Gaurko eguna ez da besteak bezalakoa izan, irteera motz bat egin baitugu bost urtekoen gelako ikasle baten baserrira. Bi gelatako ikasleak joan gara txangora. Gelara iritsi eta bikoteka jarri dira ikasle guztiak ilaran. Zenbat ikasle etorri diren kontatu du irakasleak, hiru falta ziren, baina bat berehala etorri da. Beste biek ez zutela etorri behar bazekien.
Ondoren, poliki-poliki baserrirantz abiatu gara. Baserria ez dago eskolatik oso gertu, baina ezta oso urrun ere, haurrak oinez joateko leku egokia da eta bidea ere bai. Hala ere, batzuk berehala hasi dira nekatu direla esaten, baina baserrira iristeko gai izan dira. Bidean geldialdi batzuk egin ditugu, denen erritmoa ez baita berdina. Hau ondo iruditu zait, nahiz eta batzuk beharrik ez izan, beste batzuk atzetik baitzetozen eta taldea ez sakabanatzeko beharrezkoa zen.
Geldialdiak gainera, zuhaitzen eta gaiaren inguruan hitz egiteko aprobetxatu dituzte bi tutoreek. Zuhaitzetatik hostoak hartu eta zein zuhaitzena den, nolako forma duen, zuhaitz horrek zein fruitu ematen duen...azaldu dute. Egokia iruditu zait hau egitea, ikasleek gogoratu behar baitzuten ez direla denbora pasatzera joan, gaiari buruz gehiago ikastera baizik.
Baserrira iritsi garenean, ikaslearen aitak bertan dituzten zuhaitz mota guztiak eta animaliak erakutsi eta azaldu dizkigu, gure inguruan ere biodibertsitatea dagoela ikusteko. Ondo iruditu zait, gelan lantzen ari garena inguruan ikusteko aukera izanda aprobetxatzea, biodibertsitate hitza arrotza baita ikasleentzat eta horrela beraien begiekin ikusiz hobeto ulertuko dute kontzeptua. Asko daki gizon honek eta oso gustura egon naiz bera entzuten. Hala ere, ikasle asko ez dira oso erne egon, loreak biltzen eta beraien artean hitz egiten egon dira. Nahiz eta Maitek eta nik askotan esan diegun entzuteko, ez digute kasu askorik egin. Oraindik txikiak dira eta hainbeste denboran atentzioa mantentzea asko kostatzen zaie, baina ez nuen uste hainbeste kostatuko zitzaienik.
Gero, hamaiketakoa jan eta eskolarantz abiatu gara. Gehienak nekatuta zeudela esaten zuten, baina azkenean iritsi gara eskolara. Atsedenaldiko ordua pasa denez, komunera joan eta jangelakoek mantalak jantzi dituzte.
Gero borobilean eseri eta txangotxoari buruz hitz egin dugu. Maitek ikaslearen aitak azaldu duen zerbait esateko esan die eta gehienek ez zekiten zer esan. Orduan, Maitek ez direla adi egon esan die eta adi egon behar dela. Maite konturatu da bertan ere, ez direla adi egon, baina gelan esanez, beraiek adi egotea zeinen garrantzitsua den ikusiko dute, gero kontatu egin behar baitzuten.
Irteera honetan ikusi dut zeinen beharrezkoa den irakasleen artean komunikazioa eta bi hauen artean badago, beti laguntzen diote elkarri eta batek gauza bat esaten badu besteak ez du zuzentzen, beti laguntzan dute elkar. Gainera, elkarrekin egiten dituzte hainbat irteera eta ekintza, eta hau, garrantzitsua da ikasleen arteko harremanetarako ere.
Liburutegi txokoan egin beharreko fitxa azaldu du gero. Hostoak kolore orden bat jarraituz margotu behar zituzten. Gaur ez dugu arduradunaren lanik egin, goizean ez baikara gelan egon eta arratsaldean salto gelara goazenez ez da behar, beraz, Maitek aldatu ditu txokoak.
Liburutegi txokokoek fitxa hori egin eta nahi zutena egin dute, batzuk ordenagailura joan dira, beste batek zenbakiak landu ditu eta beste batek izenak eta abizenak. Oso ondo egin dituzte, nahiz eta hasieran pixka bat kostatu zaien. Esan behar dut, hasieran nahi zutena egiteko esandakoan ez zekitela zer egin, baina Maitek izenak edo zenbakiak egiteko esan dienean berehala hasi dira. Beharrezkoa iruditzen zait horrelako gauzak egitera animatzea, bestela ipuin bat hartu eta horri begira egoten dira eta beharrezkoa da horrelako gauzak lantzea, gainera gustura egiten dute, baina ez zaie beraien kabuz gogoratzen. Margotegi txokokoek karpeten bigarren zatia amaitu eta hostoak margotu dituzte tenperekin. Eraikuntza txokokoek arbelean izenak idatzi dituzte batzuk eta beste batzuk puzzleak egin dituzte eta etxe txokokoak oso gustura ibili dira.
Amaitzeko antton eta anttoniren abestia abestu dugu.
Bazkaldu ondoren, salto gelara joatea tokatzen zenez, bertara joan gara. Zapatak kendu eta borobilean eseri gara arauak gogorarazteko. Jangelan geratzen den mutiko batek zaintzaileak janaria ahora eramatea nahi zuen eta honek Maiteri kontatu dio. Maitek momentu hau aprobetxatu du berarekin hitz egiteko eta ume txikia ez denez bakarrik jaten badakiela esateko. Ondo iruditzen zait horrelako gauzak aipatzea, askotan iruditzen baitzaie irakasleak ez direla ohartzen jangelan pasatzen denaz eta ez da horrela. Gainera, denen aurrean esanda jarrera aldatzeko posibilitatea handiagoa da, ikaskideek ere entzun dutenez hurrengoan gogoraraziko diote Maitek esandakoa.
Goizean mutiko bat ez da etorri eta irakasleak zergatik ez den etorri galdetu dio, honek txertoa jartzera joan dela esan dio eta gaizki pasa duela, negar egin baitu. Minik egin al dion galdetutakoan ezetz esan du, beraz, beldurragatik egin du negar eta ez dela negar egin behar esan dio.
Ondoren, aparrezko blokez egindako pareta bota eta jolasa hasi da. Gaur liskarrenbat edo beste izan dute, gehienbat materialengatik eta nahi gabe min emateagatik. Gela honetako haur batzuk nahiko astakiloak dira eta ez dira kontuz ibiltzen, beraz, min ematen diote elkarri, hala ere, nahi gabe izan dela esandakoan laster konpontzen dituzte arazoak. Normalean, arazoak dituztenean Maite edo nigana etortzen dira baina Maitek beraien artean konpontzeko esaten die askotan. Hau ondo iruditzen zait, ikasi beharra baitaukate beraien artean hitz eginez konpontzen.
Beti bezala, batzuk jolas sinbolikoan eta beste batzuk motorean ibili dira. Sinbolikoan mutil batzuk eta neska gehienak ibili dira eta motorean, berriz, neska bat bakarrik zebilen mutil artean. Honek asko harritu nau, neska hau beti egoten baita beste neska baten ondoan eta honek egiten duen guztia egiten du. Gaur, ordea, mutilekin ibili da besteari kasurik egin gabe. Ematen duenez hasi da aurpegi pixka bat egiten eta nahi duena egiten beti besteak egiten duena egin beharrean, hau poztekoa da.
Ondoren, atentzioa deitu didaten egoerak kontatuko ditut. Esaterako, neskato bat taldetxoan eraiki duten etxean sartuta egon da denbora asko, besteei sartzen utzi gabe. Ondoren, atera egin da eta besteak sartu dira. Orduan, besteek ez diote honi sartzen utzi eta haserretu egin da. Maitek egoera hau ondo bideratu duela iruditu zait. Neskari beregana joateko esan dio eta beste inor ez zegoen leku batera joan dira. Bertan, zer gertatu den azaltzeko eskatu ondoren, nola sentitzen den galdetu dio. Honek gaizki esandakoan, besteak ere lehen sartzen utzi ez dienean horrela sentitu direla esan dio. Horrela ulertu du, guri egitea gustatzen ez zaiguna besteei ere ez zaiela gustatzen. Maitek oso lasai hitz egin du eta asko gustatu zait nola bideratu duen egoera.
Beste neskato batek ia saio osoa soka hartu eta soka saltoan pasa du. Besteak ikusten ditu saltoka, baina berari ez zaio atertzen, hala ere, ez du etsi eta saiatu eta saiatu aritu da saio osoan. Harritu egin naiz ez dela aspertu ikustean, normalean gauza bat ateratzen ez bazaie segituan etsitzen baitute, baina honek ez du etsi. Egia esan, neska hau oso inbidiosoa da eta besteek egiten duten guztia egin nahi izaten du, beraz, horregatik izan daiteke, besteei ateratzen zaienez eta berari ez, ikasi egin nahi duelako.
Mutiko bat altura batean eserita zegoen geldi-geldirik. Maite berarengana joan da eta ea kamioi edo “eskabadora” baten gainean eserita al zegoen galdetu dio. Honek ezetz erantzun dio, geldirik zegoela. Maitek alde egin bezain pronto “eskabadoraren” gainean zegoela imajinatu du. Harrigarria iruditzen zait, Maiteren hitz pare batekin jolasera nola animatzen diren ikusita.
Gero, Maitek atera egin behar izan du momentu batez eta bakarrik gelditu naiz gelan. Hasieran inseguru sentitu naiz guztiekin ni bakarrik gelditzean, baina gero gustura egon naiz. Gainera, konturatu naiz mila begi eduki behar direla ikasleekin eta salto gelan oraindik gehiago, etxe batean zapiak ondo jartzen laguntzen ari zaren bitartean, beste bi haserretu baitaitezke. Bakarrik egon naizen momentuan bik arazo bat izan dute, batek nahi gabe behatza sartu dio besteari begian. Arazoak hitz eginez konpontzen direnez hitz egiteko esan diet eta segituan konpondu dute. Oso gustura sentitu naiz arazo bat konpontzeko gai naizela ikusitakoan.
Azkenik, bukatzeko gutxi falta zela abisatu die eta ondoren, jolasa amaitu dela esan die. Jaso ondoren, batzuk marrazkiak egin dituzte eta beste batzuk eraikuntzak. Zapatilak jantzi eta etxera joan gara.
Gaurkoa egun nekagarria izan da ikasleentzat, hala ere, bihar energiaz beterik itzuliko dira!
No hay comentarios:
Publicar un comentario