Nahiko aztoratuta hasi dugu gaurko eguna. Ikasle bat negarrez iritsi da, bere amak ez diolako jertsea gelara igo. Irakasleak esan dio badakitela, gurasoek ezin dutela gelara igo eta ume txikiak ez direnez beraiek igo behar dituztela jertseak. Gainera, irakasleak esan didanez honen ama haurdun dago eta azken aldian arraro dabil, hori izan daiteke negarrez iristearen arrazoia, nahiz eta berak jertsearengatik dela esan. Normala da adin honetan arreba edo anaia txikiago baten aurrean zeloak izatea. Gero, irakasleak denei kontatzeko esan die bere amak zer duen sabelean eta pozik kontatu du, esan du pozik dagoela arreba txiki bat izan behar duelako.
Arduradunak bere lanak egiteko garaia iritsi da ondoren. Honek ondo egin ditu bere lanak baina oso ikasle zalantzatia denez, pauso bakoitza egin baino lehenago Maiteri begiratzen zion ondo ari ote zen galdetzeko. Maitek batzuetan ondo ari zela esaten zion baina beste batzuetan berak bazekiela eta ez galdetzeko. Ondo iruditzen zait hau egitea, ziurtasun falta hau galdu beharra baitauka eta gauzak bere kabuz egiten ikasi.
G hizkia landu dugu arduradunaren abizena oinarritzat hartuz. Gehienek ondo erantzun dute beraien izenak eta abizenak g bazuten edo ez, baina bat nahastu egin da (lehengo egunean s rekin nahastu zen bera). Honek bere abizenak g bazuela esan du eta ez du. Honen abizenak z du eta nik uste oraindik z ez dutenez ikasi nahastu egiten dela eta ez dakiela zein hizki den, horregatik bere abizenak, lantzen dugun hizki bakoitza baduela esaten du.
Antzerki txiki bat egin dute gero. Batek inurriaren papera egin du eta besteak txirritarena. Luze samarra zenez bikote batek bakarrik egin du eta oso ondo egin dute. Gainera zati batzuk Maitek gogorarazi gabe gogoratu dira eta oso ondo interpretatu dute. Hasieran lotsatu samarrak zeuden biak baina gero asko lasaitu dira, asko gustatu zait nola egin duten.
Txokoetan beste taldeek egindako berdina egin dute. Baina liburutegi txokoko oraingo taldeari besteei baino gehiago kostatu zaio. Inurriaren eta ezkurren fitxa segituan amaitu dute, baina olerkian i hizkia bilatzea gehiago kostatu zaie. Gainera bat bilatu orduko amaitu zutela esaten zidaten eta ez zuten begiratu ere egiten, nik egitea nahi zuten. Azkenean gehiago ez diedala begiratuko esan diet eta seguru egon arte ez esateko amaitu dutela. Kasu egin didate eta bat edo bi falta zitzaizkienean esan didate. Azkenak bilatzeko pistak eman behar izan dizkiet, zaila egiten baitzaie. Gero, abizenak, izenak eta gaiaren inguruko hiztegia lantzen aritu dira. Margotegi txokokoek segituan margotu dute makila eta hostoa josi dute. Bat besteei begira egon da eta amaitu arte han egon behar izan du. Hau lehengo egunean liburutegi txokoan egon behar izan zuen bera da, beraz, Maitek ezagutzen du eta zerbaitengatik utzi zuen lehengoan ere, beti berdina egiten duelako. Hala ere arraroa iruditzen zait behin hori egindakoan hurrengoetan ez azkarrago mugitzea, ematen du ez diola inporta beranduago arte gelan gelditzea.
Atsedenaldiaren ondoren ordenagailu gelara joatea tokatzen zen, baina ikasketa buruak behar zuela esan digunez, bihar joango gara. Beraz, ipuina kontatu du Maitek. Komentarioak egiten utzi die ipuina kontatzen ari zen bitartean, hori bai, beti ere ipuinarekin lotura zutenak. Kontatu duen ipuinak gaiaren hasierako ipuinaren antz handia zuenez, haur askok esan dituzte beste ipuinarekiko antzekotasunak. Ondo iruditu zait hitz egiten uztea, bestela pixka bat aspertu egiten baitira eta horrela hobeto ulertzen dute, beste ipuinarekin erlazionatuz. Irakasle honek gainera formula desberdinak erabiltzen ditu ipuina hasterakoan isiltzeko edo amaitzeko. Esaterako ondorengoak: Tiriri-tarara ipuina bukatu da; kukua-kukua ipuina hasiko da. Horrelakoak erabiltzeak oso ondo funtzionatzen du, berehala hasten baitira beraiek ere formula hauek esaten eta segituan isiltzen dira.
Txokoetara joan gara gero berriro. Liburutegiko bi ikasleri asko kostatu zaie fitxak egitea, baina besteek oso ondo egin dituzte eta bi, ordenagailuetan ibili dira, bestea, berriz, izenak eta abizenak lantzen. Asko kostatzen zaien horiekin beti gainean egon behar da baina laguntza pixka batekin egin dituzte egin behar zituzten lanak.
Arratsaldean musika eta ingelesa izan dituzte eta bitartean Maitek eta bost urteko tutoreak biera informal bat egin dute euskararen egunean egingo dutenari buruz hitz egiteko.
Eguna amaitzeko lau eta bost urteko ikasleak arbela digitala dagoen gelan elkartu ditugu eta txoko berdearen inguruan hitz egiten aritu dira. Txoko berde horren gaia biodibertsitatea da, aurtengo agenda 21 eko gaia hori baita. Hori azaltzeko elkartu dituzte denak. oso modu politean azaldu diete zer den, pixkanaka gaira inguratzeko galderen bidez. Asko gustatu zait, ikasleek zekitenetik abiatu baitira hitz konplexu hau azaltzeko eta uste dut ulertu dutela zer den. Bukatzeko gaiaren inguruko argazki batzuk ikusi dituzte musikaz lagundurik.
Hau izan da gaurko eguna, bihar berriro ere hemen izango naiz!
No hay comentarios:
Publicar un comentario