MARRAZKIAREN AZALPENA
Testu honetan ni magisteritza eskolan nola sentitzen naizen eta bertan bizitakoa azalduko ditut. Horretarako marrazki bat egin dut eta orain, hori hobeto uler dezazuen azalpena emango dut.
Txikitan beti esaten nuen handitzen nintzenean ileapaintzailea izango nintzela. Asko gustatzen zitzaidan niri ilean trentzak egitea eta neronek hori egiteko gaitasuna lortu nahi nuen, lanbide hori oso gustuko nuen. Baina egun batean, nire izebarekin nengoela, ileapaintzailea den lagun batekin topo egin genuen eta izebak ileapaintzailea izan nahi nuela esan zion bere lagunari. Orduan hasi zen nire ileapaintzaile izateko grina pixkanaka itzaltzen. Nik lanbide horren alde onak besterik ez nituen ikusten baina nire izebaren lagunak alde txar asko kontatu zizkidan. Arazo baten aurrean aurkitzen nintzen orduan, ez nekien zein ikasketa egingo nituen.
Hau pasa eta denbora batera, haurrekin denbora asko pasatzen nuen, nire lehengusu askok familia izan baitzuten. Orduan konturatu nintzen, oso gustuko nituela haurrak eta beraiei laguntzea eta heztea zeinen aberasgarria izan litekeen pentsatu nuen. Beste lanbide bat etorri zitzaidan burura, irakaslea izango naiz. Argi dut ez naizela DBH edo Batxilergoko irakaslea izango, ezta Lehen Hezkuntzakoa ere, Haur Hezkuntzako irakaslea izango naiz. Haurrei beraien bizitzako lehenengo gauzak irakatsiko dizkiet eta beraientzat eredu izango naiz. Badakit erantzukizun handia duela lanbide honek baina oso polita iruditzen zait beste pertsonei laguntzea. Hau izan zen ikasketa hauek aukeratzearen arrazoia.
Hala ere, aukeratzea ez zen nahikoa, ikasketa hauek egin ahal izateko bataz bestekoa lortzea ez zen hain erraza. Batxilergoan lan handia egin ondoren, sartu nintzen Donostiako Unibertsitatean eta hori jakin nuenean, pozez txoratzen negarrez hasi nintzen, Batxilergoko tentsio guztiak amaitu ziren azkenean.
Sartu nintzen bai baina hori ez da nahikoa irakasle izateko. Lana gogor egin behar da ikasketa hauek aurrera ateratzeko eta gogoak asko laguntzen badu ere, ez da nahikoa. Lehenengo kurtsoan gainera, ikaskide ia guztiak berriak zirenez ez nituen ezagutzen. Ni oso lotsatia naiz eta jende berriarekin erlazionatzea asko kostatzen zait. Baina lanbide honetan taldean lan egiten jakitea beharrezkoa denez, ikasketetan ere lan asko egiten dira taldean eta horrek ikaskideekin harremantzeko asko laguntzen du. Nik beti nahiago izan dut taldean lan egin banaka baino, besteen iritziak entzunez eta denen artean erabakiz lana aberasgarriagoa izaten delako. Baina ikasketa hauetako lehenengo ikasturtean konturatu nintzen ez dela pentsatzen nuen bezain erraza taldean lan egitea. Taldean askotan egoten da besteen lanaz aprobetxatzen den norbait. Kontu honekin nahiko momentu txarrak bizi izan nituen baina irtenbide bakarra zegoen, taldez aldatzea, beraz, ikasturte honetarako taldea aldatu dugu eta oraingoz oso gustura gaude, denek egiten dugu lan eta ez dago besteez aprobetxatzen den inor.
Irakasle eskolan gaizki edo ez hain ondo pasatzen dudan uneetako bat, aurkezpenak izaten dira. Askotan aurkezpenak egin behar izaten ditugu gelakideen eta irakasleen aurrean eta ni oso urduri jartzen naiz. Hala ere, nire lanbidean jendearen aurrean hitz egiten jakitea beharrezkoa da, gurasoekin, lankideekin edo ikasleen aurrean hitz egin beharko dudalako bileretan eta gelan. Beraz, oso garrantzitsua iruditzen zait horretarako prestatzea.
Bi arrazoi hauengatik marraztu dut talde bat arbelaren ondoan aurkezpena egiten.
Ni oso gustura joaten naiz unibertsitatera, bertan ikasten duguna gure lanbiderako garrantzitsua dela badakidalako. Irakasle ona izan nahi badut, eta hori da nire helburua, ahal dudan gehiena ikasi beharra daukat irakasle eskolan. Hala ere, iruditzen zait, praktiketako egonaldian, unibertsitatean bezainbeste ikasiko dudala, beraz, biak dira garrantzitsuak, baina honen inguruan beste batean idatziko dut.
No hay comentarios:
Publicar un comentario