Beti bezala hasi da eguna gaur ere, lehenengo arduradunak bere lanak egin ditu: bere izena idatzi, zenbat etorri garen kontatu, data jarri, gaur zer zuten begiratu eta eguraldiaren lana egin. Gaurko arduradunak fundamentu asko duela erakutsi du, berak bazekien zer egin behar zuen eta irakasleak esan arte ez du itxaron. Horregatik irakasleak saritu du, fundamentu asko duela esan dio. Hori egokia iruditzen zait, horrela gogotsu arituko da. Ondoren “L” letra zein den ikasi dugu. Horretarako “L” duten izenak eta abizenak idatzi ditugu arbelean, hori bai, gelakoen izenak eta abizenak. Ondoren gaiarekin sartzeko kontatutako ipuinaren zati batzuk antzeztu dituzte haurrek txandaka. Asko direnez, ez zegoen denek egiteko denborarik eta denek eginez gero gainera aspertu egingo lirateke haurrak, beraz, bi bikotek bakarrik egin dute. Gero irakasleak asmakizun batzuk kontatu dizkie, haurrak motibatzeko ez dituztela asmatuko esan die, horrela denak gogotsu hasi dira asmatu nahian. Ondo funtzionatu du metodo horrek. Ondoren, liburutegi txokoa tokatzen zaienean zer egin beharko duten azaldu die Maitek. Txoko honetan fitxa bat egin beharko da, fitxa honetan Txirrita eta inurria agertzen dira eta gainean bokadilo batzuk dituzte, elkarrizketa bat idazteko. Hor, antzeztu dituzten elkarrizketetako zatirenbat idatzi beharko dute. Badago askotan gaixotzen den haur bat eta askotan ez da eskolara etortzen, gaur negarrez aritu da. Maitek badaki zer egin behar duen haur horrekin eta beste gela batera eraman du lasaitzera. Ez dio batere onik egiten haur honi gelara ez etortzeak, besteak baino gehiago kostatzen baitzaio eta etortzen denean bere zaintzailea asko botatzen du faltan. Gainera gelako erritmoa mozten du eta gainerako ikasleak ez dira eroso sentitzen.
Gero txokoen garaia iritsi da. Gaur margotegi txokokoek bukatu gabeko lanak amaitu dituztenean karpetak margotu dituzte. Bitartean besteak libre ibili dira, atzoko moduan batzuk marrazkia egin ondoren ez zekiten zer egin. Maitek pistak eman dizkie, marrazkia egin zezaketela, edo moztu eta itsatsi edo plastilinarekin ibili. Azkenean animatu dira plastilina hartzera eta denen artean pastel bat egin dute. Etxe txokokoek arazo batzuk izan dituzte batek jostailuak eskatu gabe kentzen zizkielako. Orduan niri esan didate eta horrelakoetan zer egin behar den galdetu diot, berak segituan gogoratu du barkamena eskatu behar dela eta gauzak eskatu egin behar direla. Liburutegi txokokoak Maitek azaldutako fitxa egin dute berak banaka lagundurik, oraindik idazterakoan zailtasunak baitituzte. Ez dute idatzi nahi dutena oraindik ondo idazten eta beraz, gero Maitek azpian idatzi du. Besteek Maite beraiengana joan bitartean fitxa margotu dute.
Atsedenaldiaren ondoren, etxetik ipuinak ekarri dituztenez fitxa bete dugu. Normalean astelehenetan egiten dute hau baina aste honetan astelehena jai zenez eta atzo denborarik izan ez genuenez gaur egin dute. Gainera, normalean bakoitzak egiten du ixa bere fitxan baina denbora asko galtzen denez, gaur Maitek egin du. Ondoren, arratsaldeko plana zein izango den azaldu die Maitek ikasleei. Arratsaldean musika eta ingelesa dituzte baina ondoren, ordu erditxo bat geratzen zaie etxera joateko ordua iritsi arte. Ordu erditxo horretan udazkenaren inguruko argazki batzuk ikusiko ditugu Benito Lertxundiren abesti batez lagundurik. Hau azaldu ondoren, Maitek eguneko arduradunari esan dio ea bost urteko gelakoak gonbidatuko dituen argazki horiek ikustera. Baietz esan dio eta beraz, bost urteko gelara joan da. Gainera, bertakoek gonbidapena onartu eta etorriko direla esan dute. Gaurko arduraduna, atzo pirritx eta porrotxen abestia abestu zuen neskatoa da. Bost urtekoen gelako tutoreak bazekien honek atzo abestu egin zuela eta beraz, ea bost urteko gelan ere abestuko zuen galdetu dio. Hau ez da oso lotsatia eta bost urtekoen laguntzarekin abestia abestu du. Arduraduna bost urtekoen gelan zegoen bitartean, Maitek ea Benito Lertxundi nor den ba al dakiten galdetu die gainerako ikasleei, batzuk bazekiten baina beste batzuk ez, beraz, irakasleak Benito abeslari bat dela azaldu die. Egokia iruditu zait Arduraduna ez zegoen denbora zerbaitekin betetzea, bestela, gainerako ikasleak aspertu egingo baitziren ezer ere egin gabe. Arduraduna etorri denean, ea udazkeneko koloreak zein diren ba al dakiten galdetu die, hasieran nahastu samarrak ibili dira, baina gero jakin dute erantzuten.
Ostegunetan ordenagailu gelara joatea tokatzen da, baina laguntzailea etorri ez denez eta aspaldian txokoetan gutxi ibili direnez, txokoetan ibiltzeko aprobetxatu dugu. Margotegi txokokoek karpetak margotu dituzte eta bitartean besteak nahi zutena egin dute, gehienak plastilinarekin ibili dira baina beste batzuk orri mota ezberdinak moztu eta kolarekin itsasten ibili dira. Hauek ez dute arazorik izan zer egin erabakitzeko eta ez dira aspertu. Liburutegi txokokoan zeudenak eta bukatu gabeko lanak zituztenek, lehenengo horiek bukatu dituzte eta ondoren, Txirrita eta inurriaren fitxa egin dute. Fitxa hau egiteko banaka lagundu behar zaio ikasle bakoitzari, zaila egiten baitzaie idaztea, beraz, Maite eta ni hauei laguntzen aritu gara. Zer idatzi nahi duten galdetu diegu eta idatzi nahi zutena koherentea bazen, hau da, ipuinarekin eta antzeztutako zatiarekin zerikusia bazuen hori idazteko esan diegu. Idazterakoan entzuten zituzten hotsak idazteko esan diegu, gaizki bazeuden ere utziz, baina pixka bat lagunduz. Hau egokia iruditu zait, oraindik ez baitakite ondo idazten eta gaizki ari direla esaten badiegu etsi egingo dute eta ez dira saiatuko. Horrela lagunduz gainera, hots batzuk bereizten dituztenez, batzuetan bokalak ondo idazten dituzte eta kontsonante batzuk ere bai. Gehien errepikatzen den akatsa, kontsonantea idaztea eta bokala ahaztea da, adibidez behar hitza idazterakoan “b” bakarrik idazten dute, “b” ahoskatzean “be” esaten baita. Normala iruditzen zait horrelako akatsak egitea, oraindik ikasten ari baitira.
Arratsaldean, musika eta ingelesa izan dituzte, hauek beste irakasle batzuekin egiten dituztenez, Maitek eta nik hurrengo egunetan beharko duten materiala prestatu dugu. Gero, lehen esan bezala musikarekin lagunduriko argazkiak ikustera joan gara. Nahiko zaila izan da denak isilik mantentzea baina lortu dugu. Bideoa bukatu denean, horren inguruan hitz egin dugu pixka bat, ea zein kolore ikusi dituzten, zein argazki gustatu zaien gehien etab. Gero etzanda jarri dira lurrean begiak itxita eta Maitek eta bost urtekoen tutoreak istorio bat kontatu diete imajina zezaten. Oso ideia ona iruditu zait bideo hau ikustea, gaiarekin oso lotuta baitzegoen, horrela udazkeneko koloreak argiago bereiztuko dituzte. Azkenik, berokiak hartu eta etxera joan dira denak erlaxatuta.
Hau izan da gaurkoz guztia, ea bihar zer gertatzen den Asteasuko eskolako lau urtekoen gelan!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario