Gaurko eguna ere besteak bezalakoxea izan da. Lehenengo bakoitzak bere asteburua kontatu du. Astelehenero bezala gauza asko zuten kontatzeko, beraz, denbora dezente igaro dugu borobilean eserita. Gainera, atzo gelakide baten urtebetetzea zen, beraz, hiru urteko eremutik lau urtekora pasatu du Maitek bere izena. Oso gustura ikusi du nola pasatzen zen eremu batetik bestera.
Arduradunak oso ondo egin ditu egin beharreko lanak. Gainera, ostiraleko arduradunak lagundu dio uneren batean eta Maitek esan dio horrela egon behar dela gelan, adi-adi. Oso ondo iruditu zait Maitek adi dagoenean errekonozitzea eta esatea, gauza txarrak bakarrik ez baitzaizkie esan behar ikasleei eta gainera, horrela, beti egongo da adi, badakielako Maite konturatuko dela. Honek esan nahi du balio izan zuela lehengo egunean esandakoak.
Ondoren, asteburuan etxera eraman zituzten ipuinak itzuli dituzte. Maitek hartu ditu denak eta banan-banan galdetu die ikasleei ea gustatu zaien eta ea nork kontatu dien. Gehiengoari amak edo aitak kontatu die, edo beraiek kontatu diete familiakoei. Baina gutxi batzuei ez die inork kontatu. Maitek esan die gurasoei kontatzeko esan behar zaiela, baina batek, esan ziela eta ez diotela kontatu esan du. Gurasoen aldetik utzikeria bat dela iruditzen zait, ez baita batere kostatzen ipuina kontatzea, bost minutuko gauza da eta haurrek asko eskertzen dute. Irakasleek esaten diete hau gurasoei kurtso hasierako bileran, baina ematen duenez batzuei ez zaie inporta. Nik uste dut zerbait egin behar dela egoera hau aldatzeko, baina ez dakit zer egin daitekeen, jakinaren gainean baitaude. Oso egoera zaila da.
Gero, arduradunaren abizenaren bidez k hizkia landu dute. Gelan oso izen eta abizen gutxi daudenez k dutenak, Maitek k duten hitzak esateko esan die. Asko esan dituzte, beraz, ulertu dute honen hotsa zein den.
Ondoren, marrazki bana egin dute atzo urteak betetzen zituen mutikoarentzat. Batzuk ez dizkiete marraztu dituzten pertsonei besoak eta begiak egin eta Maitek esan die egiteko, pertsona guztiek dauzkagula eta. Hau ondo iruditzen zait, agian ez baita konturatu falta zaizkiela. Momentu horretan pixka bat galduta sentitu naiz, ez bainekien zer egin haurrak marrazten ari ziren bitartean, irakasleak galdetzen zien zer ari ziren egiten edo zer egin zezaketen, baina nik ez nekien zer esan.
Gero musika eta ingelesa izan dituzte eta bitartean gelan lantzeko materiala prestatzen lagundu diot Maiteri. Unibertsitatean teorian ikasitakoa praktikan ikusten ari naiz orain. Ikasi genuen irakasleen lana ez dela ikasleen aurrean egiten dena bakarrik eta orain hori ikusten ari naiz, Maitek edozein ordu libre aprobetxatzen bitu horretarako, edo bilera informaletarako.
Atzo gelako ikasle baten urteak zirenez, gaur bizkotxoa ekartzea tokatzen zitzaion, baina aste honetan beste batenak ere badirenez, gurasoek batera ospatzea erabaki dute. Irakasleek ezin dute hor sartu, baina ez zaie ondo iruditzen, ikasle bakoitzari berak izan behar duen protagonismoa kentzen baitzaio. Ni ere iritzi berekoa naiz, iruditzen zait bakoitzak bere eguna behar duela protagonista sentitzeko.
Atsedenaldiaren ondoren, ura edatera joaten dira haur guztiak komunera. Ondo iruditzen zait uztea, korrika ibiltzen baitira atsedenaldian eta egarrituta bueltatzen dira. Baina gaur hiruk denbora gehiegi pasatu dute eta Maite mugitzeko esatera joan denean urarekin jolasean ikusi ditu. Haurrek badakite urarekin ez dela jolastu behar, beraz, bihar ura edatera joaten ez diela utziko esan die eta beraien izenak idatzi ditu arbelean.
Biodibertsitatearen inguruan aritu gara gero. Txoko berdean jartzeko haur bakoitzak marrazki bat margotuko duela azaldu die eta baita liburutegi txokoan egin beharko duten fitxa ere.
Txokoetara pasatu gara gero. Liburutegi txokokoek, esan bezala, fitxa bat egin dute. Ondorengoa zehazki:
Hau segituan egin dutenez, txoko berdean jartzeko marrazkiak margotu dituzte. Hau ere oso azkar egin dutenez, beste bi fitxa egin dituzte. Ondorengoak:
Olerki batean o hizkia bilatu behar zuten eta bestean aizkolaria hitza. Hau ere azkar bukatu dutenez, nahi dutena egin dute gero, abizenak eta izenak lantzen eta gaiaren hiztegia lantzen aritu dira. Margotegi txokoan hostoa josten jarraitu dute. Neska batek ez zuen ondo egiten eta behin eta berriz esan arren, gaizki egiten zuen. Halako batean, Maitek buila egin dio eta gela guztia isildu da. Ez naiz ondo sentitu une horretan, ez bainekien zer egin. Baina Maiteren jarrera ere ulertzen dut, behin eta berriz esan baitio horrela ez zela egin behar. Gainera, balio izan du bere builak, gero ondo egin baitu. Aitortu behar dut inoiz ez nuela Maite horrela ikusi, beraz, bere arrazoiak izango zituen. Etxe txokokoek ez dute beraien txokoa jaso eta gero jasotzen jarraitu behar izan dute. Eraikuntza txokoan gaur bi talde nabarmen ikusi ditut. Neskak arbelean izenak idazten aritu dira eta mutilak, berriz, eraikuntzak egiten. Harritu egin naiz, normalean nahasirik ibiltzen baitira.
Arratsaldean arduradunak bere bazkaria idatzi du arbelean. Oso ondo idatzi du eta Maitek esan dio oso ondo egin duela eta asko ikasten ari direla denak. Horrelako gauza positiboak esatea oso ondo iruditzen zait, oso positiboa da beraientzat. Ondoren nahi bazuen ipuina kontatzeko esan dio. Honek nahi zuen eta oso ondo kontatu du aukeratu duen ipuina. Gero Maitek kontatu du ipuin bat. Asko gustatu zait nola kontatu duen, asko sartu da paperean eta horrela, haurrak ipuinean bete-betean sartzea lortu du. Oso polita iruditu zait haurrek ipuina nola bizi duten ikustea.
Ondoren txokoen garaia iritsi da. Liburutegi txokoan zeudenek goizean egon direnek egin duten berdina egin dute. Baina talde honetan aldeak bestean baino handiagoak izan dira, batzuk segituan amaitu dute baina bati ez dio dena bukatzeko denborarik eman, lehengo egunetik ere bazeuzkan bukatu gabeko lanak eta. Ni azken honi laguntzen aritu naiz eta laguntza asko behar izan du. Bitartean, segituan amaitu dutenak berehala aspertu egin dira. Konturatu naiz oso zaila dela horrelako gela handi batean egitekoa programatzea. Beste txokoetan lasai eta gustura ibili dira.
Azkenik Maitek asteazkenean bost urteko ikasle baten baserrira joango garela zuhaitzak ikustera esan die ikasleei. Bitxia iruditu zaidan metodo bat erabiltzen du gurasoei gauzak esatea ez ahazteko. Ixa bat egiten die eskuan, horrela gurasoek zergatik duten ixa hori galdetutakoan gogoratu egiten dira esan behar zietenaz. Inoiz ez nuen metodo hori ikusi eta bitxia baina egokia iruditu zait.
Hasi dugu laugarren astea ere, bihar artee!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario