Euri artean hasi dugu hirugarren aste hau. Asteburutik bueltan beti bezala gauza asko zituzten kontatzeko. Gehienak euriaren inguruan aritu dira, baina bat ez da asko konturatu zertaz ari ginen eta beste kontu bat kontatu du. Segituan moztu du Maitek eta asteburu honetako kontuak kontatu behar zituela esan dio. Beharrezkoa izan da hau, neska hau beti ilargian egoten baita, ea horrela atentzioa deituta hurrengo batean adi-adi egoten den. Honetan ari ginen bitartean, askotan etortzen ez den mutila negarrez aritu da, irakasleak ez dio kasurik egin, esan dion bakarra, negarra egin behar badu baxuago egiteko izan da. Hau ondo iruditu zait, beti berdin baitago eta metodo desberdinak probatu behar ditu. Haurrak badaki bere zaintzailea bueltatuko dela eta gelan ez dela negarrik egin behar, beraz, ez du motiborik negar egiteko. Gainera, haur hau beti saiatzen da gauzak beste batek egin diezazkion, berokia jantzi adibidez. Ematen duenez etxean dena egina ematen diote eta Maitek esaten dio bere gauzak berak egiten ikasi beharra daukala, eskolan ez dizkiola inork egingo. Ondoren, arduradunak egin beharreko lanak egin ditu. Honek ondo bete du bere lana. Igande honetan gelako baten urtebetetzea da eta bere urteetarako zenbat egun gelditzen diren kontatu du arduradunak, horrela kenketak lantzen dituzte, bihar zenbat egun faltako diren eta etzi zenbat kontatuz. Egokia da horrelako egoeretan pixkanaka ikasi behar dituzten gauzak sartzea. Eguraldiarekin ere berdina egiten dute, egunero kontatzen dute kanika handia sartzeko (10 txikiren balioa du) zenbat txiki falta diren.
Gaur ikasle bat berandu etorri da eta irakasleak zergatik etorri den berandu galdetu dio, berak ez du zentzuzko arrazoirik eman. Gero irakaslearekin hitz egiteko aukera izan dut eta esan didanez, pasa den urtean egunero iristen zen berandu. Gainera amak ere ez dio esplikaziorik eman, beraz, ez dakigu ikaslea gezurretan ari zen edo ez.
Honen ondoren, abizenak ikasteko joko bat egin dute. Bakoitzak gelakide baten izena jartzen zuen txarteltxoa zuen. Lehenengo Maite hasi da eta honek zuen izeneko ikasleak bere abizena zein zen aurkitu behar zuen eta horrela denek egin arte. Batzuk segituan aurkitu dute, baina beste batzuei gehiago kostatu zaie eta gelakideek lagundu behar izan diete. Gainera hauei zuten izena irakurtzea ere kostatu zaie. Bukatu dutenean, Maitek gehien kostatu zaien ikasleei esan die liburutegi txokoan badutela izenak eta abizenak lantzeko materiala eta erabiltzeko, ikasi beharra baitaukate gelakideen izenak eta abizenak nola idazten diren. Hau egokia iruditu zait, gela osotik hiruk bakarri ez baitakizkite eta hauek dira gutxien lantzen dituztenak.
Jarraian asteburuko marrazki bat egiteko esan die Maitek. Gogorarazi die euri asko egin duela eta beraz, euria marraztu beharko dutela. Bati kostatu zaio hastea eta ez du amaitu, Maitek bost urtekoen gelara joango dela esan dio eta azkenean hasi da (hau aurreko batean zigortuta gelditu zen bera da). Atsedenaldia eta gero, besteak txokoetara joan direnean, amaitu du marrazkia. Denek egin dute euria eta ondo adierazi dute nahi zutena.
Ondoren, musika eta ingelesa izan dituzte. Konturatu naiz musikan lantzen dituzten kantak gelan abesten dituzten berdinak direla, beraz, irakasleen artean komunikazio ona dago eta horrela ikasleek hobeto ikasten dituzte abestiak. Ipuinaren abestia, Anttoni eta Anttonena, alferraren astea eta txiki txiki txikia abestu dituzte besteak beste.
Atsedenaldia eta gero beti bezala lehenengo lurrean eseri dira denak. Horrela eserita gaiaren inguruko hiztegia landu dute. Maitek txarteltxoak erakusten zituen bitartean beraiek irudian agertzen zena zer zen esan behar zuten. Txarteltxo batean txerria agertzen zen eta Maitek ostiralean San martin eguna dela eta egun horretan txerria hiltzen dela azaldu die. Hau azaltzea beharrezkoa zen ikasleek ez baitzuten hau udazkena gaiarekin erlazionatzen eta Maitek beraiek galdetu baino lehenago azaldu die.
Txokoetara pasatakoan, liburutegi txokokoek fitxa berri bat egin behar zuten. Zenbakiak ikasteko helburuarekin, marrazkiaren atal desberdinak behean agertzen ziren koloreez margotu behar zituzten, adibidez bat zenbakia agertzen zen zati guztiak berdez margotu behar zituzten. Talde honetakoek ez dute arazorik izan hau egiteko. Margotegi txokokoek karpetak egiten jarraitu dute. Etxe txokokoak ama eta aitatan ibili dira eta eraikuntzakoak batek puzzleak egin ditu, beste bik gaztelua eta beste bik arbelean izenak idatzi dituzte. Azken hauetako bat nahiko azkarra da eta badaki txarteltxotan begiratuta idazten. Besteari, ordea, gehiago kostatzen zaio eta gehien dakienak gutxiago dakienari lagundu dio. Harrituta geratu naiz, inork ezer ere esan gabe elkarri nola laguntzen dioten ikusita. Hau oso ondo iruditu zait, elkarlanean ari ziren eta nola egin behar zuen esaten zion. Bazkaltzera joan aurretik abestiak abestu ditugu, ikusi dut ari direla pixkanaka buruz ikasten.
Arratsaldean gelara sartu baino lehen, bakoitzak asteburuan irakurtzeko etxera eraman zuen ipuina hartu du motxilatik. Denak Maiteri eman dizkiote eta honek ixa egin du ekarri dut laukitxoan. Maitek ipuin bakoitzaren izenburua irakurri du eta ipuin hori nork ekarri duen esan beharra zeukan bakoitzak. Maitek ixa egin ondoren, bakoitzak bere lekuan utzi du liburutegian eta bitartean ea ipuina gustatu zaien eta nork irakurri dien galdetu die. Hiru ikaslek inork ez diela irakurri esan dute, orduan Maitek esan die gurasoei esateko eskolatik eramaten diren ipuinak irakurtzeko direla. Harritu egin naiz hauek inork ez diela irakurri esan dutenean, asteburuan ez badiete inork irakurtzen beranduago bueltatzen baitute batzuk ipuina. Gurasoen aldetik utzikeria iruditzen zait beraien seme-alabei ipuina ez irakurtzea, baina nik ezin dut horretan sartu, beraiek izango dituzte arrazoiak.
Ondoren, arduradunak bere bazkaria idatzi du. Honek purea eta jogurra jan ditu, hitz hauek aprobetxatuz Maitek r eta rr bereizten irakatsi die, jogurra hitzak hots fuertea duenez rr jartzen dela eta pure suabea denez, r bakarra erabiltzen dela. Maitek beti aprobetxatzen ditu gelan irteten diren hitzak edo gauzak gauza berriak esplikatzeko, hau harrigarria iruditzen zait, edozein gauza aprobetxatzen du ikasleei gauzak irakasteko. Gero, arduradunari ipuina kontatzeko aukera eman dio, ez du kontatu nahi izan, beraz, berak kontatu ditu bi ipuin. Baten izenburua lau urtaroak zen eta izenburua irakurritakoan ea ba al zekiten zein diren lau urtaroak galdetu die ez zekiten, beraz ipuina kontatu die. Kontatu ondoren berriro egin die galdera bera, baina oraingoan ere ez dute asmatu. Negua eta udazkena esan dituzte halako batean, baina beste biak ez zitzaizkien gogoratzen eta azkenean berak esan behar izan dizkie. Egokia iruditu zait azkenean berak esatea, denbora asko pasatzen ari baitziren eta nahiz eta pista asko eman, ez baitzuen inork asmatzen.
Azkenik txokoetara pasa gara. Liburutegi txokokoak besteek goizean egin duten fitxa bera egin dute. Batzuei besteei baino gehiago kostatu zaie, baina laguntza pixka batekin ondo egin dute. Margotegi txokokoek karpetak egin dituzte eta egin beharreko zatia amaitu dutenez hosto baten marrazkia josi dute. Oso gustura aritzen dira josten eta Maitek horregatik prestatzen ditu horrelako ariketak. Oso ondo iruditzen zait gustatzen zaizkien gauzak egitea, beti gustatzen ez zaiena egiten badute ez baitira gustura joango eskolara eta hori gertatzerik ez du inork nahi. Etxe txokoan arazotxo bat gertatu da eta adostokira joan dira konpontzera, gainera, beraiek bakarrik gogoratu dute horra joan behar dutela arazoak konpontzera eta harrituta utzi naute. Eraikuntza txokokoak oso gustura ibili dira batzuk puzzleak egiten eta besteak kotxeekin.
Hau izan da gaurko egunak utzi duena, bihar artee!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario