gelakide guztiak ari ziren taldetxoetan jolasean, bai jolas sinbolikoan ari zirenak eta baita jolas motorean ari zirenak ere. Baina Jon bakarrik zebilen eta ez zuen horregatik triste zegoenik ematen, gustura zebilen bere etxea eraikitzen.
Irakasleen Unibertsitste Eskolan ikasi dugunez, haurrak bi urte eta erdi inguru izan arte bakarrik jolasten du, ez da beste haurrekin jolasean hasten. Horretarako, lehenengo jolas paraleloa garatzen da, ematen du haurra beste haurrekin jolasean ari dela, baina bakarka ari dira jolasean, ez da umeen arteko harremanik sortzen. Baina hiru urte dituztenean, elkarrekin jolasten hasten dira, jolas berean dabiltza, nahiz eta askotan elkarrekin komunikatu gabe, bakoitza bere gisara ibiltzen den. Hiru urterekin adinkideekin erlazionatzen eta jolasak partekatzen hasten dira eta lau urterekin, jolasa integrazio sozialaren adierazgarri da. Horrela, besteekin harremanetan jartzen da taldeko arauak onartzeko eta errespetatzeko.
Gelakide gehienek lau urte eginak dituzte eta Jonek ere bai. Horregatik, denek taldean jolasten dute Jonek izan ezik. Unibertsitatean lehen aipatutakoa ikasi ondoren salto gelan gertatzen ari zena ikusitakoan harritu egin nintzen eta Maiteri komentatu nion. Honek, nahiz eta adin honetan ohikoa ez izan, Jonek askotan jolasten duela bakarrik esan zidan, eta taldean jolasten duenean ere, bakarrik bere gisara jolasten askotan ikusi izan omen du. Nire begiekin ikusi ahal izan dut horrela dela, txkiguayra joan ginenean ere, askotan ikusi bainuen bakarrik jolasten eta gelan ere gehiagotan ikusi izan dut.
Jonek askotan Maiteri edo niri esaten digu zer egiten ari den ikusteko, baina bere kabuz ez da animatzen ikaskideekin jolastera edo ikaskideak bere jolasera gonbidatzera.
Agian duena baino garrantzi gehiago ematen ari naiz kasu honi, baina zer egin dezakegu horrelako kasu baten aurrean aurkitzen bagara?
- Lagunekin jolastera behartu?
- Ez parte hartu eta bakarrik jolasten utzi?
- Animatu lagunekin jolastera?
- Espezialistari edo psikologoari esku hartzeko esan?
Nire ustez, haurrak ez dira ezertara behartu behar eta beraz, nik ez nuke lagunekin jolastera behartuko.
Hau, gertatzen zen lehenengo aldia balitz, edo behin bakarrik gertatuko balitz, ez nuke parte hartuko, momentu puntual bat delako eta besteetan izaten dituelako harremanak ikaskideekin eta erlazionatzen eta jolasten duelako adinkideekin.
Baina badakigu ez dela lehenengo aldia, horregatik, nik parte hartuko nuke. Hau gertatu zenean, Maitek parte hartu zuen eta nire ustez, oso modu egokian gainera. Maitek ondo ezagutzen du Jon, pasa den ikasturtean ere bere ikaslea izan baitzen eta ondo zekien zer egin behar zuen. Bultzada txiki bat nahikoa izan zuen. Maitek, ea bere lagunak ez zituen bere etxera gonbidatu behar galdetu zion Joni. Hasieran ez zen ausartzen, baina irakasleak bere lagunak bazkaltzera edo afaltzera gonbidatzeko esan zionean segituan joan zen lagunengana eta bere etxera gonbidatzen zituela esan zien. Lagunak gustura joan ziren eta elkarrekin jolastu zuten, Maiteren bultzada beharrezkoa izan zen, baina egun horretarako bakarrik funtzionatu zuen. Aste horretan bertan txikiguayen berriro bakarrik ibili zen jolasean eta salto gelako hurrengo saioetan Maitek berriro animatu arte ere bai.
Zer egin dezakegu Jon lagunekin jolasean bere kabuz has dadin, egunero animatu beharrik izan gabe? Hauxe da nire kezka, ea guztion artean zerbait bururatzen zaigun Joni laguntzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario