Hasi dugu bosgarren astea. Astelehenero bezala, gauza asko zuten ikasleek kontatzeko. Hala ere, batzuk ez dira kontatzera animatu eta isilik egon dira. Normalean, isilik egoten direnak beti berdinak izaten dira, lotsatienak. Horregatik, ezer kontatu ez dutenei Maitek zuzenean galdetu die zer egin duten asteburuan, horrela galdetuta gehienek kontatu dute zerbait. Ondo iruditu zait hau egitea, normalean beti berdinek hitz egiten baitute eta batzuk inoiz ez. Lotsatzen direlako izan daiteke, baina horrela galdetuta animatzen dira.
Ondoren, asteburuan kontatzeko etxera eramandako ipuinak itzuli dituzte. Denak pila batean utzi dituzte eta banan-banan etorri dira hartzera, bitartean, Maitek ixa egin du fitxetan eta gustatu al zaien eta nork kontatu dien galdetu die. Maitek inork kontatu ez dieten ikasleen izenak apuntatu ditu, ea beti berdinak diren kontatzen ez dietenak ziurtatzeko eta gurasoekin hitz egiteko. Beharrezkoa iruditzen zait egoera honetan hau egitea, nahiz eta bileran esan zuten, guraso askok ez baitizkiete ipuinak kontatzen beraien seme-alabei.
Arduradunaren lanak egiteko garaia iritsi da. Gaurko arduradunak oso ondo egin ditu egin beharrekoak eta Maitek esan dio ondo ari zela momenturo. Hau beharrezkoa iruditzen zait, horrela ikasleak animatu egiten baitira. Egunero arduraduna aldatzen denez, Maitek bakoitzaren aurrerapausoak ikusteko aukera du, asko direnez gelan, egunero ezin baitu denen aurrerapausoa ikusi baina, horrela, bakoitzak bere tartetxoa duenez, konturatzen da zenbateko laguntza behar duen izenak idazterakoan etab. Izan duten arazotxo bakarra eguraldiarekin izan dute, betikoa, hamarrera iristeko zenbat falta ziren ez zekiten. Normala da, oraindik batuketak eta kenketak ez baitakizkite, baina Maiteren laguntzarekin asmatu dute. Beti daki nola lagundu beraiek asma dezaten eta hau beharrezkoa da. Niri, ordea, asko kostatzen zait oraindik.
Gaiaren inguruan aritu gara gero. Maitek lau zuhaitzen hostoak eta fruituak jarri ditu lurrean eta ikasleek zein zuhaitzena zen hosto bakoitza eta fruitua asmatu behar zuten. Oso ondo egin dute, bazekizkiten gehienak. Gero pixka bat azaldu die hosto bakoitzaren forma… Hau irakastea beharrezkoa iruditzen zait, inguruan dutena ezagutu beharra baitaukate eta gainera gaiarekin lotua dago. Gainera, ez zaie asko exijitzen, ikas dezaketena eta ikusitakoa, maila egokia.
Ondoren asteburuan egindakoa marraztu dute. Bukatu dutela esandakoan beti daki gehiago egin dezaten pistak ematen, zu non zaude? Edo non dago egin duzuna? lurra egin duzu? bezalako galdeak egiten dizkie eta beraiek segituan jarraitzen dute marrazten. Harrigarria iruditzen zait, beti daki nola animatu gehiago egin dezaten. Nik ikasi dut pixka bat animatzen, baina oraindik ez dakit egoera guztietan zer esan.
Gero musika eta ingelesa izan dituzte. Bitartean materiala prestatu dugu eta gero, bost urtekoen tutorearekin bilera informala izan du, biodibertsitatearen inguruko helburuak…aukeratzen aritu dira. Ondo aprobetxatzen ditu libre dituen orduak lanerako eta nik ere ahal dudan neurrian laguntzen diot ikasi beharra baitaukat hau ere, ez umeen aurreko lana bakarrik eta Maitek laguntzen dit honetan. Gero eta harreman estuagoa dugu eta konfiantza ere handiagoa da.
Atsedenaldiaren ondoren, liburutegi txokoan egin beharreko fitxak azaldu dizkie Maitek. Honen ondoren, txokoetara pasatu dira.
Liburutegi txokoan fitxa batzuk egin dituzte, lehenengoaren irudia hau da:
Ikus dezakezuen bezala, zuhaitz berdinaren hostoak kolore berdinez borobildu behar zituzten. Ez dute arazorik izan hau egiteko, erraz egin dute. Gero, ondoren idatzita duzuen abestian asteko egunak borobildu behar zituzten, hori bai, ondoan idatzita zituzten. Hau da abestia:
ALFERRAREN ASTEA
Astelehena, jai ondoren alferra,
ezer ez egiteko, ez goaz lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera.
asteartea, euria goitik behera,
busti egingo gara ta ez goaz lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera.
asteazkena, osaba ezkontzen da,
ta jai hartzen badu ez goaz lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera.
osteguna, amonaren eguna,
hori ospatzeko ez goaz lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera
ostirala, haginetako mina,
aspirina hartuta bagoaz ohera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera
larunbata, egun erdiko lana,
egun erdiagatik ez goaz lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera.
igandea, ikastola itxita,
lana egin nahi baina ezin joan lanera.
ez goaz lanera, ez goaz lanera,
ez goaz lanera, ez goaz lanera
Gaur egin beharreko azken fitxan marrazki bat egin behar zuten aurretik doanak egiten duena abestiaren letraren azpian. hori bai, abestiaren letrarekin zerikusia izan behar zuen, horregatik egin genuen aurrekoan jolas hau, orain zer marraztu jakin zezaten. Ez dute arazorik izan hau egiteko eta gero, goizean marrazkia bukatu ez dutenek bukatu egin dute eta besteek nahi zutena egin dute. Hauek ordenagailua aukeratu dute eta ez dute laguntzarik behar izan nahi zituzten jokuak aukeratzeko eta egiteko.
Hala ere, talde honetan badago mutil bat, gehiago kostatzen zaiona, eta honek bukatu gabeko lanak zituen eta asko kostatu zaio hauek egitea, etengabe gainean egon behar izan dut. Gainera, momentu batean negarrez hasi da, bere zaintzailearekin egon nahi zuela esanez, ez nekien zer egin eta inseguru sentitu naiz. Lasaitzeko esan diot eta beste batek zalantza bat zuenez argitzera joan naiz. Bueltatzerako lasaitu da eta lana aurreratua zuen gainera. Oso ondo egin duela esan diot eta oso pozik jarri da. Handik aurrera berehala egin du fitxa eta ondo gainera. Banekin ikasleei gauza positiboak esatea eta errefortzu positiboa erabiltzea lagungarria dela teorian ikasitakoagatik, baina nire begiekin ikusi ahal izan dut zeinen garrantzitsua den.
Margotegi txokoan karpetaren hirugarren zatia egin dute eta oso erraz gainera. Hau egin ondoren, goizean marrazkia bukatu ez dutenek amaitu egin dute eta gero nahi dutena egin dute.
Etxe txokoan oso gustura ibili dira, baina gauza batek atentzioa deitu dit, mutil bat soinekoak janzten ibili da, gehiagotan ere ikusi ian dut, eta ez dakit, harritu egiten naiz. Hala ere, ez dut uste kezkatzekoa denik, ikusten da adin honetan oraindik emakumeen eta gizonen rolak definitu gabe dituztela, gustatzen zaiena egiten dute, ez dauzkate oraindik gizarteak finkatuta dituen rolak sartuta eta nik uste horregatik dela.
Eraikuntza txokoan ere gustura ibili dira eraikuntzak egiten denak batera.
Arratsaldean, gelakoen izenez eta argazkiz osatutako dominoan jolastu gara. Gustura ibili gara denak eta erraza egin zaie izena argazkiarekin lotzea, nahiz eta, bat edo beste nahastu den. Ondoren bingoan jolastu gara, baina gaurkoan koloreekin, batzuk oraindik nahastu egiten baitituzte, baina gehienek badakizkite. Egokia iruditzen zait horrelako jolasen bidez lantzea beharra badago.
Ondoren, txokoetara joan gara. Liburutegi txokokoek goizekoek egin dituzten fitxa berdinak egin dituzte, baina hauek besteek baino arazo gehixeago izan dituzte eta Maitek eta nik pistak eman behar izan dizkiegu. Gero, nahi zutena egiteko denbora izan dutenez, batzuk zenbakiak landu dituzte eta beste batzuk abizenak, gustura ibili dira. Margotegi txokokoek inurriak eta inurritegia margotu eta karpetaren hirugarren zatia egin ondoren, tenperekin marrazki batzuk margotu dituzte, hauek ere arazorik gabe egin dute. Etxe txokokoak gustura ibili dira mozorroturik jolasean eta eraikuntza txokokoek goizean ez dutenez inurritegia margotu, arratsaldean margotu dute. Ondoren eraikuntzak eta puzzleak egin dituzte.
Azkenik, euskararen egunean egingo dutena azaldu die Maitek. Tximeletak mendian abestiartekin antzerki bat egingo dute bost urtekoekin batera. Horretarako, batzuk tximeletak izan behar dute, beste batzuk erleak eta beste batzuk loreak. Bakoitza zer izango den erabaki ondoren, etxerako prestatu eta etxera joan gara.
Hau izan da gaurkoa, bihar artee!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario