Gaur egun berezia izan dugu, San Martin eguna dela eta ospakizuna izan baitugu. Lehenengo, beti bezala, arduradunak bere lanak egin ditu. Honi pixka bat kostatu zaio, zenbat etorri garen kontatzerakoan dezentetan nahastu da eta Maitek lagundu behar izan dio. Gainera, ez zekien zer egin behar zuen momentu bakoitzean, beraz, borobilean daudenean ez da adi egoten. Oso zaila da hainbeste ikasle dituzunean denak adi dauden edo ez kontrolatzea, arduraduna izatea tokatzen zaienean konturatzen zara adi zein egoten den eta zein ez. Gainera, berak aitortu du ez dela adi egoten. Maitek esan dio, erne egon behar dela eta ez zion zer egin behar zuen esaten, pistak ematen zizkion baina berak esan arte ez zuen ezer esaten. Ondo iruditu zait berak ez esatea, bestela, hurrengo egunetan ere ez da adi egongo, badakielako bestela irakasleak esango diola. Horrela, ordea, ikasiko du eta adi egongo da.
Gero, San Martin eguna dela esan die Maitek. Honekin batera pixka bat azaldu die zer egiten zen garai batean egun honetan, hau da, txerria hiltzen zela negurako janaria izateko. Gaiaren ipuinean ere hori gertatzen da, eta beraz, egun hau ipuinarekin lotu du. Egokia iruditu zait azalpen motz bat ematea ikasleei, jakin beharra daukatela iruditzen baitzait ohitura horiek zergatik dauden eta ez dela txerria hiltzeagatik hiltzen, arrazoia badagoela. Gainera, gaiarekin lotzea ere oso egokia da.
Asteburuan irakurtzeko ipuina aukeratu dute ondoren. Bakoitzak ipuin bat aukeratu du eta fitxan izenburua idatzi behar zuten. Batzuei asko kostatu zaie beraien ipuinaren izenburuaren txarteltxoa aukeratzea, baina beste batzuk berehala aurkitu eta idatzi dute. Normala da aldeak egotea eta gehien kostatzen zienei lagundu diegu pixka bat Maitek eta nik. Nire ustez beharrezkoa da batzuei laguntzea, horien zain egon beharko bagenu gainontzekoak asko aspertuko balirateke.
Ikasle guztiek margotu dituztenez beraien makilatxoak, Omako basoa irudikatu dugu ikastetxe honetako irakaslea izan zen emakume baten omenezko harriaren ondoan. Oso polita gelditu da, begira argazkia:
Gaur atsedenaldian San Martin eguna ospatzeko gaztainak jan behar genituenez eta kanpoan geundenez, gurasoek gaztainak danbolinean nola erretzen zituzten ikusteko aprobetxatu dugu. Asko gustatu zaie ikasleei nola erretzen zituzten ikustea. Ideia ona iruditu zait ikustera joatea, jaten dutena nola egiten den ikustea garrantzitsua baita eta askok ez zuten inoiz ikusi.
Gero ingelesa eta gaztelera izan dituzte eta bitartean Maitek eta nik gaztainak hartzeko kukurutxoak egin ditugu egunkari zatiekin.
Gaur pixka bat luzatu dugu atsedenaldia, gaztainak jan dituztenez denbora gutxi geratu baitzaie jolasteko. Begira zeinen itxura ona duten!
Baina lanerako garaia ere iritsi da. Gelara joan eta ikasketa kooperatiboa lantzeko orri birakorra egin dugu. Irakasleak talde txikitan banatu ditu ikasleak eta fitxa bat bete behar zuten denen artean. Gometxak itsatsi behar zituzten txandaka, orden bat jarraituz. Talde gehienek ondo egin dute, baina batean arazoak egon dira. Gehienetan ondo lagundu diote elkarri lagundu baitziezaioketen elkarri, baina ezin zioten esan zein koloretako gometxa tokatzen zen, lagundu bakarrik egin zezaketen horrelako pistak emanez: horia eta gero zein kolore da? seguru urdina dela? Batzuk baldintza hau ez dute ondo bete eta zein kolore jarri behar zuten esaten zioten ondokoari. Ondoren Maitek esan die batzuk gaizki lagundu dutela eta gaizki egin dutenak konturatu dira, beraz, seguru hurrengorako ikasi dutela. Oso garrantzitsua iruditu zait jarri duen araua, hau da, ezin esatea zein kolore jarri behar zuten, bestela batzuk bakarrik egiten baitute lan guztia eta horrela denek hartzen dute parte eta pentsatzen dute. Gero denen aurrean gaizki egin dutela esatea ere egokia iruditu zait, beraiek kontura daitezen eta horrela hurrengoan egin ez dezaten.
Ondoren gaiaren ipuinaren abestia eta San Martin eguneko abestia abestu ditugu, besteak beste. Hau da ipuinaren abestiaren letra:
IPUINAREN ABESTIA
Txirrita jauna,
uda osoan,
Txirritn-txin-txirrin!
ez duzu lanik egin
Gero neguan,
elur artean,
Ez duzu janik
aurkituko parkean
Aizu inurri
Jakin ezazu
Kantua dela
Janari samurrena
Txirrita jauna,
udazkenean
Txirritn-txin-txirrin
ez duzu lanik egin
Gero neguan
elur artean
Ez duzu janik
aurkituko parkean
Aizu inurri
Jakin ezazu
Kantua dela
Janari samurrena
Arratsaldea hasteko, arduradunak bere bazkaria idatzi du arbelean. Atentzioa deitu dit, silaba bat nola idazten den ez bazekien gelakorenbaten izenak ba al zuen galdetzen ziola irakasleak eta horrela gelakoaren izena errepikatuta berehala asmatzen zuen nola idazten zen. Oso metodo ona iruditu zait izenekin erlazionatzea, horrela errazago ulertzen baitute. Gainera, oso ondo idatzi du dena eta Maitek oso ondo ari zela esan dio behin eta berriz. Oso egokia iruditu zait hau esatea, gaizki egiten dutenean bakarrik ez baitzaie esan behar, ondo egiten dutenean ere esan behar zaie eta horrela gusturago egingo dute hurrengo batean.
Gero erabilera anitzeko gelara joan gara jolas bat egitera, han leku gehiago baitago. Jolasa ondorengoa zen: ikasle bakoitzak gometxa bat zeukan kopetan itsatsita. Lau gometx desberdin zeuden (gorri borobila, izar horia, triangelu urdina eta lauki berdea) eta ikasleek beraien gometx berdina zuten kideekin elkartu behar zuten hitz egin gabe, keinuen bidez. Batzuk berehala aurkitu dituzte beraien gometx berdinak zituzten kideak, beraiek itsatsita zeukaten gometxa ukituz eta keinuen bidez. Beste batzuei, ordea, gehiago kostatu zaie. Hau normala da, denak ez baitira berdinak eta gehiago kosta zaienei Maitek lagundu die, ukitu al duzu zure gometxa? bezalako galderak eginez. Ondo iruditu zait laguntzea, hauek ez baitzekiten nola aurki zitzaketen beraien taldekideak.
Ondoren ordenagailu gelara abiatu gara, atzo ez baikenuen saiorik izan. Baina gero konturatu gara oraindik ez zela ordua eta berriro erabilera anitzeko gelara bueltatu gara. Bertan ordenagailu gelan gero erabili behar zuten programa azaltzea pentsatu du Maitek, baina ordenagailu horretan programa hori ez zegoenez, goizean ateratako argazkiak ikusi ditugu. Maitek ondo jakin du nola bete programatu gabeko denbora eta hau oso garrantzitsua da irakasle profilean.
Pasa dira, ordea, falta ziren hamabost minutuak eta ordenagailu gelara joan gara. Gaur ezin zuten nahi zuten programetan ibili, berak esandako programa batean bakarrik ibil zitezkeen, denek bete dute araua eta oso gustura ibili dira. Joku batzuetan ez zekiten zer egin behar zuten eta azaldu egin behar izan diegu baina orokorrean galdetu gabe asmatu dute. Oso gustura sentitu naiz laguntzen, eta nik azaldutakoarekin asmatu dutela ikustean.
Ordua amaitu denean etxerako prestatu gara eta listo, bukatu da hirugarren astea ere, hegan pasatzen zaizkit egunak Pello Errotan!
No hay comentarios:
Publicar un comentario