Asteburu luzearen ondoren, iritsi da Asteasuko eskolara itzultzeko eguna. Eguna hasteko bakoitzak bere asteburua kontatzeko unea izan du. Gogotsu etorri dira denak hitz egiteko gogoarekin eta bakoitzak behar zuen denbora hartu du. Ondoren arduradunaren lanak egiteko garaia iritsi da. Honek bere izena idatzi du arbelean betiko moduan eta gero, zenbat etorri garen kontatu du. Gaur denak etorri gara gelara, beraz, ezagutzea falta zitzaidan mutikoa ezagutu dut. Segidan gaurko data jarri du belkrozko piezekin. Orduan, hilabetez aldatu dugula konturatu gara eta egutegiko orria pasatu dugu. Zein hilabete den jakiteko abesti bat abestu dute eta egutegian, hilabete honetan urteak betetzen dituztenen izenak idatzi ditu irakasleak, bakoitzak betetzen dituen zenbakiaren ondoan. Azkenik, eguraldiaren lana egin du. Hemendik aurrera aldaketa txiki bat egongo da eguraldiaren lana egiterakoan. Lehen, nahi zuten kanika sar zezaketen sartu beharreko kaxan, orain ordea, kanika txikia sartu beharko dute, horrela hamar kanika txiki daudenean, handi batengatik ordezkatuko da, hau da, kanika handiak hamar txikiren balioa izango du. Oso ideia ona iruditu zait hau, horrela matematikekin hasiko dira pixka bat. Gainera, ikasleentzako dena errazegia bada ez da ikaskuntza gertatuko, hurbileko garapen zonaldean egin behar dela lan ikasi dugu unibertsitatean eta Maite horretan saiatzen da, pixkanaka meta berriak jarriz.
Bost urteko gelako ikasle batek eguzki loreak ekarri ditu gelara, gero gure gelara etorri da guk ikus genitzan eta bertan utzi dizkigu. Arduradunaren lanak egin ondoren, Maitek ekarritakoak zer ziren ba al zekiten galdetu die ikasleei, oso argi ez zutenez, zer diren eta zertarako erabiltzen diren azaldu die. Oso interesgarria iruditzen zait prestatu gabe dituzten gauzak ere azaltzea, irakasleak gainera jakin du nola txertatu gelan egiten ari zirenean. Ondoren, gaiaren inguruko hiztegia lantzeko jolas bat egin dute. Txarteltxo batzuetan udazkenaren inguruko hiztegiaren marrazkiak dituzte. Maitek udazkeneko fruituak aukeratu ditu eta lau buruz gora jarri ditu. Gero, begiak ixteko eskatu die, bitartean Maitek bat kendu du eta begiak irekitakoan zein txarteltxo falta zen asmatu behar zuten.
Gelako ikasle batek abesti baten letra ekarri du etxetik paperean idatzita (bere amak idatzi du), beraz, Maiteren eta abestia ezagutzen zuten ikaskideen laguntzarekin abestia abestu du. Oso gustura egon dira denak abestia entzuten eta isil-isilik egon dira.
Gero txokoen garaia iritsi da. Margotegi txokokoek bukatu gabeko lanak bukatu dituzte lehenengo eta ondoren hiruhilabete bukaeran lanak etxera eramateko karpeta margotzen aritu dira. Karpeta tenperekin margotu behar zutenez eta bi kaballete bakarrik daudenez, besteak jolas librean ibili dira. Txoko honetan egon naiz ni eta bertan zeuden haurrak pixka bat galduta ikusi ditut nahi zutena egin zezaketela esan diedanean. Marrazki bat egin dute lehenengo eta gero ez zekitela zer egin esan didate. Pixka bat pentsatzen egon dira eta azkenean plastilina hartu dute. Ni ere galduta sentitu naiz, ez bainekien zer esan, eta normala da beraiek ere galduta sentitzea, ez baitaude ohituta nahi dutena egitera, beti esaten zaie zer egin behar duten. Hau, ordea, ikasi beharra daukate, autonomia lortu beharra dute. Liburutegi txokokoek aldizkarirako lana egin dute eta etxe eta eraikuntza txokoetakoak betiko moduan jolas librean ibili dira.
Atsedenaldiaren ondoren, ekintza berezi bat egin dute, kontuketa. Hiru, lau eta bost urtekoek elkarrekin egin duten ekintza bat izan da. Ideia ona iruditzen zait Haur Hezkuntzako ikasle guztiekin ekintzak egitea, horrela gelakoak ez diren beste ikasleekin ere harremanak izaten hasiko direlako. Haur Hezkuntzako gela bakoitzean irakasle bat zegoen ipuin bat kontatzen. Haur bakoitzak zein ipuin entzun nahi zuen aukeratu behar zuen eta hori kontatuko zuten gelara joan. Haurrek ez zekiten gela bakoitzean zein irakasle egongo zen kontatzen. Hau egingo zutela lehenagotik bazekiten ikasleek, irakasleek azaldu baitzieten lehengo astean. Gainera, eskolako sarreran kartel bat jarria zegoen, ondorengo argazkian ikusten duzuena hain zuzen ere.
Esan beharra daukat, Maitek ez ziela zer egingo zuten besterik gabe kontatu. Ikasleek sarrerako kartela ikusi eta zer zen galdetu arte itxaron zuen azaltzeko. Hau ideia ona iruditzen zait, horrela beraien interesa pizten da eta zer ote den galdetuko diote beraien buruari, buelta batzuk emanez.
Ipuin kontaketan lau urtekoen gelan geratu naiz, beraz, ez dut lau urteko tutorearen ipuina entzun, hiru urtekoen gela bateko tutorearen ipuina entzun dut. Honek Hondartzako gazteluaren ipuina kontatu du. Gelan sartutakoan, ipuinean sartzeko, testuinguruaren inguruan hitz egiten hasi da, udan joaten dela hondartzara, neguan hotza egiten duela hondartzara joateko…esan die ikasleei eta ondoren ipuina kontatzen hasi da. Lehenengo marrazkiak erakutsi gabe kontatu du eta ondoren, marrazkiak erakutsi dizkie. Asko gustatu zait nola kontatu duen. Ahotsarekin jolastu du, haurrak ez zirela atentzioa jartzen iruditu zaionean edo gauza harrigarrirenbat gertatzera zihoanean altuago hitz egiten zuen. Ipuineko haurrak haserretu direnean berak ere haserre aurpegia jarri du eta oso ondo kontatu du ipuina, pixka bat antzeztuz, asko gustatu zaidala aitortu behar dut.
Ipuina kontatzen amaitu duenean ikasle bakoitza bere gelara joan da. Ikasle guztiak lau urteko gelara etorri direnean Maitek kontatu dietena gustatu al zaien galdetu die. Gehienei gustatu zaie baina bati ez zaio gustatu, ez duelako berak nahi zuen ipuina entzun, berak entzun nahi zuen ipuina jende askok entzun nahi zuenez zozketa egin behar izan dutelako. Hau gertatzea normala da, ezin baitzen gela batean ikasle asko egon eta beste batean ia inor ez. Ondoren, goizean abestutako abestia entzun dugu ordenagailutik, atsedenaldian interneten bilatu baitugu. Hau da abestia:
Azkenik, jangelarako eta etxerako prestatu gara eta bazkaltzera joan gara.
Arratsaldean salto gelara joatea tokatzen zitzaigunez, bertara joan gara. Bertan, pasa den astean kontatu nuen bezala, zapatak kendu, arauak gogoratu, ondo pasatzeko zer egingo zuten kontatu eta aparrezko blokeekin egindako pareta bota ondoren, jolasean hasi dira denak. Gaur ikusi dudanez, jolas sinbolikoan jolasterakoan haur batzuk beti rol berdinak hartzen dituzte, adibidez, bat txakurra izan zen pasa den astean eta baita gaur ere, hau kezkagarria izan daiteke, baina bi aldiz bakarrik ikusi dudanez ezin dut ezer ere esan, hurrengo astean errepikatzen bada hasiko naiz pentsatzen. Maitek esan didanez, badago haur bat beti amarena egiten duena, gaur, ordea, alabarena egin du, beraz, poztekoa da rolak aldatu dituztela. Atentzioa deitu didan beste kontu bat, neska gehienak haurdun daudela imajinatzen dutela izan da, hau inguruan haurdun dauden emakume asko dituztelako izan daiteke, beraz, ez dut uste kezkatzekoa denik, lau urterekin ez baitira haurdun geldituko. Kontatu beharreko beste gauza bat ere badut, salto gelako arauetako bat, ezin dela besteen etxea puskatu da eta haur batek bi aldiz apurtu du besteen etxea. Maitek oso ondo azaldu dio egin beharrekoa lehenengo aldian, baina ez du kasurik egin, berak berea egin eta puskatzeko esan dio baina berean jarraitu du, beste jolas baten jolasten. Nabaritzen da haur batzuk lasaiagoak direla eta beste batzuk berriz mugimendua behar dutela. Batzuk beti etxeetan edo ama eta aitatan ibiltzen diren bitartean, beste batzuk beti motoak izango balituzte bezala edo saltoka eta korrika ibiltzen baitira. Hau normala da, denak ez baikara berdinak eta ez baititugu behar berdinak.
Hau izan da nire gaurko eguna, ea bihar zer gertatzen den!
No hay comentarios:
Publicar un comentario