2011-11-14

Ni praktiketako ikastetxean



MARRAZKIAREN AZALPENA

             Ondorengo lerroetan goian ikusten duzuen marrazkiaren azalpena emango dut. Marrazkian praktiketako ikastetxean nola sentitzen naizen marraztu nahi izan dut. Testu honetan, bizitako bizipenak, egoerak eta sentimenduak hobeto azaltzen saiatuko naiz, marrazkiaren zergatia errazago uler dezazuen.

            Honezkero jakingo duzuen bezala, lehenengo praktikaldi hau Asteasuko Pello Errota ikastetxean egiten ari naiz, zehazki lau urteko gelan. Gela honetako tutorearen izena Maite da eta aitortu beharra daukat bere laguntzarik gabe esperientzia hau ez litzatekeela berdina izango eta asko ikasten ari naizela beragandik.

            Practucumeko lehenengo egunean oso urduri iritsi nintzen Asteasura. Gelara sartutakoan urduri nengoen oraindik baina aurkezpenak egin eta gelako eguneroko martxan hasitakoan joan zen pixkanaka nire urduritasuna. Hasierako urduritasun hau adierazteko marraztu ditut marratxoak nire eskuen inguruan.

            Hemendik aurrera oso gustura sentitu naiz ikastetxe honetan. Nire bizitzan lehenengo aldiz irakasle sentitzeko aukera izan dut eta asko gustatu zait esperientzia. Praktiketara joan aurretik ere nahiko ziur nengoen gustuko lanbidea aukeratu nuela unibertsitatean ikusitakoagatik, baina esperientzia honen ondoren, askoz ere argiago dut ondo aukeratu dudala etorkizuneko lanbidea. Lanbide hau egoera errealean ikusteko aukera izan dut eta asko gustatu zait.

            Hasieran harritu egin nintzen ikasleek irakasle moduan tratatzen nindutelako, arraro sentitzen nintzen, lehenengo aldia baitzen, baina gerora ohitu egin naiz. Nik esandakoari kasu egiten diote, laguntza eskatzen didate... Lehenengo egunetan nahiko inseguru sentitu nintzen, ez nekien oso ondo nola jokatu, zer egin...horrelakoetan Maiteri galdetzen nion zer egin behar nuen eta berak berehala esaten zidan zer egin nezaken. Baina ni ez nintzen ondo sentitzen denbora guztian galderak egiten. Egun batzuk pasa ondoren, hasi nintzen askatzen eta niri iruditzen zitzaidana egiten nuen, beti Maiteri galdezka ibili beharrean, hori bai, beti ere irakaslea ados egonda, bera baita haurrak ongien ezagutzen dituena eta gelako irakaslea.

            Satisfazio handia lortzen dut haurrek nire laguntza pixka batekin gauzak lortzen dituzten egoeretan, oso gustura sentitzen bainaiz besteei lagundutakoan eta haurrak egindako lanarekin pozik eta gustura ikusitakoan ni ere oso gustura sentitzen naiz. Hau da marrazkian irribarretsu agertzearen arrazoia.

            Askotan haurrak beraien artean haserretzen direnean edo ikaskiderenbatekin arazorenbat dutenean niregana etortzen dira. Lehenengo egunetan ez nekien oso ondo nola konpon nitzakeen arazo horiek eta Maiteri eskatzen nion laguntza. Maitek nola konpontzen zituen ikusita ikasi nuen nola egin behar nuen eta gatazkak konpontzea lortutakoan ere oso gustura sentitzen naiz. Egoera hauetan haurrei zer gertatu den azaltzeko eskatu behar zaie, ondoren, horrelako kasuetan zer egin behar duten galdetu behar zaie eta beraiek badakite zer egin behar duten. Ezer gehiago esan gabe barkamena eskatzen dute eta ez dela berriro gertatuko esaten dute. Gelan sinatuta arauak dauzkatela gogoraraztean ere badakite ez dagoela ondo egin dutena eta barkamena eskatzen dute.

            Tutore honek, gainera, galderen bidez bideratzen du dena, lanak egiterakoan ere laguntza galderen bidez ematen du, hau oso ideia ona da, oso ondo funtzionatzen baitu gela honetan eta zer egin behar duten zuzenean esatea baino hobea da, dena ez baitzaie eginda eman behar ikasleei.

            Arrazoi hauengatik Maite eta nire marrazkia egin dut ikasleei galderen bidez laguntzen, ni gatazka bat konpontzen ari naiz eta Maite berriz ariketa bat egiten laguntzen.  Gelako arauak ere paretan itsatsita marraztu ditut.

            Oso esperientzia polita eta aberasgarria izaten ari da lehenengo practicum hau niretzat eta asko ikasten ari naiz. Ez dut inoiz ahaztuko Asteasuko eskolan ikasitakoa eta irakasle izaten naizenean gogoan izango ditut Maiteren aholkuak eta beragandik ikasitakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario