Gaur ere arduradunaren lanekin hasi dugu eguna. Honek ondo bete ditu bere eginbeharrak, arazorik gabe. Honek ez du guztiz ondo hitz egiten, t esan beharrean k esaten du, beraz, batzuetan ulertzea kosta egiten zait. Irakasleak esan didanez, espezialistak emandako aholkua ez zuzentzeko da, berak esandakoa errepikatu behar da ondo ahoskatuz. Hau oso ondo iruditzen zait, berak ez baitu nahita egiten eta denbora guztian zuzenduko bagenio agian frustratu egingo litzateke.
Gaurko arduradunaren abizenak r hizkia duenez, besteak beste, hau azaltzeko aprobetxatu du Maitek. Sinple - sinple azaldu die, r suabea eta fuertea daudela esan die eta hauek bereizten erakutsi die, bi r azaltzen direnean fuertea dela eta bat azaltzen denean suabea. Hala ere, esan die batzuetan nahiz eta r bat azaldu fuertea izan daitekeela. Oraindik zaila egingo zaienez hori noiz egiten den ulertzea ez die azaldu eta esan die aurrerago ikasiko dutela. Hau egokia iruditu zait, oso zaila izango bailitzateke beraientzat eta nahastu besterik ez lirateke egingo. Beraientzat ez zailegiak eta ezta errazegiak ere diren gauzak irakatsi behar dizkiegu ikasleei.
Ondoren jolas bat egin dugu. Maitek arbelean idatzi du inurri goitik behera eta ikasleek hitz honen letra bakoitzarekin hasten zen izen bat edo gauza bat esan behar zuten. Hizki batzuekin besteekin baino gehiago kostatu zaie baina laster egin dute.
Agustin Ibarrola zein den badakite jada gela honetako ikasleek. Hau zein den azaldu eta gero margotegi txokoa tokatzen zaienean zer egin beharko duten azaldu die. Bertan Omako basoaren antzeko zerbait egingo dute. Ikasle bakoitzak makila bat du (aurreko ostiralean biltzera joan ginen) eta bakoitzak nahi duen kolorez margotu beharko du tenperekin. Ondoren eskola honetako irakasle izan zen baten omenezko harriaren ondoan jarriko dituzte basoa irudikatuz. Liburutegi txokoan egin beharreko fitxak ere azaldu ditu Maitek.
Hau azaldutakoan txokoetara pasatu dira. Margotegi txokokoak lehenago aipatu bezala, bakoitzak bere makila margotu dute. Oso gustura ibili dira margotzen. Liburutegi txokokoak bukatu gabeko lanak bukatu dituzte lehenengo eta gero bi fitxa berri egin dituzte. Bat pixka bat kenketak lantzekoa zen, bost inurri eta sei ezkur agertzen ziren bertan eta ikasleek inurri bakoitzak ezkur bat hartuko balu zenbat geratuko liratekeen soberan asmatu behar zuten. Beste fitxan ipuinaren abestiaren letra zegoen idatzita eta agertzen ziren i guztiak borobildu behar zituzten. Orokorrean oso ondo egin dituzte bi fitxa hauek, ez zaie gehiegi ere kostatu. Hasierako azalpena nahikoa izan da eta ez zaie zaila egin, beraz, ariketak egokiak ziren ikasle hauentzat. Hala ere, bati ez dio amaitzeko denborarik eman eta bukatu arte gelan egon behar izan du. Hau oso ondo iruditu zait, denbora pasa egon baita lana egin beharrean. Lanean aritu balitz eta ez balio bukatzeko denborarik eman ez luke amaitu arte han edukiko, baina ez duenez lanik egin han eduki du, horrela ikasiko du. Beste bat, lana egin beharrean besteei begira egon da eta besteei zuzentzen, berak amaitu baino lehenago. Atentzioa deitu diogu baina kasu askorik ez digu egin, ikasle honen gainean egon behar da beti eta oso zaila da hainbeste ikasle dituzunean.
Atsedenaldiaren ondoren, Maitek ipuin bat kontatu du. Ikasleei asko gustatu zaie ipuina, puzkerren inguruan baitzen eta adin honetan horrelako gaiak asko gustatzen zaizkie. Niri asko gustatu zait nola kontatu duen, ahots desberdinak erabiliz, keinuak...
Gero, txokoetara joan gara berriro. Bertan lehengoek egin duten berdina egin dute, baina liburutegi txokokoei, atsedenaldiaren aurretik egon den taldeari baino gehiago kostatu zaie egin beharreko lanak egitea. Talde honetan dezente kostatzen zaien bi ikasle daude eta beraien gainean egon behar da beti, ez baitute atentziorik jartzen eta gauzak behin eta berriz errepikatu behar zaizkie. Nahiko desesperatuta egon naiz momentu batean, nahiz eta nik gauzak hamar aldiz esan ez baitzidaten kasurik egiten eta ez nekien nola lagundu edo nola eginarazi lanak. Azkenean lortu dut batek behintzat bukatzea, nahiko gaizki pasatu dut une batean, ez bainekien zer egin lanak egin zitzaten. Egun hauetan neronek egiaztatu ahal izan dut pazientzia asko behar dela lanbide honetan. Beste batzuk, ordea, oso azkar amaitu dituzte fitxak eta abizenak eta izenak lantzen aritu dira. Normala den bezala alde handiak daude ikasle batzuetatik beste batzuetara.
Gero abestiak abestu ditugu. Oso ondo iruditzen zait behin eta berriz abesti berdinak abestea, buruz ikasten joaten baitira horrela.
Arratsaldean, asteazkenero bezala, psikomotrizitate saioa izan dugu. Lehenengo borobilean eseri gara lurrean, arauak eta zertara joan garen gogorarazteko. Pareta bota ondoren, jolas librea hasi da. Esan behar dut, Maitek ez duela inoiz saioa gidatzen, beti uzten die jolas librean. Hala ere, gaur mutil talde batek zirkuitu antzeko zerbait prestatu du eta oso gustura ibili dira gainetik pasatuz.
Gaur gainera material berria zegoen eta hasieran denek horiekin ibili nahi zuten. Gero, ordea, hasi dira beti bezala beste blokeak ere hartzen. Batzuk jolas motorean ibili dira, baina beste batzuk sinbolikoan, esaterako taldetxo batek blokeak ordenagailuak balira bezala erabili dituzte. Hau ikusteak harritu egin nau eta nire interpretazioa asko gustatzen zaizkiela ordenagailuak izan da.
Badaude bi neska beti elkarrekin ibiltzen direnak eta batek besteak esaten duen guztia egiten du. Bat oso isila da eta bestea, berriz, oso bizkorra. Ez dakit nola esku hartu honen aurrean edo zerbait egin edo ez.
Haserrerenbat edo beste ere izan da betiko moduan, baina ez gehiegirik. Gainera segituan konpondu dute. Maitek esan die arauak badakizkitela zeintzuk diren eta bete egin behar direla.
Oso mugitua den mutil bat geldi-geldirik egon da denbora pixka batean. Maite gerturatu zaio eta ea ez duen jolastu behar galdetu dio. Segituan hasi da berriro ere jolasean. Hasieran kezkatu egin naiz, ez baita normala adin honetako haur bat geldirik egotea psikomotrizitate gelan, baina normalean oso mugitua denez ez diot garrantzi handiegirik eman. Gainera, Maitek esku hartutakoan segituan hasi da jolasean, beraz, ez du garrantzirik. Amaitzeko egin dutena irudikatu dute, erdiek marrazki bidez eta besteek eraikuntzako blokeekin.
Nekatuta amaitu dute ikasleek asteazkena, bihar indarrak hartuta itzuliko dira, seguru!
No hay comentarios:
Publicar un comentario