Gaur egun nahiko berezia izan dugu, gaur ospatu baititugu igandean urteak betetzen zituen mutikoaren eta ostegunean betetzen dituen neskatoaren urtebetetzeak. Hala ere, beti bezala hasi dugu eguna. Borobilean eseri gara eta bakoitzak gauza garrantzitsuak kontatu ditu. Gaur konturatu naiz askori esan behar dutena ahaztu egiten zaiela, asko dira eta denek esan nahi dute zerbait eta beraien txanda iristerako ahaztu egiten zaie.
Arduradunak orokorrean ondo egin ditu egin beharreko lanak. Hala ere, eguraldiaren lana egiterakoan kanika sartu beharreko kaxan jada lau kanika zeuden eta kanika handia sartzeko zenbat falta ziren asmatzea pixka bat kosta zaio bai berari eta baita beste gelakideei ere. Inoiz ez dira lau kanika egon eta, beraz, normala da ez jakitea, beraz, Maitek hamar borobiltxo egin ditu arbelean eta lau zirriborratu ditu, zirriborratu gabe gelditzen zirenak ziren hamar egoteko falta zirenak. Metodo honekin berehala asmatzen dute, beraz, egokia iruditzen zait Maitek hau erabiltzea.
Jarraian, s hizkia landu dugu. Gelan ez daudenez hizki hau duten izen eta abizen asko, ikasleek s daukaten beste izenak edo gauzen izenak esan dituzte. Dezente esan dituzte. Egokia iruditzen zait gelako izenen artean ez badaude beste batzuk esatea, horrela hobeto ikasiko dute bere hotsa. Gainera, batzuk z eta sren hotsa nahastu egiten dute, beraz, landu beharra daukate.
Udazkeneko fruituak nolakoak diren azaldu die Maitek gero. Gaztainak morkotsaren barruan egoten direla, intxaurrek beste azal bat izaten dutela... Hosto mota desberdinak daudela ere esan die eta aurreko batean bildu genituen hostoak konparatu ditu. Batzuk iskinak eskailerak bezala dituzte, beste batzuk lisoak... Beharrezkoa iruditu zait hau azaltzea, inguruan ditugun gauzak ezagutu beharra dauzkagulako eta askori gurasoek ez diete azalduko, beraz, eskolan azaldu beharra daukate.
Txokoetara pasatu gara gero. Liburutegi txokokoek atzokoek egin zituzten fitxa berdinak egin dituzte. Batzuei beste batzuei baino gehiago kostatu zaie, baina orokorrean hitz osoa bilatzea asko kostatu zaiela ikusi dut. Hizkiak bilatzea ez zaie zaila egiten, baina hitz osoa bilatzea bai, oraindik ez baitakite irakurtzen. Hala ere, laguntza pixka batekin denek aurkitu dute, beraz ari dira ikasten. Irakasleak esana zidan zaila egingo zitzaiela hau egitea, baina pixkanaka ikasi beharra daukate, hurrengoan errazago egingo dute. Margotegi txokokoek karpetaren bigarren zatia egin ondoren, hostoak margotu dituzte. Hauek ez dute arazorik izan hau egiteko. Eraikuntza txokokoak batzuk puzzleak egin dituzte eta beste batzuk eraikuntzak. Hauek oso gustura ibili dira, asko gustatzen zaie txoko hau. Etxe txokokoak pixka bat aspertu egin direla iruditu zait, Maitek esan baino lehen jasotzen hasi baitira. Honek harritu egin nau, eta Maitek esan didanez bera ere harritu da, orokorrean oso gustura ibiltzen batira txoko honetan.
Ondoren, pasilloan jarri behar dugun txoko berdera joan gara marrazkiak itsastera eta itxura pixka bat ematera. Oraindik hiru eta bost urtekoek egin behar dute beraien lana, baina begira zeinen polita gelditu zaigun!
Zorionak zuri eta mila kilo zorion abestu ondoren, bizkotxoa izan dugu hamaiketakorako, igandean urteak betetzen zituen mutikoaren eta ostegunean betetzen dituenaren urtebetetzeak ospatzeko. Oso gustura kantatu dute denek eta protagonistek ere gustura entzun dute. Hauek dira abestien letrak, agian norbaitek ez ditu ezagutuko eta.
Zorionak zuri Mila kilo zorion
zorionak zuri Mila kilo zorion
zorionak beti dizugu eskaintzen
zorionak (izena) beste urte berri bat
zorionak beti! duzulako hasten
baietz asmatu zenbat
dituzun betetzen
zergatik ez ditugu
txaloka kontatzen
bat, bi, hiru, lau!!
Esan behar dut, Maitek ez zekiela noren urteak ospatu behar genituen, biena edo mutikoarena bakarrik, normalean banaka ospatzen baitute, baina biena batera ospatzeko esan zutenez gurasoek, ostegunean (neskaren urtebetetze egunean) ospatuko genuela pentsatzen zuen. Hala ere, biei abestu diegu, nahiz eta ostegunean egingo dizkioten marrazkiak neskatoari.
Atsedenaldiaren ondoren, ipuina kontatzeko aukera izan dut, hasieran oso urduri jarri naiz, baina gero oso gustura sentitu naiz denak isil-isilik egon dira eta gustatu zaiela esan dute. Hainbeste haurri batera ipuina kontatzen nien lehenengo aldia izan da eta gustatu zait esperientzia.
Gero, arduradunak hogei arteko zenbakiak esan ditu segidan eta besteek behatzarekin jarraitu behar zuten beraien orrietan. Batzuk oso ondo egin dute, baina beste batzuk nahastu egin dira. Hau normala da, denek ez baitute erraztasun bera. Hau egin ondoren alderantziz egin dute, hogeitik batera. Hau gehiago kostatu zaie, baina normala da, ez baitaude ohituta atzeraka kontatzen.
Txokoen garaia iritsi da berriro ere. Liburutegiko fitxak, batzuk oso erraz egin dituzte, baina beste batzuei asko lagundu behar izan diet. Hauengan ere aurreko taldearen zailtasun bera ikusi dut, hitz osoa bilatzea kostatu zaie. Margotegi txokoko gehienek hostoa josten bukatua dute, baina bik ez dute bukatu. Hauek ez dute kasurik egiten eta laguntzeko zain egoten dira beraiek egiten hasi beharrean. Mugi zitezen, Maitek arratsaldean hori bukatzen geratuko zirela esan die eta hala ere ez dute bukatu. Beste txokoetakoak gustura ibili dira.
Bazkaldu ondoren, gaur gaztelera tokatzen zitzaien, baina hau ematen dien irakaslea etorri ez denez, saio arrunta izan dute. Lehenengo, arduradunak bere bazkaria idatzi du. Honek oso ondo idatzi du, nabaritzen da saiatzen dela. Gero, ikusi makusitan jolastu gara gaiaren hiztegiarekin. Txandaka bakoitzak txartel bat hartzen zuen gaiaren hiztegiaren marrazkiarekin eta hiru pista eman behar zituen besteek zer zen asma zezaten. Gehienak segituan asmatu dituzte, nahiz eta batzuk gehixeago kostatu zaien. Gehiago kostatu zaienetan Maitek lagundu die pistak emanez. Ondo iruditu zait hau egitea, batzuk ez baitzekiten zein pista eman. Hala ere, ikusi dut batzuk ez direla adi egoten borobilean, batek pista moduan eman baitu tortillan jaten dela eta otsoa al zen galdetu du batek. Honi Maitek atentzioa deitu dio eta adi egon behar dela esan dio, otsoa ez baita tortillan jaten. Beharrezkoa iruditu zait atentzioa deitzea, batzuk hitz egiteagatik ari baitziren gauzak esaten, batere pentsatu gabe.
Azkenik, txokoetara joan gara berriz. Liburutegi txokokoek fitxa guztiak eginak zituztenez, marrazki bat margotu dute eta gero nahi zutena egin dute. Hasieran pixka bat galduta sentitu naiz, ez bainekien zer egin, baina gero margotegira joan naiz eta hangoei lagundu diet karpetaren bigarren zatia egiten. Gainera, goizean hostoa josteaz bukatu ez dutenek amaitu egin behar zuten eta Maite haiei laguntzen egon da. Pazientzia handia behar da bi ikasle hauekin, ez baitute ezer egiten galdetu gabe eta dena zuk egitea nahi izaten dute. Bati gainera, haria bukatu zaio eta ia saio osoa pasa du ezer ere esan gabe, ikaskideek eskatu behar izan diote Maiteri berarentzat haria, baina Maitek ez die eman, berak badakiela hitz egiten eta berak eskatu behar zuela esan die. Halako batean eskatu du baina asko kostatu zaio. Oso ondo iruditu zait Maitek egin duena, bestela ez baitu ikasiko bere kabuz ezer ere egiten, ematen duenez dena besteek egitera ohituta dago. Horrelako gauza basikoak ez baditu egiten ez du aurrera pausorik emango.
Bukatu da asteartea ere, eta bihar baserri batera goaz!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario