Gaurko eguna ere besteak bezalaxe hasi da, arduradunaren lanekin. Gaur ere eguraldiaren lana aprobetxatu du Maitek kenketak lantzeko. Gaur, ordea, kanika sartu beharreko kaxan jada bazegoen kanika bat, beraz gaur sartutakoa bigarrena zenez, ez dira bederatzi kanika falta hamar osatzeko. Orain arte beti bederatzi falta zirenez, ikasleak pixka bat nahastu dira eta ez zekiten zenbat falta ziren hamar osatzeko. Hau azaltzeko arbelean hamar borobiltxo marraztu ditu Maitek eta bi marratu ditu. Ikasleek marratu gabekoak kontatu dituzte zenbat falta diren jakiteko. Batzuk segituan ulertu dute zergatia baina beste batzuk ez dira konturatu zer egin duen. Oso modu polita iruditu zait kenketak lantzeko, pixkanaka hasi behar baitute eta horrela ikusiz, imajinatu beharrik gabe hobeto ulertuko dute, nahiz eta denek ez duten ulertu. Hau normala da, denak ez baitira berdinak eta batzuk zailtasun gehiago baitute.
Arduradunaren abizenak s asko dituenez, s hizkia landu dute. Maitek s duten abizenak idatzi ditu arbelean. Horretarako ikasle bakoitzari galdetu dio ea bere abizenak s bazuen. Gehienek ondo erantzun dute, baina baten abizenak srik ez du, z du eta nahastu egin da s bazuela esanez. Maitek arbelean idatzi du bere abizena eta ikaslea segituan konturatu da nahastu egin dela. Egokia iruditzen zait hizki desberdinak azaltzeko ikasleen abizenak aprobetxatzea, horrela egun bakoitzean protagonismoa ematen zaie. Abizenak lantzen jarraitzeko jolas bat egin dute. Maitek abizenak dituen letra kopurua bezainbeste marra egin ditu eta ikasle bakoitzak letra bat bazuen edo ez galdetuz zein abizen zen asmatu behar zuen.
Gaiaren ipuinarekin jolas bat egin dute gero. Irakasleak ipuinaren marrazkiak jarri ditu lurrean eta berak ipuinaren zati ezberdinak irakurri ditu. Ikasleek irakurtzen zuen zatia marrazkiarekin lotu behar zuten. Ipuina nola amaitzen zen ikasle batek kontatu du, Maitek irakurri gabe.
Txokoen garaia iritsi da ondoren. Liburutegi txokokoek besteek atzo egin zuten fitxa egin dute. Batzuk beste batzuk baino askoz ere denbora gehiago behar izan dute amaitzeko, baina denek bukatu dute. Gainera, fitxa honetan ez zen margotu bakarrik egin behar, ondoren gauza bat bilatu behar zen eta batzuei asko kostatu zaie aurkitzea. Hala ere, pistak eman eta gero aurkitu dute. Margotegi txokokoak karpeta bukatutakoan atzokoak bezala josten aritu dira. Hauei atzokoei baino gehiago kostatu zaie, nahastu egiten baitzuten zein zulotatik sartu behar zuten haria. Hau normala da, ez baitute askotan josten eta ikasten ari baitira. Eraikuntza eta etxe txokoetakoak beti bezala oso gustura ibili dira.
Atsedenaldiaren ondoren, borobilean eseri gara lehenengo, eta zenbakiak landu ditugu. Horretarako, irakasleak ikasle guztiei batetik hogei arteko zenbakiak eman dizkie orri batean idatzita. Arduradunak altuan esan behar zituen zenbakiak ordenan eta besteek behatzarekin jarraitu behar zuten esaten zuen zenbaki bakoitza beraien orrietan.
Jarraian txokoetara pasa gara. Txokoetan goizekoek egin duten berdina egin dute. Liburutegian zeuden batzuk askoz ere azkarrago amaitu dute egin beharreko fitxa eta nahi dutena egin dute. Bik abizenak landu dituzte, horretarako material asko dute, baina gaur fitxak erabili dituzte. Fitxa bakoitzean karratu txikiak daude eta karratu horietan letrak itsatsi behar dira. Ikasle bakoitzak nahi duenaren abizena eta izena idazten ditu beti ere txarteltxotan begiratuta. Irakaslea beti egokitzen dela ikasle bakoitzera egiaztatu ahal izan dut gaur ere. Batzuei letra guztiak ematen dizkie izena edo abizena idazterakoan horien artean aurki ditzaten baina beste batzuei beharko dituzten hizkiak bakarrik ematen dizkie, bestela oso zaila egiten baitzaie. Konturatu naiz irakasleak ikasle batzuekin besteekin baino denbora gehiago pasatzen duela, baina hau normala da, batzuk beste batzuk baino behar gehiago baitute. Hala ere, azkarragoak direnak pixka bat aspertu egiten dira zain dauden bitartean. Ikasle asko dira eta zaila da denei kasu egitea eta azkenean laguntza gehien behar dutenekin egoten zara, besteak pixka bat baztertuz eta azken hauek ere behar dute irakaslea. Honetatik ikasi dut, saiatu behar dudala denei kasu egiten eta denen beharrak asetzen, ikasleek ez baitute eskolan aspertu behar baina hori oso zaila dela ikusi dut.
Arratsaldean gaztelera izan dute beste irakasle batekin eta bitartean hurrengo egunetarako materiala prestatzen lagundu diot Maiteri, karpetak egiteko paper mota ezberdinak moztu ditugu, olerkien fitxak prestatu bakoitzean aurkitu behar dituzten hizkiak idatziz…
Hau izan da gaurkoa, bihar gauza gehiago kontatuko dizkizuet!
No hay comentarios:
Publicar un comentario